Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria
Zurekin gaude, Endika
Horrela azaltzen dira paradoxak batzuetan, Endika. Kasualitatearen eskutik (bai?). Martxoaren 28 goizean Gasteizen ginen, prentsaurreko batean Arabako Errioxako ikastolek aurrematrikulazioan lortutako emaitza onen berri kazetariei ematen.
Horietako ikastola bat zurea zen, Oiongo San Bizente ikastola. Zurea bezalako lanari esker eskuratutako emaitza arrakastatsuak ziren aurkeztutakoak. Ez aurtengoak bakarrik, urteak daramatzazue lurralde haietako familiak erakartzen, Euskal Herri osoan ikastoletan matrikulazio kopururik handienetakoa daukan eskualde bihurtzeraino, askori sinesgaitza iruditzen bazaio ere.
Noizbait eman behar genituen jakitera datu hauek eta egun horretako goizean egin genuen. Hara non, ordea, handik ordu gutxira, Arabako Errioxako ikastola bateko irakasle gazte bat, zu zeu Endika, atxilotzen duten goardia zibilek. Kasualitatea ziurrenik, baina adierazgarria.
Arabako Errioxako ikastolen arrakastaren berri eman ez zuten komunikabideek ere zure atxiloketaren berri gora eta behera eman zuten. Espainiako irratietako tertulietan, gau horretan, zu eta ikastolak bildu eta infernuratu egin gintuzten gu denok, beste behin. Gu denok, bai. Zu minduta, eta nola mindu ere, gu ere minberatu egin baikaituzte.
Zurekin gaude, Endika. Argi asko geratu da egun hauetan, benetan zorigaitzekoak izan arren ere, zure ikastolako haurrek eta familiek zenbat estimatzen zaituzten.
Orain, kalean zaude egon, baina gure artean nahi zaitugu lehenbailehen. Arabako Federazioko kideek bezala, nik ere diot «ez dezagun ahaztu» Endikari gertatutakoa. Artean, besarkada zintzoa zuretzat eta gertuenekoentzat.