Reggae sustraiak Bilbon sakonduz, Capleton eta Skatalites
Brixton Recordsek antolatuta, hemen dugu bigarrenez reggae joera ezberdinak hurbiltzen dizkigun Bilbo Roots Jaialdia. Bi datatan, batetik Skatalites aiton-amona aitzindariak, Akatz bizkaitarrekin batera, eta bestetik Capleton dancehall berriaren izarra ikusteko aukera.
A. BILBAO | BILBO
Clifton George Bailey III. izenez jaioa, 40 urte bete baino bi egun lehenago eskainiko du bere Bilboko kontzertua Capleton jamaikarrak. Bera izango da aurten Bilbo Roots Jaialdiari hasiera emango diona, iaz, estreinako jaialdian The Gladiators edo Anthony B ikusi ostean.
Gazte hasi zen Capleton mutikoa musikan, hamabi bat urte zituenean, Soundsystemek txundituta. Hemezortzi egin orduko Kingston hiriburura mugitu eta bertan eman zituen lehenengo dancehall lanak. «Bumbo Red» izan zuen lehenengo singlea, zerabilen gai sexualaren kariaz irratietan arazoren bat izan zuena. 1990ean Reggae Sunsplash Festival jaialdi erraldoi ospetsuan parte hartu zuen lehenengo aldiz jamaikarrak. Harrera ona jaso zuen eta hurrengo bi urteetan plazaratu zituen lehenengo lan luzeak, makina bat hit biltzen dituzten «Lotion Man» eta «Double Trouble».
90eko erdialdetik kontzientzia kultural berri bat zabaldu da dancehallaren «profeta»-ren lanetan eta erlijio rastafarian sustraitutako disko andana argitaratu zuen. Def Jam disko etxe estatubatuarrak 1995ean argitaratutako «Prophecy» lanak Capletonen itzala areagotu eta mundura hedatu zuen -hip hop mundura ere zabalduz, erremix bidez-. Bide bera jorratu zuen 1997ko «I Testament» luzearekin.
Langile porrokatua, «One Mission» plazaratu zuen milurteko bukaeran eta sua suspertu zuen ondoren «More Fire» bikainarekin. Urtero lan bat argitaratu ohi du, hitz zehatz eta sakonez eta, bilduma batzuen ostean, «Reign Of Fire» (VP Records) da orain Bilbora ekarriko duena.
Dancehallaren artista garrantzitsuenetarikoa dugu egun Capleton Fireman, beste batzuen artean, Sizzlarekin batera.
Skatalites, aitzindari
Jaialdiaren bigarren txanpa datorren ostegunean, gaur zortzi, ospatuko da, Skatalites mitikoekin. Eskola agortezina dugu skaren aiton-amonena, oraindik ere bizirik dirauena.
Jamaikak independentzia lortu eta urtebetera, 1964an sortua, Don Drummond tronboi-jotzailea izan zen taldearen lehenengo zuzendaria, besteak beste Tommy McCook, Rolando Alphonso edo Jackie Mittoo musikari handiak biltzen zituena. Egun Lloyd Knibbs bateria-jotzailea eta Lester Sterling saxofoi-jotzailea dira hasieratik bizirik dirauten kideak, aspaldi honetan gure oholtza gainean ohiko ditugunak -iazko maiatzean izan genituen azkenengoz Bilbon-.
Hastapenetan Prince Buster edo Bob Marley berarekin ere aritu izan zen taldea eta Studio One disko etxearen lanetan ere jo zuten, urtebete baino iraun ez zuen lehenengo aro labur hartan.
1983an berrantolatu zen berriro Skatalites eta 1992an etorri ziren estreinakoz Europara. Egun Lester Sterling saxo-jotzaileak gidatzen du belaunaldi ezberdinetako musikari trebeak biltzen dituen banda berria. 2005eko irailaren 23 eta 24an Buenos Airesko Teatro Armenio aretoan grabatutako lana dute azkena, «The Skatalites In Orbit (vol. 1), Live from Argentina», iaz Xaymaca disko etxean plazaratua.
Askoren ustez ska erritmoaren asmatzaile, new beataen aita dugun Lloyd Knibbs bateria-jotzaileak markatuko digu berriro ere dantzarako pausoa. Talde nagusiarekin batera, Akatz bizkaitarrak.
Euskal Herriko negu hotza berotu nahian sortu zuten bost lagunek taldea Bakion, 1992an. Reggaezale amorratuak, zortzitik hamabi lagunera elkartu ohi du sarritan musikariak aldatzen dituen taldeak zuzeneko emankizunetan, familia handi bat sortuz. Ehundaka zuzeneko eskaini ditu taldeak, batzuk jamaikar artista mitikoekin batera, eta 1994an egin zuen debuta etxean grabatutako «Ez Zaitez Gera Dantza Gabe» lanarekin eta «Dias mejores» (Brixton Records) dute azken mini cda, lau kanta eta «Better Days» klipa biltzen dituena.
Izugarriak ditugu Karibeko uhartean jaiotako reggaeak sortu dituen musika moldeak. Jamaikatik etorrita zuzenean, Skatalites aitzindariak eta Capleton berritzailea ikusteko parada izango dugu Bilbo Roots jaialdiaren bigarren edizioan.
Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).
Sarrera: 20/22 euro (bi egunetarako bonoa, 35 euro).
Capleton:
Asteazkena 11, 21.00etan.
Skatalites eta Akatz: Osteguna 12, 22.00etan.