GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arberoan ikastola bat sortuko dute gurasoen eta Seaskaren ekimenari esker

Arberoako ama-ikastola, Hazparneko Ezkia ikastolaren erantsia izanen dena, Donamartirin jarriko dute. Heldu den ikasturtean irekiko dute ikastola Izturitzeko, Donoztiriko eta Donamartiriko hamar familiaren ekimenari eta Seaskaren sostenguari esker.

Idoia ERASO |

Arberoa ibaiaren bailaran dauden herriek ikastola berria izanen dute heldu den ikasturtean. Hurbilen dauden ikastoletara joateko, Donapaleura, Ortzaizera edo Hazparnera, Arberoako herritarrek gutxienez 12 kilometro egin behar izaten dituzte. Ikastetxe berri horren bitartez, «egiazko hautatzeko parada» eman nahi izan diete gurasoei, distantzia ez dadin gehiago oztopo bat izan, Maritxu Riviere ikastola sortzeko lanean aritu den kideak adierazi zuenez. Ama-ikastola bat izanen da; hau da, 2002. eta 2007. urteen ar- tean jaio diren haurrak soilik joan ahal izanen dira bertara.

Egun, hainbat eskola publiko eta pribatu katoliko daude Arberoako herrietan. «Gure arrangura gaur egun gure eremuan proposatua duten euskararen ira- kaskuntzari begira dagoen hutsunea betetzea izan da», adierazi zuen Philippe Arotzarena sortzeke dagoen ikastolako guraso batek.

Eskaintza hobetzea

«Seaskaren eskaintza hobetzea helburutzat hartu genuen», esan zuen Philippe Arotzarenak. Seaskako presidente Ixabel Xarriton desmartxarekin oso pozik agertu zen: «Ekimenak Seaskaren sostengua jaso du, gure helburua toki guztietan hurbileko ikastolak sortzea baita».

Donamartiriko bidean, bertan behera utzitako jatetxe baten eraikina ikastola bilakatu beharko da irailera bitarte. Herriko biztanle batek dohainik utziko dio ikastolari, eta zerga-zama besterik ez dute ordaindu beharko gurasoek. Seaska Ikastolen Federazioa arduratuko da eraikina konpontzeaz. Segurtasun arauetara egokitu beharko dute, eta ikasgelak egin. Hala ere, ikastolako gurasoek diru-bilketa kanpaina bat hasiko dute behar diren materialak erosi ahal izateko.

Egin beharreko lanak alde batera utzirik, eraikinaren kokapena ona dela nabarmendu zuten gurasoek. Izturitze eta Otsozelaiko leizeen ondoan dagoen eraikinak aparkalekua du eta ondoko zelaietan kirola egiteko tokia izanen dute haurrek.

Heldu den ikasturtean zenbat haur izanen diren zehazteke dago; oraingoz, zazpi haurrek izena eman dute. Seaskak hamar haur bederen izan daitezela eskatu die gurasoei, eta helburu horretara ailegatzeko kanpaina egiten hasi dira. Heldu den larunbatean, adibidez, Hazparneko ikastolak ateak irekiko ditu gurasoei egituraren berri emateko, eta bertan izanen dira Arberoako gurasoak ere. Internet bitartez ere eskuratu ahal izanen da informazioa http://arberoaikastola.canalblog.com webgunean.

Arberoako ikastola irekitzeko oztopoak ezarri ditu Hezkuntza Publikoak, baina Seaskako presidente Ixabel Xarritonek garrantzia kendu nahi izan die horiei: «Joan den urtean Baigorriko ikastola irekitzeko jarri zizkiguten arazo berak daude orain, baina Baigorrik ikastola ireki du, eta Arberoakoa ere irekiko da, beraz, arazoei aurre egiteko prest gara».

Baliabide eskasia salatzeko manifestazioa

Ikastolen Federazioarekin batera Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteek osatzen duten Hiru Sareta plataformak Baionan larunbat honetarako deitu duen manifestazioak gaurkotasun osoa izaten jarraitzen duela adierazi zuen atzo Seaskako presidente Ixabel Xarritonek. «Hezkuntza Publikoarekin izan elkarrizketetan bi lanpostu lortu ditugu, baina oraindik hiru falta ditugu, gehi zuzendarien delegazioak. Horregatik, larunbateko protestara etortzeko deialdia zabaltzen dugu», adierazi zuen Xarritonek.

Eskolak Euskaldundu herri ekimena babesten duten hainbat eragilek Hiru Saretak larunbaterako deitu duen manifestazioari atxikimendua erakutsi diote. Euskal Konfederazioak, AEK-k, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Bertsolarien Lagunek, LABek eta Ikasle Abertzaleek euskarazko irakaskuntzaren alde eta euskara jakitea ikasle guztiei bermatzearen alde herritar guztiek mobilizazioan parte hartzeko eskatu dute.

Abertzaleen Batasunak ere Baionako manifestazioan parte hartzera deitu du. «Azken urteetan Iparraldean egin dituzten inkesta soziolinguistikoetan euskara galtzen ari dela ikusten da, eta euskararik gabe ez da Euskal Herririk», dio ABk. I. E.

jatetxe zaharra

Donamartiriko bidean dagoen jatetxe zahar bat ikastola bilakatuko da irailera bitarte. Herriko biztanle batek dohainik utziko dio eraikina ikastolari, eta Seaskak bere gain hartuko ditu egokitzapen lanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo