Aizkora Urrezko lehiaketa
Iritsi zaie faboritoetako batzuei lehiaketan sartzen hasteko tenorea
Joxemiel Peñagarikanok, Anjel Arrospidek eta Iñaki Azurmendik asteburu honetan jokatu beharko dituzte lehendabiziko norgehiagokak
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Aizkora gustuko dutenek ez dute aspertzeko astirik izango, neurketa asko ikusi ahal izango baitituzte Aste Santuan. Bihartik hasi eta igandera bitarte, bederatzi kanporaketa jokatuko dituzte.
Hasi, bihar egingo da, eta lehen ekinaldia Legorretan izango da 19.30ean. Bi saio izango dira bertan, eta biak, gainera, ikusmina pizten duten horietakoak dira.
Alde batetik, Joxe Ugarteburu eta Iñaki Azurmendi neurtuko dira. Biak lagun handiak dira; elkarrekin entrenatzen dira, eta beti elkarri lagunduz dabiltza. Oraingoan, ordea, elkarren aurka aritu beharko dute.
Beste kanporaketan, berriz, Joxemiel Peñagarikano eta Jexuxmari Lasa lehiatuko dira. Saio horrek ere ikusmin handia piztu du, eta arrazoi bat baino gehiago daude horretarako. Hasteko, Lasa apustua eginda dago, eta jendeak nola dagoen ikusi nahi du. Orain arteko denborarik onena berea da, eta maila onean dabilela erakutsi du.
Bestetik, Peñagarikano ere ikusi nahi du jendeak. Azken urtebetean behera egin du, baina bere maila ematen jarraitu nahiko du. Gainera, une honetan, Peñagarikano da Lasaren irakaslea, baina bihar elkarren aurka arituko dira.
Larunbatean, saioa Nafarroan izango da, Urrotzen, 20.00etan. Han, Arria V.a itzuliko da. Errezildarra kirol hau utzita egon da, baina berriro ere hasteko hautua egin du, eta etzi ilunabarrean izango du estreinaldia. Aurrez aurre DanielVicente izango du. Zaleek badute Arria gaztea berriro ere lanean ikusteko gogoa.
Urrotzen, ordea, ez dira helduak bakarrik arituko, 18 urtez azpikoen lehiaketa ere izango baita. Alde batetik, Garikoitz Larretxea eta Juan Rodriguez neurtuko dira. Nafarra da faborito, baina segoviarra ahaleginduko da aurrera egiten, bera baita bere herrialdetik lehian geratzen den aizkolari bakarra.
Bestetik, Alejandro Mindegia eta Erasun neurtuko dira. Azken horrek itxura oso ona eman zuen Binakakoan, eta bera aterako da faborito. Mindegia gazteak, berriz, aizkoran badakiela erakutsi zuen orain dela bi aste Asteasun, baina zutikakoan denbora asko galtzen du, eta Asteasun bezainbeste galtzen badu, zaila izango du aurrera egitea.
Igandean, berriz, bi saio izango dira. Eguerdian, 12.30ean, Uharte Arakilen jokatuko dira saioak. Bertan, Rekondo eta Mugertza I.a neurtuko dira. Leitzarrak azken kanporaketa jokatu beharrik ez du izan Otaño gaixorik zegoelako, eta orain Mugertza zaharrenarekin neurtuko ditu indarrak. Mutrikuarra da faboritoa.
Uharten, ordea, 23 urtez azpiko lehiaketa ere izango da, eta bertan Gorriti III.a eta Amillano neurtuko dira. Zaleek badute Gorriti III.a ikusteko gogoa. Aurki desafioa dauka Iruntxiberriren aurka, eta jendeak ikusi nahi du nola dagoen, nahiz eta lanak oso ezberdinak izango diren.
Azkenekoa, Apellanizen
Asteburu luze hau amaitzeko, igande arratsaldean Araban izango da saioa, Apellanizen. Bertan, Arrospide eta Barberena neurtuko dira. Beruetekoarentzat bigarren kanporaketa izango da; lehenengoan, Etxeberria menderatu baitzuen. Leaburukoak, berriz, lehen saioa izango du. Hala ere, beretzat oso lan aproposa da hau, eta bera aterako da norgehiagoka hau irabazteko faboritoa.
Maila nagusiko saioetan, lan bera izango dute. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtuko dira. Ondoren, neurri bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatuko dira. Ondoren, neurri bereko enborra zutik jarri, eta biak batera zeinek lehenago moztu neurtuko dira, eta azkenik bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu beharko dituzte, biak batera, ahalik eta azkarren.