GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sortzen-en aburuz, Lakuaren hizkuntza eredu berriaren proposamenak gabeziak ditu

Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak argi dauka egungo hizkuntza ereduen sistemek porrot egin dutela. Horregatik, ongietorria egin dio Lakuaren proposamen berriari, baina gabezia handiak dituela nabarmendu du.

Mikel JAUREGI |

«25 urteotan frogatuta geratu da egoera diglosiko honetan euskararazko murgiltze eredua dela benetan ikasle euskaldun eleanitzak lor ditzatekeen eredu bakarra», adierazi zuten atzo, Andoainen emandako prentsaurrekoan, Sortzen-Ikasbatuaz-eko kide Bego Bitorikak eta Julen Etxeberriak. Ondorio horretara iritsita, eta orain arteko sistemen «porrota agerian» geratu denean, «ongietorria» eman zioten Lakuako Gobernuak egin berri duen proposamenari: «Gaurko hizkuntza ereduen sistemak egiten duen kalte ikaragarria kontuan hartuta, ezinbestekoa den saiakera da».

Hala ere, ahalegin horrek gabeziak dituela ohartarazi zuten, ez diolako «behar bezala» eusten gaiari. «Proposamen argi bat mahai gainean jarri beharrean, zehaztu gabeko honekin nahasmenera bueltatzen ari da», beren iritzian, Hezkuntza Saila. «Lehen hurbilketa eginez, asmoen adierazpena dela deritzogu. Hizkuntza markoa zehazten du, baina ez du edukiz betetzen. Ez du gutxienekoa zehazten, eta larria deritzogu horri».

Hain justu, gutxienekoak finkatu beharra azaldu zuten eredu bakarra planteatzen denean -«malgutasuna aipatzen baitu jarraian»-, hizkuntza nagusia euskara izango dela esaten denean -«ez da gehiago zehazten, eta gauza ezberdinak ulertzeko aukera ematen du; adibidez, B ereduaren antzeko kontu ezkutua»- eta irakaskuntza sendotzeko bitartekoak «orokorrean» aipatzen direnean.

Iruñetik eta Paristik, «erasoak»

Lakuaren proposamenean argi-ilunak ikusten baditu, Nafarroako Gobernutik eta Parisekotik «erasoak» baino ez datozela salatu zuen Sortzen-ek.

UPN-CDNren Gobernuari dagokionez, honakoa azaldu zuten: «Euskara eta euskal kultura desagertzeko politikari jarraiki, herritarron hezkuntza eskubideak ukatzen dituen bideari heldu dio. Euskal irakaskuntzaren garapena gelditzea hartu du helburu nagusitzat». Horren isla ei da ingelesezko ikastetxeak ezartzeko hartu duen erabakia: Errotxapean, Zizur Nagusian...

Hezkuntza Ministerio frantsesak, aldiz, «27 ikastetxe publikotan lanpostu elebidunak desagerrarazi ditu, ikastoletako ikasle hazkundeari erantzuteko giza baliabiderik ez du ipini eta kristau eskola elebidunetako behar berriei erantzuteko atal gehigarririk ez du jarri». Parisek, «aurpegia zuritzeko», Euskararen Erakunde Publikoan konpromiso batzuk hartu zituela gogorarazi ostean, EEP «euskal irakaskuntzaren aldeko mugimendua lokartzeko helburuarekin sorturiko tresna» dela salatu zuten.

Horregatik, Hirusareta plataformak apirilaren 7an Baionan deitu duen manifestazioari babesa azaldu zion Sortzen-ek.

Arabako errioxa

Aurtengo aurretiko matrikulazioa 2004an jaiotako haurrek eginikoa da. Arabako Errioxan, ikastoletan izen-emandakoak % 56,8 dira. Ikastolak dituzten herrietako 132 ikasleetatik 75ek jo dute horietara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo