GARA > Idatzia > Txirrindularitza

«Gozatu egin nahi dut eta neure burua aurrean ikusten dut Euskal Herriko Itzulian"

Patxi VILA, Lampre-fondital taldeko txirrindularia

Patxi Vila aurreneko euskalduna izan zen iaz UCI Pro Tourreko sailkapenean. Txirrindulari nafarrak sekulako denboraldia egin zuen, eta aurrerapauso nabarmena eman zuen. Hain zuzen, Paris-Nizan bigarren sailkatu zen Landisen atzetik, eta saio bat irabazi zuen. Lehen aldiz, besoak altxatu zituen, eta maila ona eman zuen Euskal Herriko Itzulian (9.a) eta Giroan (10.a). Aurten, xedeak atzeratu ditu.

Unai IRARAGORRI |

Konfiantza osoz hasiko du Vilak Euskal Herriko Itzulia astelehenean. Milan-San Remon azaldu zen, eta han eman zuen maila erakusteko prest da. Iaz, burua «asko» estutu zuen etxeko proban; aurten, berriz, lasterketaz «gozatu» eta aurreneko postuetan lehiatu nahi du 31 urteko beratarrak. Lamprek goi mailako multzoa aurkeztuko du; Cunego lider moduan ibiliko da.

Non ibili da Patxi Vila denboraldiaren hasieran?

Valentzian hasi nintzen, eta gero Paris-Nizan eta Milan-San Remon aritu naiz. Hain zuzen ere, prestakuntza hemendik aurrera ibiltzeko bideratua dut. Joan den urtean, hasieran, garaipenen bat lortzea eta ahalik eta ondoen ibiltzen saiatzea ziren xedeak, eta lortu egin genuen. Aurten, berriz, helburua Euskal Herriko Itzulian, klasikoetan eta Giroan maila azaltzea da.

San Remo goi mailako klasikoa da, eta lehiakor ibili zinen azken kilometroetan.

Joan den urteko sentsazio onak lehen aldiz San Remon berreskuratu ditut. Beraz, dena ondo doa, eta lanaren emaitzak Euskal Herriko Itzulian espero ditut. Hau da, San Remoko maila astelehenetik aurrera berriz ere topatu nahi dut.

Hortaz, aurrean izateak zeure burua sendotu du.

Batez ere, burua azaltzea aurrean. Izan ere, San Remo ez da lasterketa aproposena nire baldintzei begira, baina Cipressa eta Poggio gainetan aurrean egotea oso polita izan zen. Gainera, lasterketa ederra da eta zirrara eragin zidan.

Non ikusten duzu zeure burua Euskal Herriko Itzulian?

Aurrean uste dut. Gustatuko litzaidake aipatutako maila hori izatea Euskal Herriko Itzulian, eta horretaz gozatzea. Beharbada, joan den urtean neure burua gehiegi behartu nuen eta errepidean nabaritu nuen. Nire ustez, iazko lasterketak lasaitasunez hartu nituen eta horregatik izan nituen emaitza haiek. Bestetik, lasaitasun horrek lasterketetan gozatzeko aukera eman zidan. Paris-Nizan izandako emaitzen ostean, Euskal Herriko Itzulian neure burua gehiegi estutu nuen, eta aurten ez dut nahi akats hori berriro ere egin. Euskal Herriko Itzulia txirrindularitzaren jaia da eta horrela hartzeko asmoa dut.

Ezagutzen duzu ibilbidea? Gozatzea ezin hobea izan den seinale izango da!

Argi dago itzuli gogorra dela eta sufritzeko izango dugula; ez dakit zein postutan ailegatuko naizen, baina ahal den neurrian gozatu nahi dut.

Zer nahiago duzu: saio bat eskuratu ala sailkapen nagusian aurrenekoetan egon?

Biak; etapa batekin elastikoa eskuratzea eta amaieran garaitzea. Egia esan, sailkapen nagusia aukeratuko dut. Hala eta guztiz ere, ibilbideari so, lasterketaren helburuak aldatzen joan behar dira egunero, eta burua horretara moldatu.

Ematen du Lamprek goi mailako taldea aurkeztuko duela astelehenean Urretxun; zer deritzozu horri?

Giroko talde guztia dago. Cunego sasoian ikusi dugu Nazioarteko Kriteriumean; Bruseghin, Caruso, Valjavec... Txirrindulari dezente dugu lehia emateko moduan, hasiera batean. Egia esan, taldeak ez du askorik irabazi hilabete honetan, hasieran oso ondo hasi ginen arren. Talde batek ondo hasi behar du ibiltzen, eta hori emaitzetan islatzen saiatuko gara.

Cunegok ibilbide aproposa du lehia emateko.

Saio motzak eta menditsuak ditu aproposenak. Ikusteko dago zein neurritan azaltzen den.

Aurkariak ez dira faltatuko errepidean. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Taldeetan, Discovery oso indartsua da, eta Contador beste guztien gainetik ibili da. Schleck, Samuel, Valverde, noski, eta Saunier osoa nabarmenduko nituzke. Aurtengo negua oso ona izan da eta jendeak gogotik entrenatzeko aukera izan du; horrek aurten errepidean maila altuagoa ematea ekarriko du.

Ibilbidea sekulakoa da; zein iritzi duzu?

Urtero esaten dugu ez dagoela hau baino gogorragoa egiterik, eta aurten marka guztiak hautsi dituzte. Oraingoan baino askoz gogorragoa ezin da egin. Egunero badago non denbora galdu, asteazkena kenduta: lehendabiziko eguna, bigarren eguna, laugarrenak Azpirotz tartea du, azken-aurrekoa eta erlojupekoa, oso gogorra.

Erlojupekoa zehaztuko duzu?

Hasieran, %10eko aldapa dugu, kilometro eta erdian, eta bukaeran beste kilometro bat %8ra. Eta jaitsierak oso txarrak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo