Independentzia pausoz pauso gauzatzen Untzagatik Laudiora
Bihar eguerdian abiatuko da Arabako Untzaga herritik Gazte Martxa, eta independentzia lortzeko indarrak metatzea du helburu. Hiru jardunaldi, hamaika ekitaldi eta helburu bakarra: independentzia. Leloak dioenez, «Gure izarra independentzia", hura baita gazte horien aburuz aske bilakatuko dituen proiektu bakarra. Hiru eguneko ibilerei amaiera emateko, jaiegun itzela izango da igandean Laudion, makina bat musika emanaldi tartean.
GARA |
«Independentzia gure izarra» lelopean, milaka gazte independentista elkartuko dira bihartik aurrera, hiru egunez, Arabako mendi lautadak zeharkatuko dituen gazte martxan. Urtero, Aste Santuko oporraldian gazteria independentistak ekimen politiko handia egiten du, eta aurten, orain hiru urte bezala, mendi martxa antolatu du. Prest daude euskal herrietan Untzagaraino ehunka gazte eramango dituzten autobusak, kanpinak eta lo-zakuak.
Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko eta norabide horretan euskal gazteen indarrak metatzeko helburuarekin, milaka lagunek zeharkatuko dituzte bihartik igandera bitarte Arabako mendiak. Gazte Martxako bozeramaile Egoitz Garmendiak azaldu zuenez, azken urteotan makina bat proiektu eta egitasmo abiatu dute gaz- teek -gaztetxeak, komunikabide alternatiboak, ikasle borrokak, prekarietatearen aurkako borrokak...-, «errebeldiaz eta ilusioz», eta orain horiek independentziaren norabidean jartzeko tenorea heldu da. «Independentzia delako eskubideak dituen eta gure bizimodua era askean garatu ahal izateko bitartekoak eskainiko dituen proiektu bakarra», adierazi du Garmendiak.
Independentzia aldarrika- tzeaz gain, Euskal Herriko egoera politikoari ere erreparatzen diote gazte independentistok. Gatazka politikoaren irtenbidea Euskal Herria aitortuta eta autodeterminazioa eta lurraldetasuna aintzta hartuta etorriko direla ziur daude. Beraz, indepen- dentziaren aldeko mendi martxa hori ere gaur egungo egoera politikoan prozesu demokratiko baten aldeko ekimena dela nabarmendu dute.
Gazte Egunak udalerrietan
Alde horretatik, bihar Untzagan hasi eta igandean, Aberri Egu- nean hain zuzen ere, Laudion amaituko den gazte martxa «beste ekarpen bat» dela deritzote gazteok. Ez baita ekarpen hutsala izango independentziaren alde milaka euskal herritar hiru egunean batzea.
Hiru egun horietan parte hartu nahi izanez gero, 33 euroren truke Gazte Martxako bonoa erosten duenak kanpina jartzeko eta gosaltzeko aukera izango du, baita Laudion egingo den herri bazkarian eta ondorengo kontzertuetan egoteko ere. Herrietatik abiatuko diren autobusak, gainera, doakoak izango dira. Horretarako, azken asteotan Euskal Herriko udalerri ugaritan Gazte Egunak antolatu dituzte gazteei martxaren berri emateko eta bertan parte hartzeko gonbita egiteko.
Baina Euskal Herriaz harago ere izan dute Gazte Martxaren berri. Alde horretatik, martxoan Europako hainbat herrialdetan gazte independentisten ordezkaritza bat izan da bidaiatzen, eta bertako gazte talde zenbaitekin harremanak izan ditu. Segur aski, urtero gertatzen den legez, nazioarteko gazte taldeetako ordezkaritza bat ere martxan izango da aurten.
Gazteek gazteentzako eginiko ekimen horretan gazte proiektuak ere buru-belarri arituko dira egunotan. Horiek hala, Gaztesarea eta «Xirika» komuni- ka- bideak bertan egongo dira Gazte Martxaren berri etengabe emateko. MusikHerria elkarteak ere bere ekarpena egin nahi izan du, eta bertan joko duten hainbat musika taldek emanaldiak egingo dituzte Laudion, martxaren azkeneko egunean.
Dena prest dago Untzagan milaka euskal gazte bertan jasotzeko bihar. Etzi, berriz, Mendeikan jarraituko du, eta Okondon amaituko da martxaren bigarren jardunaldia; hirugarren egunean, igandean, Laudiora iritsiko da. Aberri Egunean, gazte independentistek ere Euskal Herriaren eguna ospatuko dute bertan.
Gazte Martxari atxikimendua adierazi dio Batasunak, eta bertan parte hartzeko deia egin die gazteei. Independentziaren aldeko ekimen horren bali0a nabarmendu eta gazteen borrokarako grina zoriondu du.
APIRILAK 6, OSTIRALA:
- UNTZAGA: 12.00etan ekitaldi politikoa egingo dute herriko plazan. 13.00etan, martxa abiatuko da. - URDUÑA: Urduñatik igaro ostean, 14.30ean bazkaltzeko parada izango da. - MENDEIKA: 17.30ean iritsiko da martxa herrira. Kanpalekua atondu eta dendak jarri ostean, 21.30ean ekitaldi berezia izango da. Bideo muntaia baten bidez Euskal Herriaren bilakaera historikoa eta politikoa aztertuko dute.
APIRILAK 7, LARUNBATA:
- MENDEIKA: 8.00etan, diana. 9.30ean, gazte martxa abian jarriko da berriro. - AMURRIO: 11.00k inguruan iritsiko da martxa herrira. Hamaiketakoa egin eta gero, 12.00ak aldera berriro ere abian jarriko da martxa. - 14.00etan bazkaltzeko geldialdia Amurriotik Okondorako bidean. - OKONDO: Martxa 17.00etan iritsiko da herrira. Futbol zelaian jarriko da kanpatzeko lekua, eta dutxak ere bertan izango dira. 18.30etik 20.00etara, Gazteen Olinpiar Jokoak; 20.00etan, afaria eta 22.30ean, musika emanaldia.
APIRILAK 8, IGANDEA: ABERRI EGUNA
- OKONDO: 8.00etan, diana. 9.30ean, gazte martxa abian jarriko da berriro. - LAUDIO: 12.00etan, herrira iritsiko da martxa. 12.30ean: Aberri Eguneko ekitaldi politikoa herriko plazan. 13.00etatik 15.00etara kale animazioa herrian barna: Akuilu baserritar gazteen elkartearen eskutik azoka, erakusketak, trikitilariak... 15.00etan, bazkaria. 17.30etik 19.00etara, kalean, plazan eta bazkaltzeko lekuan kontzertuak egongo dira MusikHerriko taldeen eskutik. 19.00etan, kalejira aldarrikatzailea arituko da kaleetan zehar kamioi eta guzti. 20.00etan, ekitaldi nagusia. 21.00etan, kontzertuak hasiko dira: Oliba Gorriak, Kop, Kaotiko, Los Delincuentes eta Betagarri musika taldeak.