GARA > Idatzia > Kultura

Barricadaren 25. urtemugako bi kontzertuen aurretik, Atarrabian «gau barrikeroa» izango da

GARA | IRUÑEA

Iruñeko Txantrea auzoan 1982. urteko apirilaren 18an igo ziren lehen aldiz Barricadako kideak oholtzara. Taldeak 25. urtemuga betetzen du aurten, eta ekitaldi ugari prestatu dute herrialdean. Horien artean, esaterako, hilaren 30ean eta 31n Atarrabiako Indurain Anaiak kiroldegian «musika eta sopresa askoko» kontzertuak izango direla adierazi du taldeak; bietarako sarrerak, baina, agortuta daude.

Nolanahi ere, Barricada protagonista izango duen beste ekimenik ere izango da lehenago. Datorren ostegunean, 22.00etan, Atarrabiko Totem aretoak gaualdi berezia hartuko du; «Noche barrikera» (gau barrikeroa) deitu diote.

Dozena bat talde arituko dira oholtzan, betiere Barricadaren bildumako kantak agertzen bertaratutakoei. Aski ezagunak diren abestiak honako talde hauen eskutik gozatzeko parada izango da, doan: La Lengua Trapo, Mr. Fylyn, Feel, 4x4, Estrago, Motobomba, Keltiar Aldea, El Portal de Jade, Iru Amets, Nada Nuevo, ZTK Rap eta Airam.

Gainera, Barricadak sinatutako gitarra bat eta bestelako oparirik ere zozketatuko dute aretoan. Antolatzaileek jakinarazi dute «sorpresarik» ere izango dela, bai eta Barricadako kideak bertan izango direla ere.

Bestalde, taldeak urtemuga biribila betetzen duela kontuan hartuta, hilabete honen hasieran Atarrabiako Udaleko Kultura Batzordeak 2007ko Vianako Printzea Saria Barricadari ematea proposatu zuen. Hori lortzeko merezimenduak «beharrezkoak baino gehiago» direla esan, eta bide batez saria gizarteko sektore gazteenari hurbiltzeko balio dezakeela nabarmendu zuen. Proposamen hori Barañaingo Udalak berretsi du orain, Nafarroako rock-and-roll talde esanguratsuenaren alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo