Julen MURGOITIO
Hau kristoa egunotakoa!
Aste santuan gaituzte, berriro ere. Kristoren pasioa gogora ekartzeko astebete bat. Batzuek kristoren pasioa jartzen dute egunotan, autobideetako prozesio amaigabeetan. Hark gurutzea bizkarrean egin behar izan zuen kalbariorako bidea, hauek kreditu-txartela eskuan egin nahi dute ordainlekurako bide geldia; ez dira pareko zamak, gero! Hau kristoa egunotakoa! Egia esan, ez dakit prozesua dagoen ala ez dagoen baina aste santuan behintzat prozesioak izan badira, eta ez errepideetakoak bakarrik! Horra kristoren pasioa duten fededunak, ama birjinaren estatua leporatuta kalera irteten direla, danborraren harrabotsa eta oin ortozen hotsa bidaide. Geldika, pausoka, ibilera neurtuan. Tira, sekula ez dut nik ulertu aste santuarena, zelan izan zitekeen posible ama eta birjina batera. Eta, jakina, are gutxiago ulertzen dut nik estatua kalera ateratzearena egunotan, estatuak urte oso-osoa gure kaleetan egiten baitu, aurpegia bete txano egin ere; beheko estatuaz nago orain. Kaletik ateratzen denean ziegetara jaisteko da, bere paradisuan sinesten ez dutenei kalbariorako bidea erakusteko. Gurutzerik gabe ere kalbariorako bidea egin daitekeen seinale. Hortaz, ez dakit prozesua dagoen ala ez dagoen, baina prozesatuak izan badira, kristorenak jaso eta gero. Zuzenbide estatu- aren okerbideak dakarren kalbarioa. Batzuetan pentsatzen dut gurutzea lepotik zintzilik daroan jendeak inoiz ez duela gurutzea bizkarrean hartu. Ba ez, ez dakit prozesua dagoen ala ez dagoen baina prozesionaria izan bada, eta ez nago pinu-beldarraz prezisamente, toga-beldarraz baino, unagrandelibrea batasunaii horretaz. Ez dakit prozesua dagoen ala ez, baina badakit prozesua egongo bada aurretik prozedura beharko dela, eta horretan prozesamenduak, prozesionariak eta prozesioak ez lukete lekurik izan behar. Baina bitartean prozesio batzuk derrigor egin behar. Horra milaka lagun, fede desberdinetakoak, ilaran, errenkadan, gurutze modu- ko de-ene-ia ahoan, hortzak estututa, kalbario moduko notario denerako aldapan gora, bihotzeko harrabotsa bidaide, gurea ez den orrian sinadura gauzatzera. Bai pasioa aste honetakoa! Fededun ofizialek inoiz gozatu gabeko fedea da gurea. Kristo jatorrik balego ilara horretan izango zen, egunotan hamaika elkarrizketa egiteko bazen ere. Gure aste santua urte osokoa da.