Busturialdeko krisiarekin kezkatuta, milaka lagun erakundeei belarritik tiraka
Herri ekimenak «Busturialdean lan eta bizi" adierazpena kaleratu du, eskualdeko krisia salatzeko eta horri aurre egiteko neurriak eskatzeko. Dagoeneko, 13 enpresa batzorde atxiki dira, eta bi mila sinadura baino gehiago batu dute; kanpaina, ordea, ez da amaitu.
Ez da Busturialdeko krisia salatzen duten lehendabiziko aldia. Ezker abertzaleak sarritan ohartarazi du alarma gorriak aspaldidanik piztuta daudela, eta Administrazioak horretan duen ardura zuzena salatu du, arazoari aurre egiteko neurririk ez hartzeaz gain, onartuta dituen legeak eta plangintzak berak ere bete ez dituelako.
Krisi horren adierazle diren zifra batzuk agertzen ditu adierazpenak. «Arrantza, nakazaritza eta industria sektoreetan 10.000 lanpostu baino gehiago galdu dira. Biztanleria zahartzen ari da, eta 18tik 29 urtera bitarteko 7.000 gaztek ez dute inolako irtenbiderik etorkizunean». Baieztapen hori eginda hasten da aipatutako manifestua, eta goian sinatzen dutenen artean, EHNE, ELA, LAB, UGT eta STEE-EILAS sindikatuak daude, bai eta Batasuna eta Gernika-Lumo herri plataforma, eta Ekologi Tailerra eta Erle Zainak taldea.
Eskualdeko egoera azaltzen duen argazki «beltz» horretan, emakumearen errealitatea «bi aldiz okerragoa» dela dio adierazpenak, «ohikoa duen betebehar bikoitzagatik», eta erakunde publikoetako arduradunen aurpegiak gorrituko dituen salaketa egiten du idatziak. «Administrazio publikoak ez ditu bere legeak eta planak bete. Eskualdeko egoera sozio-ekonomiko prekarioari ez dio inolako soluziorik eman», esaten du. Atal horretan adierazten du Muxikako Finsa-Inama enpresaren kutsadura baimentzen jarraitzen duela, eta garapen iraunkorra bultzatu beharrean, higiezinen enpresen, finantza- kapitalaren eta espekulazioaren onurarako jardun duela.
Enplegua sortzeko eskaerak
Administrazioaren «pasibitatea» dela-eta, sinatzaileek -13 enpresa batzordek, 2.000 lagun baino gehiagok eta hainbat eragilek- proposamen zehatzak egiten dituzte enplegu berriak sortzeko. Besteren artean, eskualdeko jarduera ekonomikoak integratzen dituen plana planteatzen dute. Ikerketa bultzatzea eta lehenengo sektoretik abiatuta industria aldatzea proposatzen dute.
Egun dauden enpresek beste jarduera batzuk erakartzeko duten indarra aprobetxatzea garrantzitsua dela nabarmentzen dute, baita dibertsifikazioa bultzatu beharra ere. Era berean, beharrezko ikusten dute gazteriaren gaitasunaren eta formazioaren araberako jarduerak sortzea, eta enpresen mintegia planteatzen dute.
Erakundeek Muxikan egin nahi duten industrialde erraldoiaren proiektua ere kritikatu dute adierazpenean. «Jasanezina eta bururik gabekoa» izateaz gain, nekazaritzarako balio handia duen lur eremuan jartzeko asmoa baitute eskualdeko eragileek. Horren moduko egitasmoak bultzatu beharrean, proiektu berritzaileak eta teknologia garbietakoak egiteko eskatzen dute herritarrek.
Era berean, proposamenen artean, lurzoruak egokitzea eta industria plana garatzeko Gernika-Lumoko Ibarra-Txaportako industrialdea birgaitzea daude. Gainera, lurzoruak desjabetzea ere proposatzen dute; beharrezkoa izatekotan, interes orokorraren araberako desjabetzak egiteko aukera aurrez ikusten dute.
Eskatzen dituzten konpromisoen artean, ingurumena zaintzeari berebiziko garrantzia ematen diote, garapen iraunkorra lortzeko, eta jarduera ekonomiko berriak agertzen ari diren honetan, badago argi azaltzen den beste atal bat: herritarren osasuna; hots, langileen osasuna. Honelako eskaerak egin dituzte testuan: «lan kontratu guztietan emakumeen berdintasuna bermatzea» edota «guztientzako lan-baldintza duinak izatea».
Ekimena kaleratu eta berehala, honakoa esan zuten ekimenaren bultzatzaileek: «Argi dugu oso emaitza esanguratsuak aterako direla, eta inoiz baino ozenago gure aldarrikapena plazaratuko dela». Izan duten harrera ikusita, oso positibotzat jo dute. «Gizarteak erraz ikusi du edo aspaldian ikusten ari da egia borobila dela eta egoera guztiz larria dela Busturialdean», azaldu dute. Gainera, EAJ alderdiari eta CCOO sindikatuari ekimen horretatik kanpo zergatik geratu diren galdetzen diete.
Jasotako atxikimenduak erakundeetara helaraziko dituztela jakinarazi dute, eta hilaren 21erako manifestazio batera deitu.
Nerea GOTI