Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduraduna
Atzerapausorik ez irakastereduen erreforman
Jakin badakigu Eskola Kontseiluko lehendakariak hitz egiten digunean, gaur egun dituen baliabideez eta arkitektura juridikoaz ari dela baina, horiexek dira, hain zuzen ere, sailburuaren proposamenean zehazten ez direnak
Bereziki kezkagarriak iruditu zaizkigu Eskola Kontseiluko lehendakariak egin dituen adierazpenak DBH Zikloa bukatzean B2 maila eskuratzea lortezintzat joz. Esan behar dugu Hezkuntza sailburuaren agerraldia Hezkuntza Batzor- dearen aurrean arreta handiz segitu genuela eta oro har, proposamena puntu askotan lausoa bada ere, helburu operatiboei dagokienez ez zuen interpretazioetarako aukera handirik eskaintzen: Europa osoan ezaguna den eta neurgailu zehatza den B2 proposatu zuen Hezkuntza Sailburuak. Beraz, orain, nor eta Eskola Kontseiluko Lehendakariak adierazpen horiek egiteak kezkatu egiten gaitu. Artikulutxo hau baliatu nahiko genuke beraz, erreforma proposamenak orain ez dituen eta izan beharko dituen zehaztapenen berri eskaintzeko.
Irakastereduen erreforma eraginkorra izango bada, hizkuntza politika, definitzen duten bi zutabe nagusietan aldaketa sendoak eginez egin behar dugu. Jakin badakigu, Eskola Kontseiluko lehendakariak hitz egiten digunean, gaur egun dituen baliabideez eta arkitektura juridikoaz ari dela baina, horiexek dira, hain zuzen ere, sailburuaren proposamenean zehazten ez direnak eta errotik aldatu behar direnak.
Gaur egungo arkitektura juridikoak, bere horretan, ez du aukerarik ematen behar dugun erreforma egiteko. Sailburuak berak aitortzen du, marko berriak legea behar duela baina ez hori bakarrik, sistemari zuzen zein zeharka eragiten dioten beste lege batzuk ere aldatu beharko lirateke. Gaur egun, oraindik ere, indarrean da gurasoei eredua hautatzeko ustezko eskubidea aitortzen dien araua. Gaur egun, gezurra badirudi ere, Eskola Kontseiluko lehendakariak etorkizun hurbilean euskara ezagutuko duten irakasleak topatzeko arazoak aurreikusten dituen bitartean, Magisteritza eskolak euskara ezagutzen ez duten irakasleak prestatzen ditu.
Euskararen normalizazioaren aldeko corpusa behar da, arkitektura juridikoa euskararen alde pentsatu eta eraiki behar da. Helburuak ez daude soilik formulatuak izateko, helburuak bete egin behar dira.
Ez dezagun geure burua engainatu, erreformak mota guztietako baliabideak eskatuko dizkigu eta horiek eskaini ezean ez dago erreformarik. Horretan legoke, sailburuak egin proposamenaren zehaztasun falta handiena. Orain beharrezko zehaztapenen garaia heldu da. Hona gurea:
Langileak dira dudarik gabe «bitartekorik» eraginkorrenak eskolak bere funtzio bete dezan euskalduntzeari dagokionez. Argi egon beharko luke ez dela kontratatuko euskara ez dakienik edozein izanik ere sisteman duen zeregina, euskara izango delako, lan-hizkuntza, administrazio-hizkuntza eta ikas-hizkuntza. Langileei begira, euskara ikasteko aukerak iraungipen-data izan behar du erreformak eskatzen omen dituen 10 urte horiek baino lehenago iritsiko dena, logikoa denez. Beraz, lehen unetik negoziatu beharko litzateke sindikatuekin euskara ikasiko ez duten langileekin zer-nola jokatu. Neurri horiekin batera, behin-behinekotasun indizeak jaitsi beharko lirateke, ikastetxe guztie- tan hizkuntza-laguntzaileen figurak indartu beharko lirateke eta hizkuntza-normalizazioa lantzeko teknikoak egoki hedatu, irakasle/ikasle ratioak nabarmen jaistearekin batera euskara soziolinguistikoki ahula den lekuetan edo bestela irakasle gehiago sartuz talde bakoitzean. Baliabideekin estuki erlazionaturik dago helburua, hori dela eta, garbi ikusten dugu inbertsio handiak egin beharko direla eta horiek, gainera, erreforma onartzearekin batera definitu behar direla.
Ebaluazioa ere baliabide eraginkorra da. Ebaluazio zorrotzak iragartzen dizkigu sailburuak neurri zuzentzaileak ezartzeko balioko dutenak. Horraino ados gaude, baina, helburua betetzen ez dutenekin zer egin behar den ez digu proposatzen. Gure ustez, helburuak betetzen ote diren urteoro ezagutarazi behar da, neurri zuzentzailerik eraginkorrenetako bat gardentasuna bera baita eta, ondoren, Administrazioak beharrezko baliabideak eskaini behar dizkio ikastetxeari helburura irits dadin; baina, hala ere, iritsiko ez balitz Administrazioaren esku hartze-zuzena beharrezkoa da eta kasua iritsiko balitz neurri ekonomikoak hartzea ere ez litzateke baztertu beharko. Ikasleak ebaluatzearekin batera, mota guztietako ikas-materialak eta taldea bera ere ebaluatu beharko lirateke. Ebaluazio independente eta profesionala beharrezkoa da, adituen eskuetan dagoena eta bereziki gardena. Aurkeztu zaigun erreformaren ezaugarri nagusiak zein diren kontuan hartuz ebaluazioak berebiziko garrantzia du ikastetxeen autonomia ez dadin izan kontrolik gabeko taifa-erreinua eta ondorioz, ebaluazioak bakarrik eskain diezaioke homogeneitatea sistemari. Izan ere, «autonomia» behin helburuak bete eta gero hasten dela argiro aitortzea falta da, autonomiaren izenean helburua kuestionatzerik ez dagoela sentitu behar baita.
Azkenik, sistema osoan aplikatu behar da erreforma, baita Unibertsitatean eta Lanbide Heziketan ere. Euskaraz normaltasun osoz edozein izanik ere ikasgaia ikastea erreformaren helburu kuestionaezina bada ere, ez da Sailburuaren aipatua izan. Maila berean, dugu Euskal Eskolaren curriculum propioaren beharra etorkizuna ez baitu hizkuntzak bakarrik definitzen euskal kulturaren berezko aspektuak oso presente izan behar dituzte ikastetxeek hizkuntza-proiektua defi- nitu ahal izateko eta hori dena, hizkuntza-politika berri eta eraginkorrago baten testuinguruan.
Aukera hau ez dugu alferrik pasatzen utziko eta atzerapausorik ez dugu onartuko, ezin dugu onartu.