GARA > Idatzia > Euskal Herria

IAk greba eguneko istiluen inguruan EHUk zabaldutako bertsioa erabat gezurtatu du

Martxoaren 29an istiluak egon zirela ziurtatu zuen atzo Ikasle Abertzaleek, baina EHUk esandakoaren kontra, Campusetako segurtasun indarrek sortu zutela argitu zuen. Izan ere, horien oldarraldiaren ondorioz, Leioako Campusean bost gazte kolpatu zituzten.

GARA |

Ostegunean Ikasle Abertzaleek unibertsitate esparruan deitutako greba orokor arrakastatsuaren ondorioek zeresan ugari eman zuten atzo. Izan ere, Ikasle Abertzaleek, EHUk eta hainbat hedabidek plazaratutakoaren kontra, martxoaren 29an ikasle edo pertsonal unibertsitarioarekin arazo eta istilurik izan zenik gezurtatu zuen . Are gehiago, EHUko ikasle sindikatu nagusiak prentsa ohar baten bitartez ziurtatu zuenez, ez eurek ezta unibertsitate horretako Ikasle Kontseiluak ere ez dute gai honen inguruko informaziorik jaso unibertsitatetik.

Dena den, Ikasle Abertzaleek argitu zuenaren arabera, «egiaztatu ditzakegun istilu bakarrak ikasleen eta UPVk kontrataturiko segurtasun enpresetako langileen artean izan dira Leioa eta Gasteizko Campusetan». Bi kasu horietan, Ikasle Abertzaleek zehaztu zuenez, «segurtasun zaindariak izan ziren ikasleen aurka oldartu zirenak, Leioako kasuan, Campusaren ateetako batean jarrita zeuden ikasleen aurka oldartu baitziren borra eta guzti». Erantzun bortitz horren ondozioz, IAk jakinarazi zuenez, «bost ikasle inguru kolpatu dituzte besoetan eta buruan, eta protecsetako batek belauna bihurritu du». Gasteizko Campusean berriz, segurtasun pribatuko kideek «ikasle multzo bat liburutegian 20 minutuz giltzaz itxi zituzten eta beste ikasle bati zauriak eragin zizkioten», nabarmendu zuen IAk.

Bestalde, Ikasle Abertzaleek EHUk grebaren arrakastaren aurrean EHUk izandako jarrera salatu zuen. Izan ere, sindikatuaren ustez «%95etik gorako jarraipena izan zuen ikasleen greba bati eman behar dion erantzuna, gezurrak eta ke gortinak alde batera uztea da».

Hortaz gain, IAren ustez, «EHUko arduradunek, eurek kontrataturiko segurtasun enpresako kideen oldarraldiaren erantzukizuna bere gain hartu eta ikasleok Bologna prozesuari eman diogun ezezko borobilari dagokion terminoetan erantzun behar diote». IAren aburuz halaber, «behingoz, EHUk Bologna Prozesuaren aplikazioaren inguruan behin eta berriro ukatu duen eztabaida zabala ireki beharko lukeela, bai hezkuntza komunitatearen artean, bai jendartean oro har».

Oso bestelakoa izan zen EHUk emandako iritzia, bere esanetan «piketeen» jardunak klaseen etenaldiak sorrarazi zituela salatu zuen komunikatu baten bitartez. Horrekin batera, greba egunean «administrazioko pertsonalari, segurtasun zaintzaileei, ikasleei eta altzariei erasotu zizkioten», zabaldu zuen.

Gauzak horrela, gertakari horiek direla-eta, Euskal Herriko Unibertsitateak «bere gaitzespenik tinkoena» azaldu nahi izan zuen. Gainera, EHUren ustez, «jarrera horiek ez dute indakeria erabiltzen dutenak soilik deskalifikatzen, euren aldarrikapenak ere zilegitasuna galtzen du».

SALAKETA kalean

Eztabaida eta polemika horren gainetik, Ikasle Abertzaleek gogoratu nahi izan zuena «unibertsitate eta ikastetxeetako ikasleria» izan dela «ikasleon eskubideen urraketak salatu dituena Euskal Herriko kaleetan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo