GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako Plaine d'Ansot hezeguneak 40.000 lagun jaso ditu urtebetez

Ainize BUTRON |

Baionako Plaine d'Ansot hezegunea 2006an zabaldu zuten, eta urtebetez 40.000 bisitari izan dituela jakinarazi zuen atzo Jean Grenet Baionako auzapezak. Atzo Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiarekin izenpeturiko hitzarmenaren aurkezpenean azaldu zuten informazio hori. Eta, atzo izenpeturiko protokoloaren bidez, kudeaketa Kontseilu Nagusiarekin partekatuko dutela argitu zuten. Horiek hala, ingurumenaren arloan gune garrantzitsua dela nabarmendu zuen auzapezak. Eta, berriz ere, zabaldu zutenetik eremu horrek izan dituen eginbeharrak eta duen garrantzia aipatu zituen: ingurumena, ekologismoari eta garapen iraun- korrari loturiko gaiez informatu, hezeguneen ekosistemaren ahuleziaz eta aberastasunaz bisitaria sentsibilizatu, eta azkenik, gunea babestu.

Museoaren bilduma

Plaine d'Ansot duela urte bat zabaldu zuten jendearentzat, baina oraindik zereginak daudela argitu zuten. Horien artean, hektarea bateko aintzira eta Historia Naturalaren Museoa finkatzea daude. Azkeneko proiektu horretarako 1,3 milioi euro xahutzekotan dira. Eta, 2008. urterako egina izan beharko luke. «Museoko bilduma nahiko eraman izan dute gune batetik bestera azken urteotan. Gaur egun, bilduma hori Lauga etxean dago. Baina Plaine d'Ansot eremuak urtebetez izandako arrakasta ikusita, bertan jartzea erabaki dugu», jakinarazi zuen auzapezak. Historia Naturalaren Museoa Ansot-txikia deituriko guneko baserrian jartzekotan dira, eta orotara, 600 metro koadro izanen ditu. «Bertan, bildumaren zati handi bat jarriko dute, eta beste partea egungo Bathesetako etxean paratuko dugu», gehitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo