GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskara bizi dela eta biziko dela adierazi dute 2.360 kilometro eta gero «bizi da, biziko da»

ukatu da hamabosgarrena; bukatu da Korrika. Iruñean amaitu zuen ibilbidea Karrantzan abiatutako lasterkertak. Berriro ere euripean. Baina aurtengo edizioak beste behin erakutsi du euskaltzaleak korrika hasten direnean ezerk ez dituela gelditzen. Hasi eta bukatu. Bi urte barru gertatuko den gisara. B

Larunbat gauean Endarlatsatik Nafarroan sartu zen Korrika eta tarte hori bereziki jendetsua izan zen. Bortzirietan ibili eta gero, Malerrekatik pasatu zen, eta Iturenen harrera berezia izan zuen, lekukoa iñauteritako hartzak eraman zuen-eta, joaldunek lagundurik. Goizeko 7.00ak aldera ailegatu zen Iruñerrira. Herri eta auzoetatik pasatzean, eguraldi txarrari aurre egin eta harrera hagitz ona egin zioten bertako bizilagunek.

Alde Zaharrean 9.00ak aldera sartu zen, eta hortik Arrosadia eta Iturrama auzoak zeharkatuta, Zizur Txikira iritsi zen. Hiriburutik atera arren, jende multzo handia ikus zitekeen Zizur Nagusira joan zenean. Berriro Iruñea aldera itzulita, Barañainen sartu zen, eta bigarren hiri nagusia izaki, jendetza izugarria ibili zen euskararen aldeko lasterketan. Mendebaldea auzotik pasa eta Donibanera iritsi zen goizerdi aldera, eta erran daiteke eguneko euri zaparradarik handienetakoa bota zuela momentu horretan. Hala ere, animatuak izan ziren donibanekoak, bertako Ahari Kultur talde- koek mozorroturik hartu baitzuten lekukoa. Zanpantzar taldeak lagundu zituen.

Errotxapea auzorantz jaitsi ziren ondotik Berriozarrera joateko. Bertan dantzariek egin zioten harrera Korrika 15i, eta Errotxapeara itzultzean, trikitilariek alaitu zuten lasterketa. Meritua horiena, hauspoari gelditu gabe eragin zioten-eta. Hala ere, dena ez zen alaitasuna izan; auzo horretako Patxi Larraintzar eskolako gurasoak euskararen aldeko pankarta jartzen ari zirela Udaltzainek multa jarri zieten Yolanda Barcinaren Udalak indarrean jarritako «hiritartasun» ordenantza aitzakia hartuta.

Gertakariak gertakari, lasterketak aintzinera segitu zuen, Antsoain herria zeharkatu eta Txantrearako bidean. Auzo horretara iristean azken kilometroak betetzen ari ziren, eta euskal gizarteko eragile aunitzek hartu zuten parte. Alderdi politikoetako ordezkariek eraman zuten lekukoa, hala nola, EAko Maiorga Ramirezek, ezker abertzaleko Pernando Barrena eta Arantza Santestebanek... Martxelo Otamendi izan zen «Berria»ren kilometroan lekukoa eraman zuena. Korrika 13n bera izan zen mezua irakurri zuena, «Egunkaria» itxi eta hilabete eta erdira. Udalbiltzak ere bertan egin zuen kilometroa. Ordezkariek zabaldutako oharrean ziotenez, «ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena egin du Korrika 15ek, eta Udalbiltzak ere bide horretan urratsak emateko konpromiso irmoa adierazi nahi du». Txantrean begibistan geratu zen auzo horretako euskararen aldeko jarrera, bertako balkoiak eta leihoak ikurrina eta Korrika-ko kartelez apaindu baitzituzten. Berriro Alde Zaharrera igotzeko, Labriteko maldan goran segitu zuten, sei orduz Iruñerrian zehar ibili ondotik.

Herri eta auzoak atzean utzi ziren, baina horietan lasterka aritutako aunitzek, beren auzoetan ibili eta gero azken kilometroetan Gaztelu plazara lagundu zuten lasterketa erraldoia. Vianako Printzearen Plazatik pasatzean, UPNren aurkako txistuak nagusitu ziren, bertan baitauka egoitza alderdi horrek. 2.360. kilometroa, eta azkena, AEK-ko Batzorde Nazionalak hartu zuen, ohi den bezala, eta lekukoa Nafarroako AEK-ko koordinatzaile Aitziber Sarasola eta Xabier Amuriza bertsolariaren artean eraman zuten.

Iritsiera hunkigarria

Gaztelu plazan jende andana ari zen lasteketa ailegatzeko esperoan. Inguruko kaleak animatzen zebiltzan txaranga eta zanpantzarrak. Plazan zehar ere hara-hona ibili ziren joareak astintzen. Horietako sei kidek Euskal Herriko mapa marraztu zuten, eta bertze bi, plazako eraikin batetik rappel eginez jaitsi ziren «heldu» hitzarekin. Lekukoa irakurtzeko prestatutako oholtzatik «Gora Nafarroa euskalduna!» oihu egin zuen Karmele Galartzak, irrintzi ozen batez lagundurik. Bera izan zen duela bi urte Orreagatik abiatu zen Korrika-ren arduraduna Nafarroan.

Segidan, bost bertsolari gaztek, denak emakumeak, bertso bana bota zuten, «Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari eta herriari» gai banatzat hartu zuten. «Karrantzatik Iruñeara, herri baten batasuna agerian» geratu dela bota zuen lehenak; «euri azpian korrika joan garen bezala, argi dago nahi den oro lor daitekeela» animatu zuen bigarrenak; Korrika helmugara iritsi arren ez dela amaitzen eta biharamunetik aurrera ere euskara erabiltzen segitzeko beharra azpimarratu zuen hirugarren bertsolariak, «dakigun apurrok erabiltzen dugun bitartean ez baita galduko». Azken bertsoak ere horixe gogoratu zuen: «Biharko egunean ez askatzeko gaur heldu dioguna- ri». Laugarren bertsolariak «hamabosgarrena zapaldu dugu eta milagarrenera ere iritsiko gara» bota zuen animaturik.

Eguerdiko 13.10ean iritsi ziren lastekariak Gaztelu Plazara, eta txalaparta soinuan egin zuten sarrera. Plazari itzulia egin zioten hainbertze lagunek, bertze aunitz sartu ezinik gelditu zirelarik inguruan. Milaka euskaltzale bildu ziren bertan.

Nafarroako ikurra, Ofizialtasunaren eta Independentziaren aldeko pankartak, presoen argazkiak, okupazioaren aldeko ikurrak... herritarren gisa guztietako aldarrikapenek zuten bere tokia lasterketa ikusgarri horretan. Kartzelan dagoen Xabier Errea eta Lorea Irigoien, joan den astean atxilotutakoa, gogoratu zituzten pankarten bidez. Itzulia egiten zen bitartean, bildutako jendetzak animo hitzak eta aldarrikapenak egin zituen euskararen, Euskal Herriaren, Korrika-ren eta AEK-ren alde. Horrez gainera, «Barcina, entzun; Iruñea euskaldun» entzun ahal izan zen.

Oholtza gainetik etorkizuna umeak diren arren, oraina helduena dela adierazi zuten, Koordinakundeak helduen euskalduntzean egiten duen lana nabarmenduta. Euskal emakumeek egindako lana berriro ere goraipatu eta gero, eurek baitira aurtengo omenduak, Xabier eta Miren Amuriza igo ziren mezua irakurtzera. «Orain arte bizi izan bada, hemendik aurrera ere biziko dela» izan ziren Amurizaren lehen hitzak euskararen inguruan. Ondorengoei euskaldun izaten segitzeko modua bermatu zaiela nabarmendu zuen, eta orain beren erantzunkizuna dela euskara mantentzea. Alabak, gazteen izenean eta konpromiso hori hartu zuen, «gazteria euskalduna izateko egin beharreko lana» esan zuen. Txistulari batek pieza bat jo eta Amurizarekin batean lekukoa oholtzara igo zuen Aitziber Sarasola mintzatu zen.

Inoiz izan den Korrika-rik handiena egin dela nabarmendu zuen lehenik eta behin, eta eskerrak eman zizkien hori horrela izatea posible egin eta AEK lagundu duten guztiei, Koordinadorearen izenean. Elkarlanari eta euskararen aldeko konpromisoari heltzeko deia egin zuen, azken hogei urteetan egin den lana goraipatu baina hemendik aintzinera euskararen normalizaioa lortzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuen: «datozen hogei urteek ez dutelako izan behar berriz ere euskaldun eta euskaltzaleen borondatezko lanaren uzta; aitortza behar du euskarak, herri honen hizkuntza izatearen aitortza, eta horretara jarri beharreko lege eta baliabideak, aitortza hori egi bihurtu dadin».

Izan ere, orain arte helduen alfabetatzean egindako lana «urteetan zehar egindako kideen ahaleginari esker» gauzatu da, baina «Euskal Herriko administrazio bereizietan tratamendu ezberdina» izanik, ibilbidea zaildu egiten dela azaldu zuen AEK-ko koordinatzaileak, horregatik, «2007an gauden honetan euskararen eremuak ez du oraindik bermerik normalizaiorako baldintza egokienetan lan egiteko». Ipar Euskal Herrian sortu duten Euskararen Erakunde Publikoak horretarako behar diren urratsak abian jarri dituela nabarmendu zuen, baina urrats horiek sendoak izan behar dutela argi utzi zuen. Lakuako Gobernuak ere urratsak egin dituen arren, hutsune aunitz dituela gogorarazi zuen, eta Nafarroako kasuan berriz, hizkuntz-politika berri baten beharra. Politika horrek euskaltegiak behar dituen baliabideak bideratu behar lituzke, beren lanari onarpena eman eta euskal irakaskuntza aintzat hartu, Sarasolaren hitzetan. Ofizialtasunak hori lagunduko lukeela uste du.

Bide batez, helduen euskalduntzearen garrantzia nabarmendu zuen «sektore estrategikoa» dela-eta. Haurrak euskal- duntzea etorkizunerako beharrezkoa izanik, ezinbestekoa deritzo horretarako egungo helduak euskalduntzeari. Admi- nistrazioaren erantzukizuna aipatu zuen, «helduak masiboki euskaltegietara bideratzeko neurriak» behar direlako.

Euskal lurralde guztietan ibili den lekukoak «gure nortasun agiria den euskara» irudikatu duela adierazi zuen Sarasolak, eta horrekin batera, «euskararen aldeko lana, Euskal Herria berreuskalduntzearen metafora, egindako lanaren saria, horretan segitzeko borondatea eta ausardia, eta gure hizkuntzak behar duen konpromisoaren giltzarria».

Egun Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa ere aipatu zuen, bere ustez «konponbidea ezinbestekoa da lurralde osorako hizkuntza politika gauzatu nahi badugu». Hori dela-eta, «herritarren eskubideen alde eta euren erabakitzeko eskubidearen alde» egiten den aldarrikapena Korrika 15ek eta AEK-k bere egiten duela adierazi zuen. Euskal herritarrak errespetatzea eskatu zuen Sarasolak.

Gainera, aurtengoan euskararen alde lan egin duten emakumeak omentzen direnez, parekidetasunaren aldeko aldarria egin zuen. Emakumeek hartutako konpromisoari gizon nahiz emakumeek eman behar dioten arren segida, parekidetasunaren aldeko mezuarekin amaitu nahi izan zuen Korrika-k, euskara antzeko egoeran baitago bere ustez: «Emakumeenak bezala, euskaldunon hizkuntza eskubideak ere zapaltzen direlako».

Amaia San Vicente AEK-ko prentsa arduradunak agurtu zituen Gaztelu Plazakoak. Eguraldi txarra zela-eta antolatutako ekitaldi gehienak bertan behera utzi beharko zirela jakinarazi zuen, baina Alde Zaharrean zehar zenbait Peña utzitako egoitzetan Korrika-k prestatutako tabernetan disfrutatzera animatu zuen plazan bildutako jendetza. Hala egin zuten gehienek, eta kaleak laster bete ziren euskaltzalez. Eguraldia ateri zegoen eguerditik aintzinera, eta kaleak etengabe animatzen ibili ziren trikitilariak, batukada, txaranga, gaitariak... Takonera parkean talo eta bokatak saltzeko jarritako guneek ere jende andana erakarri zuten. Ondoan karpa zegoen, eta bertan egin zen bazkaria.

Kontzertu karpa barrenean egin ziren, nahiz hasiera batean kanpoan egitea pentsatu, prestaturik zegoen eszenatokiak adierazten zuen bezala. Bazkariaren aurretik Niko Etxarten Korrika-ren kanta zuzenean entzuteko aukera izan zen.

Kartzela atarian

Arratsaldean kartzelako atarian bildu ziren ehundik gora lagun, besta garrantzitsu honetan presoak etengabe gogoan izan ziren-eta. Korrika bertatik pasatzea pentsatuta zegoen, baina Udalak ibilbidea aldatu eta kartzelatik pasatzea debekatu zuen. UPNk herri ekimen guztien kontra duen jarrera salatu zuten.

Azken atxilotuei txaloak eskaini zizkieten eta Barandalla, Gorostiaga eta Gil, gaixorik diren presoak eta Xabier Errea gogoratu zituzten. «Euskara jalgi hadi kalera preso eta iheslariekin batera» aldarrikatzen, topa egin zuten joandakoek.

Jasone MITXELTORENA

Xabier: Euskara bizi da, euskaraz bizi garelako.

Eta biziko da, ondorengoei hala bizitzeko modua utziko diegulako.

Miren: Euskaldunak

gara, ez Euskal Herrian bizi garelako, euskaraz bizi garelako baizik. Euskal gazteriaren eginkizun handi bat gazteria euskalduna izatea da.

Xabier: Euskara indartu

da, ez zekien askok ikasi duelako. Edo ikasi ezin

zuen askok hurrengo belaunaldiei jakiteko

modua bermatu dielako.

Miren: Zaila da belaunaldi batek hurrengoari berak sentitzen ez duena transmititzea. Litekeena da hurrengo belaunaldiek aurrekoen galera berreskuratzea.

Xabier: Hemen konbinazio guztiak dira posible, galtzekoak zein irabaztekoak. Hemen argi dagoena da euskararen izatea borondate kontua dela.

Miren: Borondate indibiduala eta borondate kolektiboa. Borondate politikoa eta borondate soziala.

Xabier: Hemen argi dago, euskal herritar batzuek borondate handiegirik

izan ez arren, gehienontzat euskara geure nortasun-ikurra dela. Argi dago, aurtengo Korrikara

bildu den milaka eta

milaka euskaldun

bezala, jaioko direla

berriak, berriak eta berriagoak.

Miren: Zorionak Korrikazale guztiei, eta aupa, batez ere, gazteoi. Ager dezagun euskaraz bizitzea munduan geratzen den pribilegio handietariko bat dela.

Xabier: Gora Euskal Herria euskalduna!!

Miren: Gora Korrika eta gora euskara!!

Xabier AMURIZA

Miren AMURIZA

2007ko apirilaren 1a

UDALBILTZA...

Batzorde Eragilea buru zuela, Udalbiltzak «kronpromiso irmoena» azaldu zion Korrika-ri eta euskararen ofizialtasunaren aldarrikapenari. 2.352. kilometroan, Madalena kalean, hartu zuen lekukoa nazio erakundeak.

ISUNA ERROTXAPEAN

Patxi Larraintzar ikastetxe publikoko kideak aspaldian ari dira eraikin berria eta euskarazko aukera eskatzen. Ez dute halakorik jaso, baina bai isuna Udaltzaingoaren eskutik. Zioa? Eskolako gurasoek Korrika-ren aldeko pankarta jarri izana.

...ETA AHOTSAK

Ahotsak plataformak ere ez zuen hutsik egin nahi izan Korrika-ren eta euskararen hitzordu handiarekin. Roncesvallesek eta Amaiak kaleen artean hartu zuten lekukoa, eta PSNren Iruñeko zinegotzi Ainhoa Aznarezek eraman zuen.

TXANTREAKO HARRERA

Bereziki beroa izan zen Txantreako bizilagunek lasterketari eginiko harrera: jendetzak kalean, beste hainbatek balkoietan ikurrinekin eta Korrika-ren ikurrekin... Ederki antzeman zen ekimena azken kilometroetan zela.

brindisa

Korrika Iruñeko espetxe aurretik igarotzea debekatu zuen Nafarroako Gobernuak. Ondorioz, hain egun seinalatuan errepresaliatuak gogoratzeko, topa egin zuten 16.30ean kartzela aurrean. Ehun bat lagun bildu ziren, tartean AEK-ko ordezkariak.

...eta txistuak

Gaztelu plazan bukatu zen Korrika. Txalo artean. Hara iritsi aurretik, ordea, UPNren egoitza aurretik igaro ziren. Han txistu zalaparta entzun zen. Euskaltzaleek horrela agertu zioten haserrea alderdi horri, hizkuntza nazionalaren aurka duen jarrera dela-eta.

trikiti doinuAK...

Korrika aldarrikapena da, baina festa ere bada: euskararen festa. Eta jaiak musika du bidailagun onenetarikoa. Halaxe ulertu zuen, itxura denez, Berriozarretik Errotxapeara arteko bide osoa doinuz jantzi zuen trikitilari taldeak.

Taconeran

Egun bustia izan zen lasterketako azkena, eta euriak hainbat ekitaldi bertan behera utzi zituen. Taconerako Parkean jarritako karpan, baina, jaiak aurrera egin ahal izan zuen. Niko Etxarten emanaldia entzun ahal izan zen, besteren artean.

Hamaika egun, ehunka errepide, milaka korrikalari eta bizipen

Korrika 15eko arduradun Edurne Brouardek martxoaren 22an sartu zuen lekukoan atzo Iruñean irakurritako mezua jasotzen zuen papera. Geroztik, milaka eskutatik pasatu da; Euskal Herria goitik behera eta ezkerretik eskuinera gurutzatu du; euria, elurra, hotza eta eguzki apur bat ikusteko modua izan du; ehunka errepide ezagutu ditu... Karrantzan Lurdes Cimarrok hartu zuen lehenik lekukoa, horrek Karlos Santesteban semeari utzi zion eta honek Eider alabari. Horrelaxe hasi zen atzo Iruñean bukatutako istorioa.

M. J.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo