GARA > Idatzia > Kultura

Bertsolari Gazteen XV. BBK Sariketaren finala gaur jokatuko dute Ipar Uribek eta Busturialdeak

Bertsozaleek hainbat hitzordu izango dituzte egunotan aukeran. Durangon gaur jokatuko dute Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finala; eta etzi, Aramaion, Arabako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalerdia.

GARA | DURANGO

Durangoko Plateruena kafe antzokiak hartuko du gaur Bertsolari Gazteen XV. BBK Sariketaren finala; Bilbotik kanpo lehenengoz jokatuko duten saioa, hain zuzen ere. 18.00etan abiatuko da, eta sarrera doan eskuratu ahal izango da, betiko legez. Oholtzan, Ipar Uribe eta Busturialdea taldeen artean izango da lehia. Izan ere, sariketaren arauek agintzen dutenaren arabera, parte hartzen duen talde bakoitzak Bizkaiko eskualde baten ordezkari aritu behar du, sei kiderekin, eta hala izango da.

Horiek hala, Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Ipar Uribe eta Lea-Artibai aritu dira Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta BBK-k antolatzen duten sariketa horretan parte hartzen; otsailaren bukaeran hasi zituzten sailkapen-saioak.

Saio horietan, bestalde, multzo bi bereizi dira: Bilboaldea, Busturialdea eta Lea-Artibai, batetik; eta, Arratia, Ipar Uribe eta Durangaldea, bestetik. Multzo bietan euren arteko liga jokatu dute, eta Busturialdea eta Ipar Uribe gailendu dira.

Horrenbestez, finalean arituko direnak hauek dira: Imanol Uria, Maialen Markaida eta Jone Uria (18 urte artekoetan) Ipar Uriberen ordezkariak, eta Busturialdeko Aitor Beitia, Beñat Romero eta Amaia Aurrekoetxea. 19 eta 24 urte bitartekoei dagokienez, berriz, Arrate Illaro, Peru Vidal eta Itsaso Paya (Ipar Uribe) lehian izango dira Amaia Uriberen, Olatz Ibarluzearen eta Ander Elortegiren aurka (Busturialdea).

Talde txapeldunak 1.260 euro eramango ditu (210 euro sei kideetako bakoitzarentzat), eta talde azpitxapeldunari 900 euro emango dizkiote. Bizkaiera egokiena darabilenari 140 euroko saria emango diote, eta beste 70 euro, finalistarik gazteenari. Epaimahaia Iñigo Olabarrik, Jose L.Basterretxeak eta Juanjo Respaldizak osatzen dute, eta aurkezle lanetan Bernardo Mandaluniz izango da.

Arabarrak, azken txanpan

Bestalde, igandean Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrea jokatuko dute Aramaioko kultur etxean, 17.30ean. Bertan, aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketako finalistak zeintzuk diren ebatziko da. Lierni Altuna arituko da gai-emaile; eta lehian, aldiz, hauek: Gasteizko Oihane Perea, Asier Otamendi eta Juan Mari Juaristi , Andere Arriolabengoa (Aramaio), Rikardo Gonzalez de Durana (Oreitia) eta Serapio Lopez (Baranbio).

Nafarroako txapelketako finala, bihar, Elizondon

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hiru finalaurrekoak Etxarri Aranaztik, Goizuetatik eta Berriozartik pasatu ostean, finala Elizondoko Lur aretoan jokatuko dute bihar, 17.30ean. Finalisten zerrendan ez da sorpresa handirik izan, Bertsozale Elkartearen esanetan. Zortzikotea arituko da lehian: Iñigo Olaetxea (Lesaka), Jon Barberena (Elizondo), Bittor Elizagoien (Oronoz-Mugairi), Julen Zelaieta (Bera), Joxe Juan Zubieta «Etxabe» (Lesaka), Xabier Silveira (Lesaka), Erika Lagoma (Iruñea) eta Migel Mari Elosegi (Leitza). Epaile gisa, Joxe Urroz, Mikel Bujanda, Jon Abril, Saioa Mitxelena eta Gaizka Sarasola.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo