GARA > Idatzia > Editoriala

Karrantzatik Iruñera: bizi da, biziko da

Euripean eta jendetzaren babesean egin zuen atzo bere azken etapa Korrika-ren hamabosgarren edizioak. Xabier eta Miren Amurizak idatzitako mezuak eta Nafarroako AEK-ko arduradun Aitziber Sarasolaren hitzek eman zioten amaiera. Hamaika egunean, 2.360 kilometroan, ez eguraldi kaskarrak ez traba instituzionalek, ez dute galarazi lasterketak herritarren sostengua jasotzea. Hori da, hain zuzen, Korrika-k ekarri duen, berritu duen egiaztapena: euskarak duen herri sostengu ikaragarria. Korrika-ren bidez leku eta mota guztietako jendeak, euskaldun zein ez, erakutsi baitio bere atxikimendua, herri honetan herritar gehienek bat egiten duten elementua delako.

Eta beste egiaztapen bat ere ekarri du Korrika-k: instituzioak herritarren atzetik, oso atzetik doazela sostengu horretan. Izan ere, euskal lasterketa jai handia da, baina ez litzateke ona ahaztea beharrak bultzatua dela eta, beraz, eskabidea ere badela. AEK, helduak euskalduntzeaz arduratzen den koordinakundea izaki, oso ondo ezagutzen ditu arlo horretan Euskal Herriko administrazioen jarrerak, zabarkeriatik erasora zabaltzen direnak. Horregatik da hain beharrezkoa engaiamendua, bakokitzaren eta denen konpromisoa; laguntzeko, bai, baina baita ikasi eta erabiltzeko ere, horrek baino ez baitu hizkuntzaren iraupena bermatzen. Hain zuzen ere, Korrika-k euskararen transmisioaren garrantzia nabarmendu du aurten, eta lan horretako protagonistak, euskal emakumeak, omendu ditu merezimendu osoz. Izan ere, Amurizatar aita-alaben mezuak dioenez, euskara bizi da eta biziko da, «ondorengoei hala bizitzeko modua utziko diegulako».

Bukatu da Korrika-ren hamabosgarren edizioa, inoizko luzeena. Bere lorratz koloretsua Euskal Herriko bazter guztietan utzita, milaka eta milaka herritarren pausoek Karrantza eta Iruñea lotuta. Bukatu da, baina euskararen lasterketa luzeak aurrera segitzen du, etxeetan, euskaltegi-eskoletan, lantegietan, kalean... Poeta zaharrak nahi zion «goien gradoa» ez da toki hautatuetan bilatu behar, euskararen «goien gradoa» euskal herritar guztien ahoan egotea izango baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo