GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

"Larunbatean 22-21 irabazi nuen partida, baina irabazi egin nuen"

Xabier SILVEIRA, TXAPELDUNA

Zuzena eta ausarta da. Hasi zenean, batzuek maite zuten adina ernegatzen zituen besteak. Nafarroako bosgarren txapela jantzi duen honetan, laugarrena segidan, lortu du bere tokia oholtzan, eta maitale asko, oholtza azpitik begira dituenen artean. Larunbatean justuan irabazi zuen partida, baina ondo gogoan hartzeko kartzelakoekin konpondu zuen arratsaldea. Pozik dago garaikurrarekin, eta bosgarrena buruan hartuta hasi nahi du Nafarroako bertsolaritza biziberritzeko bidea.

Amagoia MUJIKA | DONOSTIA

Nafarroako bosgarren txapela jantzi zuen Xabier Silveirak larunbatean. Finalaren hurrengo eguneko patxadarekin begiratu zion atzo txapel beltzari, eta aurreko egunean baino garrantzi handiagoarekin begiratu zion. Txapel hori jantzita, bosgarren hori, Nafarroako bertsolaritzan beharrezko ikusten dituen aldaketak aldarrikatzeko moduan dagoela sentitzen du.

Txapela zurea da. Eta ez balitz hala izango, zertan izango zen desberdina gaurko eguna?

Hasteko, egoera animiko ez euforiazkoa izango nuen. Bestetik, nahiko astindua geldituko zen nire zilegitasuna eta ez nuke hainbesteko legitimitaterik izango hemendik aurrera Nafarroako elkartean egin nahi ditudan proposamen zenbait egiteko. Txapelketak aldaketak behar ditu, eta hori da aldarrikatu nahi dudana. Hori borondate onenarekin egiten dut eta txapela jantzi izan ez banu, agian norbaitek pentsatuko luke aldaketa hori eskatzea haserrealdi baten ondorioa zela.

Zein aldaketa behar ditu, bada?

Ezin da gertatu, gertatzen den bezala, mila pertsona final bat entzutzera joan eta mila pertsona horiek aukeratutako bertsolariek urtean hamar saio bakarrik egin izana. Eskaparate bat eraiki ordez, bertsolaritzak bertsolariak sortu behar ditu. Horixe da Nafarroan aldatu beharrekoa, beste herrialdeek bizi duten egoerara iritsi ahal izateko.

Nafarroan bertsolaritzak gehiegi begiratzen dio txapelketari?

Erabat. Bertsolari nafarrek apenas daukaten aukerarik urtean zehar beren bertsokera garatzeko. Txapelketa da aukera bakarra, eta hori oso modu urria eta mugatua da aurrerapausoak emateko. Nafarroan urtean egiten diren saio gehienetan bertsolari gipuzkoarrak izaten dira. Nafarroako bertsolariak ezagutzera eman behar dira, urtean zehar gutxiengo saio batzuk izan behar dituzte, eta horretarako, irudimena lagun, moduak topatu behar dira elkartetik. Bestela, garai batean Nafarroan izandako bertso maila galtzeko arriskua dago.

Hurrengo urteko txapelketa desberdina izango da, ezta?

Hitz egiten ari garenaren arabera, datorren urtean taldeka herri arteko txapelketa jokatuko da. Beraz, bi urte ditugu gauza berriak martxan jartzeko, gure energia guztia txapelketari begira gastatu beharrean.

Jar gaitezen larunbateko saioari begira. Ederki kostatako txapela izan da bosgarren hau.

Lehenengo ofizioak sufritzen pasatu nituen. Ez neukan bukaerarik, ez zitzaizkidan etortzen, eta bertso bat baino gehiago egin nuen alderantziz; goitik behera joan eta bukaera behartu bat emanez. Ez nengoen batere eroso.

Eta kartzela hasi aurretik txapelak ez zuen zure izenik.

Kartzelara joan nintzen pentsatuz lau bertso nituela dena erabat izorratzeko edo txapela berreskuratzeko. Partida galtzen ari nintzela sentitzen nuen eta sakea hartuz gero, tanto guztiak egin behar nituela uste nuen, ezin nuela bat ere huts egin. Azkenean, 22-21 irabazi nuen partida, baina irabazi egin nuen.

Kartzelakoan izugarri luzitu zinen. Parean tokatu zitzaizun gaia.

Gaia asko gustatu zitzaidan. Zure nortasunetik abesteko aukera ematen dizuten gaiek nahiko emaitza onak ematen dizkidate niri. Nondik jo erabaki nuenean berehala etorri zitzaidan bukaera, zein esaldirekin bukatuko nuen erabaki nuen. Eta lehen bertsoa abesten hasi baino pixka bat lehenago ikusi nuen bukaerako esaldi berdinarekin hasi behar nuela. Eta hor izugarri sentsazio ona izan nuen. Banekien nondik hasi eta non bukatu, garbi ikusi nuen.

Akrobazia polita izan zen. Ariketa hasi eta buka «leihoan porruak errez» esaldiarekin.

Andoni Egañari entzun nion behin, gazte batzuei mintzo zitzaigula, nola 86ko txapelketako bertso sorta bat hasi zuen «tarrapatatan bandoa jotzen» esaldiarekin. Eta azaldu zigun nola sorta horrek biribila izateko azken errimak «tarrapatatan» izan behar zuen. Buruan neukan, aspaldidanik, hori lortzea izugarria izango zela eta finalean aukera hori ikusi nuen. Banekien horrelako zerbait gertatu behar zela saioari buelta emateko eta txapela jantzi ahal izateko. Ez dakit zortea deitu edo nola esan. Baina, bai, akordatu nintzen Egañaren «tarrapatatan» harekin, nahiz eta une horretan dena oso azkar doan.

Zuretik kantatzeari onura ateratzen diozula esan duzu lehen. Kartzelakoek asko zuten zuretik, ezta?

Bai. Sentsazio horiek, maiteminarenak eta maite-poza bukatzearenak, luze irauten dute eta oso presente egoten dira. Gainera, denori gertatu zaigu noizbait halakorik eta jabetzen nintzen jendea oso sentibera dela horrelako gaiekin. Sentitu nuen ondo eginez gero, entzuleria irabazteko moduan nengoela.

Hartara, egitik eta gezurretik zuten bertsoek.

Zuretik kantatuta ere, izenak eta lekuak aldatzen dituzu, baina, gehienetan, bakarkakoetan esperientzia pertsonalak baliatzen dituzu. Bertso askok egitik zati handia dute, eta gezurrek apaindutakoak izaten dira. Atzokoek gezurren bat badute tartean eta, bota eta gero, gezur gehiago esan behar izan ditut.

Gerora azalpen asko eskatu dizutelako?

Azalpen asko ez ematearren gehienbat, jende askok galdetu baitit ia egia den.

Botatako bi agurrek, bi eskaintzek, ez zuten batere gezurretik.

Agurretan, puntuen beldurrik gabe, dena libre ulertzen dut. Gezur gutxi ziren hor, eta, zoritxarrez, egi asko; batzuk kartzelan eta besteak une txarrak pasatzen. Ez da erraza, baina emateko zerbait ona daukazunean, indar pixka bat atera, eta eman egin behar da. Asko betetzen zaitu ondo eginak.

"Txarrena eta onena sentitu naiz"

Bosgarren txapelarentzat grina berezia zenuen.

Bai eta ez. Bosgarrena bada berezia, baina, batez ere Nafarroako txapelduna naiz, eta inork ezin ditu eztabaidatu nire bost txapelak. Gaizki egiten dudanean oso erraz aurkitzen dituzte gaizki egindakoa justifikatzeko arrazoiak. Niretzat garrantzitsua zen ataka hau erori gabe pasatzea. 

Zein fase bizi duzu zure bertso ibilbidean?

Egia esan ez dakit zein fasetan nagoen. Konturatzen naiz ez dudala asko aurreratu teknikoki, baina, era berean, gai naizela hiru orduz jarraian bertsotan egiteko, eta baita bertsokiderik gabe aritzeko ere.

Zein da daukazun arantza gaziena?

Euskal Herriko txapelketan egin nuenak ez dauka barkamenik, nire buruak lan handia dauka hura barkatzen. Askotan oroitzen naiz nire ardura izan zela aurrera ez egitea inoiz baino bertsolari hobea nintzen garaian, eta badakit urriaren 9 hartan egin nuena egin izan ez banu, bide polita osatuko nuela.

Eta hurrengo Euskal Herrikoa pasatu al zaizu burutik?

Pasatu zait, epe luzera etorriko dela badakidalako. Zain nago, baina badakit beste gauza batzuk jorratu behar ditudala asteroko bertso saioetan hori etortzen denean nahi dudana gerta dadin, nahi dudan maila emateko.

Irregularra zarela diote.

Onena eta txarrena sentitu naiz askotan, eta horri konponbidea jartzeko modua ez da erdibideko bertsoak botatzea, horretarako nahiago dut isilik geratzea. Sekretua da, nire ustez, bertsotarako norberaren egoera onena deskubritzea eta saioetan egoera hori sortzen asmatzea. Hori da gakoa, lortu nahiko nukeena. Amagoia MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo