GARA > Idatzia > Ikusmira

Ermuarrek herriaren izena berreskuratu dute

Ermuko Foroa ETAk PPko zinegotzi Miguel Angel Blanco hil ostean sortu zen. Taldea Carlos Totorica alkatearen eskutik aurkeztu zen. Ez Ermuan, ordea, Bilboko hotel batean baizik. Orduantxe ermuar askok argi ikusi zuten Foroak lotura handirik ez zuela bere herriarekin. Ondorengo urteotan lehendabiziko susmo hura bere betean baieztatu zen. Foroa sortu zenetik gauza asko aldatu dira muturreko taldean eta, bereziki, Euskal Herriko egoera politikoan. Aznarren garaian, Foroa PP-PSOE ezkontza ulergaitzaren erakusleiho bikaina bihurtu zen. Komunikabideetan euskal gizartean ez zuen isla bereganatu zuen. Hala ere, Rodriguez Zapaterok espainiar hauteskundeak irabazi ostean, eta, hain zuzen ere, Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko prozesua martxan jarri zenetik, lagundu baino traba egiten duen tresna bilakatu zen Foroa. Atzo, Totoricak berak bere aitatasunari uko egin zion. Baita PPko zinegotzi batek ere. Baina, tira, Udalbatzarrean azalduriko jarrera horiek ideiak baztertzeko politikak dituen mugak besterik ez dute erakusten. Askoz esanguratsuagoa da, edonola ere, atzoko bozketa ahalbidetu zuen herri ekimena. 3.477 ermuarrek -guztira 17.000 biztanle inguru dira herrian- sostengua eman zioten Foroari herriaren izena kentzeko egitasmoari. Berandu bada ere, Udalak bere ahotsa entzun du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo