GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irunen indarrak biltzeko deia egin du ezker abertzaleak

Heldu den igandean izanen den Aberri Eguneko bestan parte hartzera animatu zituen atzo herritarrak ezker abertzaleak, Irun-Hendaian goizean eta Urruñan arratsaldean, ospakizunak «Euskal Herriarentzat zabaldu den aukeraz hitz egiteko" bidea ematen baitu. Munduko hainbat txokotako euskal etxeek ere jai egiteko asmoa dutela erran zuten.

Maider IANTZI |

«Eguneroko zurrunbilo politikotik harago eta uneotan jokoan daukagunaren garrantziaz jabeturik, Euskal Herriarentzat zabaldu den aukeraz hitz egiteko» bidea ematen du Aberri Egunak ezker abertzalearen ustez. Eta, ospakizun horren harira, herriarekin partekatu nahi izan zuen atzo gaurko egoera politikoaren gainean egindako hausnarketa. Joseba Permach, Marije Fullaondo eta Haizpea Abrisketa izan ziren komunikabideen aitzi- nean erronkez, baldintza politiko berriez eta gatazkako aktore bakoitza jokatzen ari den paperaz solasean.

«Urteak joan eta urteak etorri, herri sektoreekin batera arituz ezker abertzaleak erakutsitako borrokarako gaitasunari esker, baldintza politiko berriak sortu dira Euskal Herrian», azaldu zuen Joseba Permachek. Eta hiru puntutan laburbildu zituen baldintza horiek: «Herri honen eskubide nazionalak aitortu ez eta herri hau zatitzen duten marko politiko eta juridikoen antzutasuna argiro frogatu da; aldaketa politiko sakon baterako nahiarekin eta premiarekin bat egiten du gehiengo sozialak, eta etorkizuna oinarri berri bat finkatuko duen akordio politiko batetik bideratu behar dela hedatua dago».

Baldintzak eta gosea baliatuta

Euskal Herriaren aldeko borrokaren irabazien zakuan sartu zituen mahaikideak baldintza berri horiek guztiak, eta lorpen horiek eta «aldaketa politikorako gosea» gatazka behin betiko konpontzeko baliatzea planteatu zuen. Ezker abertzaleak egoerari erantzuteko urratsak egin dituela nabarmendu zuen jarraian, eta 2004an Anoetan aurkeztutako metodologia eta joan den martxoan Anaitasunan plazaratutako Marko Demokratikorako proposamena ekarri zituen gogora.

Gobernu espainola eta hura ordezkatzen duen PSOE, ordea, kontrakoa egiten ari direla salatu zuen mahaikideak, «eztabaida politikoari muzin egin eta gatazkaren konponbiderako prozesua zangotrabatu eta itxuraldatuta». Urrunago ere joan zen Permach: «Gaurko egoera larriak arduradun nagusirik badu, PSOE da hori».

Hala ere, ozen errepikatu zuen Gobernuak mahai gainean duela gatazka konpontzeko proposamena: «borondate eta anbizio aski izango balu, ihes egiten utzi beharko ez lukeena».

Ezker abertzalearen arabera, Estatu frantsesaren jokaera ere guztiz makurra da: «Ez du gatazka denik ere onartzen, eta errepresioz erantzuten dio Ipar Euskal Herrian herri gisa ematen ari diren urrats orori. Herriak bizi nahi du, autonomia nahi du aurrera egiteko, ezker abertzaleak Uztaritzen adierazi zuen moduan, baina egurra eta iraina jasotzen ditu erantzun gisa Estatuaren aldetik». Aitzinera jotzeko bidea euskaldunen arteko elkarlana dela azaldu zuen Joseba Permachek.

Konponbiderako aukera mahai gainean ipinita, erasoak eta probokazioak areagotu egin dira ezker abertzalearen aburuz. «Betiko faxista espainolak» jarri zituen adibidetzat, «aukera lehertzeko agendaren arabera mugitzen ari baitira, UPNren sukurtsalak Nafarroan berriki frogatu duenez».

PPren jarrera ez ezik EAJrena ere kritikatu zuen: «Prozesua ETAren indarkeriaren inguruko eztabaida teknikoetara mugatzeko asmoa du, negozioak gizendu eta betikotzeko saioan dabilelako. PSOEren bozeramaile lanak egitea nahiago du Euskal Herriaren eskubideen defentsan eta eraikuntza nazionalean aritzea baino, iraganean bezala orainean ere alderdiaren interes ekonomiko eta botere kuotak lehenetsita».

Bidea, herriarekin

Aberri Egunaren definizioa ere eman zuen Permachek: «Herri aske egingo gaituen bideari heltzeko konpromisorako eguna». Ezker abertzalea horretan ari dela ohartarazi duen, «aberria alderdiaren gainetik, herria eta askatasuna gure interes partikularren gainetik, herri gisa pentsatuz eta jokatuz». Egunerokoan egin behar da hori ezker abertzalearen iritziz: «Euskara, irakaskuntza, kultura eta gure ekonomiaren aldeko jarduera bultzatuz eraiki behar dugu Euskal Herria, independentziaren eta sozialismoaren helmugaraino iritsi arte».

Euskal Herriko lurretatik harago ere ospatuko dute Aberri Eguna. Munduko txoko batzuetan hasi dira dagoeneko besta giroa berotzen eta bertze batzuetan hilaren 15a arte luzatuko dute jaia. New York, Txile, Argentina, Washington, Shanghai, Venezuela, Mexiko, Madril, Zamora, Txina, Australia... Amaigabea da zerrenda.

EGUNERO

Euskal Herria eraikitzeko gakoa herri gisa pentsatu eta jokatzea da Joseba Permachen hitzetan: «Egunerokoan egin behar da hori, aberria alderdiaren gainetik jarrita, interes partikularren gainetik».

PNBk ordezkaritza igorriko du Zazpiak Bat-en ekitaldietara

Aitor Arandia eta Philippe Duluc PNBko ordezkariek dei egin zuten, atzo, Baionan, Udalbidek larunbatean Foruan egingo duen ekitaldira, EAJk igandean Bilbon egingo duenera, baita 18.30ean Donibane Lohizunen Jose Antonio Agirreren omenezko oroitarriaren aitzinean egingo duten elkarretaratzera.

Horrez gain, jelkideek jakinarazi zuten Zazpiak Bat-ek Santiago zubian eguerdirako egin duten deialdira ordezkaritza bidaliko duela. Ordezkaritza horrek Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko bina kide izango ditu.

Arratsaldean, berriz, ABk, Batasunak eta Matalazek antolatu duten herri-bazkariaren ostean, Urruñan izango den mahai inguruan parte hartuko dute.

Bertan, Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Lapurdiko lurraldeen instituzionalizazioaz arituko dira. Alderdi bakoitzak esparru instituzional baten sorreraz duen iritzia eta proposamenak azalduko ditu. EAk, Aralarrek eta Zutik-ek ere parte hartuko dute. Aldez aurretik, instituzio gaietan aditu Pierre Massias unibertsitate irakasleak mintzaldia emango du, arratsaldeko bostetatik goiti. Maria AIZPURUA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo