GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udaltzainen Korrika-rekiko jokabidea UPNrenarekin bat datorrela dio Iruñea Berriak

Iruñeko Errotxapea auzoko hainbat euskaltzaleri -Korrika-ren aldeko afixak jartzeagatik- isuna jarri diete udaltzainek, iaz onartutako «hiritartasun ordenantza" aitzakiatzat hartuta. Iruñea Berriak guztia UPNren euskararekiko ezinikusiaren ondoriotzat du.

GARA |

Korrika 15 bukatu da, baina haren oihartzuna luzaro izango dugu gure artean, eta ez, tamalez, izan duen arrakasta eta parte-hartze itzelarengatik bakarrik. Arrazoi horiek AEK-ko arduradunen eta gizarte osoaren gogoetan egongo dira luzaroan, baina badira gauza batzuk gutxi batzuek baino jasango ez dituztenak; eta horren erantzule, beste behin, Iruñeko Udala.

Igandean amaitu zen Korrika 15 Nafarroako hiriburuan, eta eguraldi kaskarrak utzi zuen heinean, ospakizuna merezi eta behar bezain handi eta koloretsua izan zen. Nolanahi ere, zer ospatuaz gain, batzuek zer salatua ere izango dute, igande goizerako dena behar bezala prestatu eta atontzen ari zirelarik Iruñeko udaltzainek isuna jarri baitzieten.

Hori Errotxapea auzoan gertatu zen. Korrika 15ek metro dezente egin behar zituen igande goizean bertako kaleetan barrena, eta prestaketa lan handia egin beharra zegoen. Horretan aritu ziren, besteren artean, Patxi Larrainzar ikastetxeko gurasoak.

Ondorenean, milaka eta milaka euskaltzale eta korrikalarik eskertu zuten horiek egindako lana, baina udaltzainek eskerrak ez ematea nahikoa ez, eta isuna jarri zieten. Errotxapearrek Korrika-ren afixak jarri eta kilometroen zenbakiak errepidean idatzi besterik ez zuten egin, dena argi gera zedin lekuko aldaketetarako. Udaltzainek, baina, era horretan Iruñeko Udalak iaz onartutako «hiritartasun ordenantza» ez errespetatzea leporatuta, isunak jarri zizkien.

«Zoriona» eta «sumina»

Iruñea Berria plataforma abertzalea ere poz eta tristetasun sentimenduen artean dabil. Alde horretatik, alde batetik, AEK eta Iruñean bildutako milaka euskaltzaleak zoriondu nahi izan ditu «Korrika lagundu eta euskararekiko konpromisoari heltzeagatik».

Bestalde, ordea, Iruñeko Udaltzaingoaren jarrera «suminkorra» salatu du plataformak, eta hori hiriburuko Udalean agintean dagoen alderdiaren eragina dela nabarmendu du. «Jokabide hori UPNk euskararekin duen jarrera intransigentearekin bat dator», ziurtatu du. Taldeak gaineratu dunez, hori ez zen Udaltzaingoaren jarrera horren adibide bakarra izan atzo; izan ere, Korrika-ren alde lanean ziharduten pertsonak «estutu, salatu eta gogaitarazten» pasatu baitzuten eguna udaltzainek, Iruñea Berriaren hitzetan.

Udala jo du plataformak erantzuletzat, eta «euskararen aldeko martxaren antolakuntzari trabak jartzea nahikoa ez», eta horri laguntzen ibili direnei «jazarpena» egitea agindu duela salatu du.

Udalaren portaera hori «ustelkeriaz» jokatzea dela adierazi du Iruñea Berriak. «Hiritar guztiok geure zergekin ordaintzen dugun Polizia helburu erabat politiko eta alderdikoiak dituzten azpiko lanak egiteko erabiltzen ari da Udala», salatu du. «Erakunde horren jokabidea bideratu beharko luketen zuhurtzia eta ideia guztiekiko errespetua baztertzen ditu», esan du.

alderdikeria

Iruñeko Udaleko UPN «norberak bere zergekin» ordaintzen duen Poliziaren erabilera «erabat politiko eta alderdikoia» egiten ari dela adierazi du Iruñea Berriak. «Zuhurtzia eta errespetua» baztertu dituela azaldu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo