GARA > Idatzia > Gutunak

Alfonso Sanz, Erruki Ezkurra Bai Euskal Herriari ekimeneko bozeramaileak

Euskal Herria

Estatu frantses zein espainolak beraien nazio egunak ospatzen dituztenean, beraien handi-manditasuna goraipatzen dute, beraien armadek mundu osoan zehar okupatutako lurraldeez oroitzen dira. Beraien banderak balkoietan ezartzen dituztenean, harrokeria sentimendua da nagusi. Baina harrokeria horrek esanahi baztertzailea eta askotan arrazakeriaz beterikoa du berekin. Beraien konkistak eta inperioren garaipenak gogoan edukitzen dituzte; eta beren hizkun- tzen eta kulturen zabalpena ospatzen dute, ezpata eta pistolaren bitartez lortu bada ere.

Bien bitartean Kortsikan, Katalunian, Galizian, Kaledonia Berrian, Bretainian, Euskal Herrian eta abarretan beraien ikurrak jartzen dituztenean, herri hauek oraindik beren menpe daudela gogorarazi nahi dute.

Guretzat Aberri Eguna ospatzeak esanahi ezberdina du. Guk ez dugu inoren aberria zapaldu, ez diogu inori naziotasun arrotzik inposatu nahi, ez dugu indarrez inoren hizkuntza eta kultura zapaldu. Guk, Aberri Egunean, geurea defendatzen dugu. Are gehiago, osatzen dugun Euskal Herria- ren hitza eta erabakia bahiturik dutenean. Ikurrina balkoian jartzen dugunean, gure etorkizuna eskutan hartzeko borondatea azaltzen dugu. Harrotasuna guretzat, gurea bezalako herri txiki batek bere hizkuntza, kultura, historia eta aske izateko nahia agertzean datza. Harrotasun honek ez dauka inolako zentzu baztertzailerik edota xenofoborik. Ez gara inor baino gehiago, baina gutxiago ere ez.

Hau dela eta, euskal jendarteari deialdi bikoitza egin nahi diogu. Alde batetik, sentsibilitate anitzeko herritarrek Aberri Egun bateratua ospatzeko egin duten deialdian parte hartzera eta beste aldetik, herritar bakoitzak bere balkoian ikurrina jartzeko deia egiten dizuegu.

2007ko Aberri Eguna egun garrantzitsua izango da. Indarrak biltzeko eguna. Bai Euskal Herriari ekimena osatzen dugun gizon eta emakumeok dei egiten dizuegu guztion artean Kantauri itsasoak eskaintzen duen askatasunera bidea egitera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo