GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

afro-basque fire brigate eta talka tour 2007

"Taldea bene-benetan luxuzko musikariekin osatuta dago"

Fermin MUGURUZA , Musikaria

Itota omen dago egunotan. «Badakizu -desenkusatu da-, leku guztietara iritsi nahi, eta ezin». Talka Tourrekin, berriz, leku guztietara beharbada ez, baina urrutira, behintzat, iritsiko da.

Zure berri izan dugun azken aldian, Kopenhagen zeunden.

BECeko kontzertuaren ondoren, emanaldi berezi batzuk egin ditut, musikari gutxirekin, Argentinan, Erroman... eta joan den astean Kopenhagen. Han bota duten gaztetxe historikoa (Ungdomhuset) niretzat ere errefente handia zen, bertan, Negurekin-eta, jo izan dudalako. Pro- testen ondorioz jende pilo bat dago atxilotuta, gainera. Beraz, joan beharra genuen.

18/98ko auzipetuen alde BECen eginiko kontzertu gogoangarria aipatu duzu. Biraren aperitibo modukoa izan al zen hura?

Nik neuk ez dut horrela ikusi nahi izan, baina bai, horrela izan zedin halako «presio» bat sentitu nuelako, batez ere musikarien partetik. Arrazoi zuten, ez baita normala hiru hilabetez entseatzen ibiltzea kontzertu bakarra egiteko. Beraz, hura prestatzen ari ginela, mamitzen hasi zen bira.

Nolako kontzertuak izango dira birakoak?

Oinarria «Euskal Herria Jamaika Clash» izango da eta, beti bezala, kanta zahar batzuk ere sartuko ditut. Aukera dugunean, esaterako Euskal Herriko ondoko kontzertuetan (apirilaren 20an, Durangon; 21ean, Garazin, eta 30ean, Iruñean), bi orduko kontzertuak egingo ditugu. Taldea benetan luxuzko musikariekin osatuta dago, horien artean Stephanie Wallace eta Bubbler jamaikarrak, eta bakoitzak bere nortasuna adierazteko tartea izan dezala nahi dugu.

Bira hilaren 18an hasiko duzue, Parisen. Zergatik Parisen?

Hiri enblematikoetan hastea gustatzen zaidalako. Kontrabandaren «Bizi gara» kontzertuen aurkezpena Madrilen egin genuen; eta oraingoa, berriz, Parisen. Azken batean, Madril eta Paris metropolietako hiriburuak dira, eta piztiaren bihotzean bertan garen bezalaxe azaltzea eta bakarrik ez gaudela erakustea ere bada helburu bat.

Katalunian harrera ona izan duzue beti, eta bizpahiru kontzertu egingo dituzue. Madrilgo ateak, berriz, aspaldion itxita daude zuentzat.

Orain dela hiru urte, kontzertu asko bertan behera geratu ziren. Azkenean, Rivas-Vaciamadriden jo genuen, baina, hori zela-eta, antolatzaileek sekulako mehatxuak izan zituzten. Zorionez, ez ziren bete, elkartasun handia jaso zutelako, baina ezin da beti horrela ibili. Dena dela, ni ez nago Madrilen edo Espainian bakarrik betatuta. Euskal Herrian bertan Gasteizen edo Iruñean jotzeko arazoak ditut, eta hori ere esan beharra dago.

Arazoak saihesteko, tentuz aukeratu dituzue birako kontzertuak. Hala ere, Benicassimgo Viña Rockeko kartelean zaudetelako hasi da kalaka.

Bira hasi aurretik batzuekin eta besteekin hitz egin nuen. Viña Rockeko antolatzaileek arriskatzeko prest zeudela esan zuten, eta gu ez ezik S.A. sartu dute kartelean. Iragarri bezain pronto hasi da, ordea, Alcaraz ultraeskuindarraren kalaka. Baina hori ikusten dena baino ez da; ikusten ez dena da jaialdien sponsorrei nolako presioa egiten dieten.

Maiatzean, Ameriketara salto: Mexiko, Venezuela eta Kuba.

Sekulako ohorea da. Mexicon, EZLNren «La otra campaña» abian dela joko dugu, besteak beste, Zocalon. Venezuelan, berriz, Caracasen. Alkateak esan zidan zenbait proiektu iraultzaile erakutsi nahi zidala. Beraz, jotzeaz gain, bertako errealitatean bustitzeko aukera ere izango dugu. Eta errematerako, Kuba. Iaz egon nintzen eta Festival de la Cancion Necesarian parte hartzera gonbidatu ninduten. Baina azken kontzertua Tribuna Anti Inperialistan bertan egingo dugu. Atera kontuak.

Handik bueltan, Europa osoa...eta Bilbao Live, Metallica eta Iron Maidenekin batean.

Ekainean, momentuz, bi kontzertu ditugu hemen: 21ean Bilbon eta 30ean EHZn. Bilbon Metallica eta Iron Maiden egongo dira, beste hainbat talderekin, baina gure egunean, 21ean, kartel polita geratu da. Berri Txarrak taldearekin joko dugu. Egungo euskal taldea da. Oihartzun handiagoa mereziko luke.

Talka Tour oraindik ez da hasi eta, antza, kantak prestatzen ari omen zara 2008ari begira.

Ni ezin naiz musikatik aparte bizi. MilakaBilaka ez bada, Ane Muñozen filma izango da, baina horrek ez du esan nahi 2008ari begira proiektu bat dudanik.

MilakaBilaka aipatu duzu. Kanta konprometitua da, baina ez konpromisozkoa.

Parisen, Tolosan, Bartzelonan-eta ibili nintzen grabatzen. Hegoafrikako manifestazioak asko gustatu zitzaizkidan, dantza eta guzti egiten zutelako. Eta pentsatu nuen guk ere horrelako zerbait egin genezakeela. Horregatik sortu nuen martxa hori eta horregatik Guggenheimetik abiatu zen manifestazioan etengabe egon nintzen musika jartzen. Bake prozesuarekin nola jokatzen ari den ikusita, gizartean frustrazio handia dagoela uste dut. Horri aurre egiteko, MilakaBilaka azken urteotan sortu den alternatibarik politena dela uste dut; politena eta, espero dezagun, eragingarriena.

Politikaz ari zarela, nola ikusten duzu botila? Hutsik? Betetzear? Erdi hutsik? Erdi beteta?

Denboraren poderioz pesimista aktibo bihurtu naiz.

Martin ANSO | DONOSTIA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo