GARA > Idatzia > Kultura

«Sortzaileen ekarrera, izatez, alor guztietan inportantea da; Euskaltzaindian ere bai, noski»

Euskaltzaindiko osoko bilkurak aho batez onartu berri du Aurelia Arkotxa (Baigorri, 1953) euskaltzain oso izatea; izan ere, euskaltzain urgazlea zen. Idazlea GARArekin mintzatu da izendapenaz.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Bi izendapen egin ditu Euskaltzaindiak denbora tarte urrian. Hilabete ez da bete Bernardo Atxagaren izendapen ekitaldia egin zutenetik, eta aurreko astean Aurelia Arkotxaren hautagaitza onartu zuen Euskaltzaindiak. Hogeita bosgarren aulkia beteko du aurrerantzean Baigorriko idazleak euskaltzain osoen artean.

«Telefonoz deitu ninduten larunbatean goizeko hamar eta erdietan. Mugan bizi naizenez, Donostiara joan nintzen, eta han euskaltzainak agurtu nituen; eskerrak eman nizkien eta kafea elkarrekin hartu genuen», gogora ekarri du Arkotxak. Aurelia 2003ko urtarrilaren 31n izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle, eta egun Literatura Ikerketa Batzordeko kidea da. Jean-Loius Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatu zuten Arkotxa 25. zenbaki-hutsartea betetzeko.

Literatura eta askatasuna

Filologia Hispanikoan lizentziaduna eta Euskal Filologian doktorea da. Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna ere bada. Baiona eta Bordeleko fakultateetan literatura irakasten du Aureliak. Azken unibertsitate horretan aurkeztu zuen Gabriel Arestiren gainean idatzi zen lehen lana; «Maldan behera» poemari buruzkoa, alegia. Ordutik literaturarekin harreman zuzenean dago. «Lapurdum» agerkari zientifikoaren zuzendaria da egun, eta, besteren artean, «Maiatz», «Zurgai», «Garziarena» eta «Hegats» aldizkarietan argitaratzen ditu artikuluak.

Bernardo Atxagaren eta Arkotxaren izendapena ikusita, Euskaltzaindian literaturak pisu nabarmena duela ondoriozta daiteke. Baina Arkotxak idazle lana eta akademiaren artekoa nabarmendu nahi du. Izendapenak bere ohiko zereginetan nola eragingo duen galdetu eta ondorengoa erantzun du idazleak: «Sortzaileen ekarrera, izatez, alor guztietan inportantea da; Euskaltzaindian ere bai, noski -esan du euskaltzain osoak-. Nik ez dut deus Euskaltzaindiari eskaintzeko. Denborak erranen... Libertatea diozu? Libertatea sakratua da beti. Oinarrizkoa, idazlearentzat».

Ezaugarriak ezaugarri, idazle, emakume eta Euskaltzaindiko kideen batez besteko adina alderatuta, gaztetasuna nabarmena izanik, erakundeak euskaltzainak hautatzeko irizpidea moldatu duela pentsa daiteke. «Dirudienez bai -onartu du idazleak-. Eta hori ongi iruditzen zait. Gauzak mugitzen ari diren seinale. Euskaltzaindia bizi dela». Izendapen ekitaldiaz hitz egiteko goizegi da oraindik. «Hemendik urte batera izanen da. Bada, beraz, astia. Hendaian izanen da, ene herrian», adierazi du haurtzarotik Hendaian bizi den idazleak.

Euskaltzaindiak dituen 25 kideen artean hiru soilik dira emakumeak: Miren Azkarate, Ana Toledo eta Aurelia Arkotxa, azken izendatua.

Gizon eta emakumeen arteko desoreka horren inguruan eta emakume izanik izan dezakeen funtzioaz galdetu, eta honakoa erantzun du Baigorriko idazleak: «Nik egoera anormal hori normaltasun osoz bizi dut... Ez diot batere funtzio berezirik ikusten emazte izateari, normala baita horretan edo hartan adituak diren pertsonak elkarrekin ari izan daitezen lanean, izan gizon edo emazte. Jendeak ez lirateke sexuaren arabera ikusi behar, haiek dituzten ekarreren arabera baizik».

J.V.M.

Euskaltzaindian, emakume gutxi izan arren

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo