GARA > Idatzia > Kultura

Orhan Pamuk Nobel saridun turkiarra Istanbulera itzuli da eleberri batean lanean jarduteko

Orhan Pamuk 2006ko Literatura Nobel sariduna Istanbulera itzuli da idazlan batean lanean jarduteko asmoz. Idazleak Hrant Dink kazetariaren hilketa gertatu eta gutxira utzi zuen hiria.

GARA | ANKARA

Sorlekura itzuli da Orhan Pamuk aste honetan, Iletisim argitaletxeko arduradun nagusi Nihat Duruk azaldu duenez. «Ez ditu ospakizunak maite. Istanbulera etorri da, eta orain etxea eta liburuak antolatzen nahikoa lan du», aipatu du.

Argitaratzaileak esan duenez, idazlea irailera arte geldituko da Turkian, eta hurrengo eleberria idazten jardungo da.

Orhan Pamuken lan berriak badu izenbururik dagoeneko: ``Masumiyet Muzesi'' (``Inozentziaren museoa''). Urte bukaerarako egongo da liburu-dendetan. Nahiko aurreratua du testua, eta Istanbulera joan da orrialdeei azken ukitua ematera, bere argitaletxeak aditzera emandakoaren arabera.

``Sabah'' egunkariak Pamuken berri ekarri du egunotan orrialdeetara. Argitalpen horrek jakinarazi duenez, egileak ez du inolako adierazpenik egin nahi izan bere lagun Hrank Dink-en hiltzaileen mehatxuak jaso ondoren.

Egilea isilik da

Izan ere, inolako hotsik atera gabe itzuli nahi izan du Orhan Pamukek etxera. Ez du adierazpenik egin, zenbait komuni- kabidek Turkiatik denbora luzerako «ihes egin» izana leporatu badiote ere.

Esaterako, Sedar Turgut ``Aksam'' egunkariko zuzendariak Turkiako irudiari «kalte egitea» egotzi dio.

``Sabath'' egunkariko zuzendari Fatih Altayliuk argitaratu du otsailean Nobel saridunak 300.000 edo 400.000 dolar atera zituela, Turkiatik kanpo epe luzean egoteko asmoarekin.

Pamukek Columbiako Unibertsitatearekin (New York) akordio bat du, eta sormenezko idazketa ikasgai batez arduratzen da. Irailean Estatu Batuetara bidaiatu beharko du, berriz ere, eskolak ematera.

Hala ere, Nobel irabazleak ez du inolako azalpenik eman Turkiatik kanpo joatera behartu duten arrazoiei buruz, eta Hrant Dinken heriotzaren ostetik hainbat norabidetako zurrumurruak zabaldu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo