Iñigo Lamarca Iturbe Arartekoa
Apirilak 8: Ijito Herriaren nazioarteko eguna
Pertsona eta talde guztien berdintasun aintzatespenak gure gizartean ijito guztien barne hartze politikoa, soziala eta ekonomikoa ahalbidetu behar du
Ijito herriaren aintzatespena orain dela gutxiko kontua da: 1971n egin zen lehenengo Ijito Kongresua Londresen, eta urteroko ospakizun hori ezarri egin zen. 1979an Nazio Batuek lurralderik gabeko herriaren estatutua onetsi zuten, eta gure erkidegoan, orain dela bi urte besterik ez, ijitoen partaidetza eta sustapena bultzatzeko konpromisoak eta neurriak barne hartzen zituen lehenengo plana onartu zen.
Beren nortasuna, kultura, hizkuntza eta historia aintzatetsi dira lehenik eta behin. Baita beren jazarpena ere. Hala, Espainiako historian, beren kanporatzea eta internatzea sustatzen duten pragmatikak aitortu dira, bai eta jazarpenak ere, hala nola, «Ijitoen Sarekada Handia» -gau batean milaka ijito atxilotu eta urteetan espetxean izan zituzten-; eta berriki, Europaren historian, hilketa-saiakerak aitortu dira. Hitler, Kosovo... Gaur egungo erronka diskriminazioa, jasaten di- tuzten estereotipoak eta sortzen duten errezeloa eta beldurra gainditzea da, beti atzean dagoen pertsona ikustea eragozten baitute. Izan ere, pertsona ikusi baino lehen, herria epaitzen baitugu, eta Einsteinek esaten zuen moduan, «zailagoa da aurreiritzi bat neutralizatzea atomo bat desintegratzea baino». Zaila bai, baina baita beharrezkoa ere gizarte demokratiko batean. Agian, ijitoak ezagutzetik hasi beharko genuke, familiari, elkartzeari, adinekoei ematen dieten garran- tziaz jabetu, boterearen gainetik jakituriari dioten errespetua ulertu eta, aintzakotzat hartu ez den herriaren erantzun gisa, haien kantu lazgarriaren sentimendua ezagutu... Baina, horren ordez, batzuetan aurreiritzietan oinarritutako «izateko moduak» eta «jokabideak» esleitzen dizkiegu, eta, euren zailtasunez galdetu aurretik, «normaltzat» hartzen ditugun ereduen arabera jokatzeko eskatzen diegu.
Pertsona eta talde guztien berdintasun aintzatespenak gure gizartean ijito guztien barne hartze politikoa, soziala eta ekonomikoa ahalbidetu behar du, gizarte honen zati gisa eragiten dieten erabakietan parte hartu eta aukera-berdintasuna eskatu eta baliatzeko aukera izan behar dute. 2007ko urte honetako egun honetan -2007a aukera berdintasunaren Europako urtea da, halaber-, Ararteko moduan, ijito herriarentzako «beste historia bat» sustatzen duten erakundeei eta pertsonen ahaleginari nire babesa erakutsi nahi diet. Historia horretan askatasunaz eta berdintasunaz hitz egin ahalko da, baina baita partaidetza ekonomikoaz eta gizarteratzeaz ere. Horrez gain, komunitate honentzat estimua eskatu nahiko nuke, elkarrengana hurbilduko gaituen estimua, elkarrekin bizitzea eta elkar ulertzea ahalbidetuko diguna, elkar errespetatzera eramango gaituen estimua eta, ororen gainetik, gizarte berean elkarrekin, eta ez bakoitzak bere aldetik, jarraitzeko beharrezko estimua.