GARA > Idatzia > Tau

Atenasen lortu nahi da Final Fourrerako giltza

GARA | GASTEIZ

Herenegun lehenengo kolpea ezarri ostean, baina euforia ororen gainetik, Tau Baskoniak Atenasen gaur bertan aurkitu nahi du maiatzeko lehenengo asteburuan jokatuko den Lauko Finaleko giltza. Galduta ere beste aukera bat izango duten arren, «azkeneko neurketa balitz bezala» jokatzea dute helburu gasteiztarrek, Euroligako azken fasea hirugarren urtez jarraian jokatzeko eskubidea lortzeko.

Hala, Greziako hiriburura astearte gauerdian bertan joan ziren Maljkovicenak, neurketako hitzordura -Euskal Herriko 19.45ean hasiko da- ahalik eta egokiera onenean iristeko. Atenasera goizeko seiak aldera iritsi zen Tau Baskoniaren espedizioa. Atzo, berriz, bezperako entrenamendu saio serioa egin zuten gasteiztarrek, bigarren neurketa hori ahalik eta ondoen prestatzearren.

Mendeku gosea

Zurbanoko pabiloian ezusteko jipoia eman zion Tau Baskoniak Pireoko Olympiacosi. Defentsa bikainean oinarrituta, Pini Gershonenak ezinean aritu ziren partidaren gehienean.

Horrezaz gain, greziarren jaurtitzaileak beren ohiko mailatik oso behetik izan ziren. Gasteiztarren defentsa ona izan bazen ere, hiruko jaurtiketa bi baino ez zituzten sartu 19 saiakera egin ostean. Halako ehuneko eskasek -Tau Baskoniak ere ez zuen beste munduko jaurtiketa saiorik egin, baina ez, behintzat, hain txarra- errazago azaltzen dute bukaerako 84-59 hura.

Alabaina, gaur arratsaldekoa beste kontu bat izango da ziurrenik. «Bakearen eta Adiskidetasunaren» pabiloia jendez mukuru egongo da eta, zale zaratatsuek gidaturik, greziarrek mendekua hartu nahiko dute, Penn-ek, Acker-ek eta Zizic-ek batik bat; izan ere, asteartean eskas aritu ziren. Kontuan hartu beharrekoa da, bestalde, Schortsianitis erraldoiak ere bere mailarik onena etxean eman ohi duela, epaileek gehiago barkatzen diote-eta.

Jokalari suminduak giro beldurgarria eta beste aukera bat gordeta eduki arren, gasteiztarrek Olympiacos baino gehiago direla beste behin erakusteko asmoa dute. «Jokalari handi bat, epaile handi bat, entrenatzaile handi bat, talde handi bat... benetan hala denentz etxetik kanpora erakusten da», esan zuen Bozidar Maljkovicek lehenengo partidaren ondoko prentsaurrekoan.

«Eskerrak eman behar dizkiegu zaleei. Animoak modu honetan emanda, kiroltasunez baina etenik gabe, guretzat askoz errazagoa izan da jokatzea. Halako zaleek zerbait merezi dute», errepikatu zuen atzo entrenatzaile serbiarrak.

«Ordea, bigarren neurketa oso ezberdina izango da, oso gogorra. Lauko Finaleko giltza lortzeko astearteko defentsa on berbera egin beharko dugu», esan zuen.

Andy Panko, baikor

Bestalde, Bilbao Basketeko Andy Panko baikor azaldu zen bere taldearen jokoarekin, bilbotarren webgunean eginiko elkarrizketan.

Igandean Kanarietan Grupo Dunasen aurka jokatu behar badute ere, hegaleko estatubatuarrak «behingoan etxetik kanpora irabazteko aukera ona» dela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo