Disko berriakç
Itsasoaren usaina
Aritz Sound System
Berandu bada ere, nazioarteko aitormena jasotzen ari da Cesaria Evora. Merezitako aitormena, gainera. Cabo Verde uharteko portuetako tabernazulo beltz ketsuetan eman ditu urte asko; marinel, tabernako emakume eta alkoholez inguratuta. Itsasoaren hezetasunak bustitako ingurune horretan sortu eta abestu ditu kantuak; morna estiloaren malenkoniaz jantzita, oinutsik atera ohi da eszenatokietara, nazioarte mailan nolabaiteko ospea lortu badu ere, emakume apala dela erakutsiz.
Umila bezain sentibera. Bizitza osoan itsaso zakarrei aurre egin behar izan dien emakumearen azal gogorra du eta azal horren azpian, abestien bidez plazaratzen duen olatuen hauskortasuna. Cabo Verdeko biztanleen bizitza inguratzen du itsasoak eta itsasoa da Cesaria Evoraren inspirazio iturri.
Disko berri honetan, aurreko laneko musikari berberak izan ditu lagun eta kantuen egileak ere, Cabo Verdeko aspaldiko lagunak; Dio Da Silva eta Nando Andrade. Dena den, aurreko diskoetan egin zuen bezala, orain ere kanpoko musikariak gonbidatu ditu; Jacques Morelenbaum brasildarra eta Ray Lema eta Ismael Lo afrikarrak, besteak beste.
«Rogamar» honetan morna doinuak dira nagusi -Cabo Verdeko bluesa bezala izendatu izan dena, fadoen saudadean oinarritzen den estiloa- eta fado portugesarekin harreman estua du. Kantu malenkoniatsuak dira nagusi, nahiz eta kantu batean batucada estiloa entzun daitekeen, San Jon estiloan. Sentibera.