Kontzertu erraldoiak. Udalen arteko lehia
Talde horiek denek musikaren esparrua gainditzen dute eta dirua egiteko makina taldeak baino ez dira. Gutxi batzuen poltsikoak beteko dituzte eta gehiengoarenak hustu, musika giza arloko gertakari bilakatuz. Musika sustatzea al da hori? Botere politiko horiek hirien mesedetan egingo omen dituzte ikuskizunak. Nire ustez, boto batzuen trukean
Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea
Azken boladan eta, batez ere, hauteskundeak hurbildu ahala, nabari da udalen arteko borroka edo lehia, ea nork ekar dezakeen musika talderik edo artistarik ezagunena bere herrira. Estatuan, Donostiako belodromoa sustatzaile garrantzitsuenen zerrendetan egon da urteetan zehar. Donostiatik artista esanguratsuenak pasatu dira eta derrigorrezko geltokia zen sustatzaile eta puntako taldeentzat. Baina urteak dira hori ez dela gertatzen. Urte asko jo beharko genuke atzera eta, oraingo egoerarekin alderatuta, ez dute zerikusirik garai bateko belodromoko kontzertuek gaurkoekin, atzoko eta gaurko udalen politika ziztrina beretsua bada ere.
Gaur egun, gauza bitxiak gertatzen ari dira. Euskal Herriko udal nagusien arteko lehia maila harrigarrira heltzen ari da. Bilbok Red Hot Chili Peppers sartuko du Bilbao Live (hiru eguneko bonoak 100 euro balio du) arrakastatsuan (iaz bederen) eta aurten Red Hot-ek jo eta hurrengo egunean (muturreko galanta Bilbao Liveko antolatzaileentzat, ustez) Donostiako Udalak Rolling Stones ekarriko du 3,5 miloi euro ordainduta. Kopuru astronomikoa. Eta sarrerak ez dira oso atzera geratzen: 60 euro merkeenak eta 160 euro garestienak. Baina azken orduan Bilbao Livek, Stones taldeak egin behar zion mina ikusita, ekainaren 23ko kontzertua kendu eta bi asteburuko jaialdia egitea erabaki du, eta Metallica ekarri. Lehia bi hirien artean, eta Bilbo malabarismoak egiten. Eta Gazteizen, Elton John; sarrerak 70 euro. The Who BECera; beste poltsiko asko K.O. utziko ditu. Aurrekontu ederra horietara guztietara joan nahi duenarentzat. Talde horiek denek musikaren esparrua gainditzen dute eta dirua egiteko makina taldeak baino ez dira. Inor konturatu gabe gutxi batzuen poltsikoak beteko dituzte eta gehiengoarenak hustu, musika giza arloko gertakari bilakatuz. Musika sustatzea al da hori? Super-hiper eliteko (dirutan ari naiz) musika babestea baino ez da, oinarrizko musikaren kaltetan. Botere politiko horiek euren aurpegiak garbitzeko antolatu dute zerbait (huskeria), gazteria eta helduak kontent izateko, eta fini. Hirien mesedetan egingo omen dituzte ikuskizunak. Nire ustez, boto batzuen trukean. Allakuidaos. Eta talde horietako baten bat zertxobait gaixotuko balitz, kontzertuak bertan behera. Ez da lehena eta ezta azkena ere izango. Jende asko horren beldur da eta sarreren salmentari min txikia egingo dio. Orduan, berriro diot, allakuidaos.