GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

untzagatik laudiora; gazte martxa 07

Oztopoen gainetik, Gazte Martxak jendetza bildu du Laudiorako bidean

Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren kontrolen gainetik, eta lokatzari, putzuei eta ekaitz beldurgarriei aurre eginez, Gazte Martxan parte hartu duten lagunak gaur helduko dira Laudiora. Ostiralean abiatu ziren Untzagatik bi mila gazte baino gehiago, eta egun hauetan guztietan Aiarako mendi eta basoak zeharkatu dituzte, solasaldiak eta ibilaldiak uztartzen. Nazioartetik heldutako ordezkaritza zabalak babesa eman die Euskal Herriko gazte independentistei.

Iker BIZKARGUENAGA | GASTEIZ

Eguerdian dira Laudiora heltzekoak iragan ostiralean Untzagatik abiatutako gazteak, bidean topatutako lokatz mordoa atzean utzita, eta bizkar-zorroetan egun hauetan pilatutako esperientzia aberasgarriak gorderik dituztela. Izan ere, jendetsua eta arrakastatsua izaten ari da Aiarako parajeak goitik behera zeharkatu dituen Gazte Martxa 07, nahiz eta polizia indar espainolak gogotik saiatu diren ekimen horri oztopoak jartzen.

Alde horretatik, Untzagako bidean zeuden ehunka gazte miatu eta identifikatzeko, Guardia Zibilak hainbat errepide kontrol ezarri zituen ostiralean bertan, goizean goizetik. Etxegaraten, Altsasun, Altuben, Laudioko ordainlekuan... tamalez herri honetan aski ezagunak diren Patrol berdeak nonahi bildu ziren traba egiteko. Polizia espainolak ere kontrolak jarri zituen Nafarroatik Arabara zihoazen gazte independentistak jazartzeko.

Bi mila gazte Untzagan

Edonola ere, jazarpen ororen gainetik, Untzagako plazan bi mila gaztetik gora bildu zen Gazte Martxari hasiera emateko; ekimen ibiltari horrek inoiz bildu duen jendetzarik handiena, alegia. Alde horretatik, duela hiru urte Bizkaiko kostaldea inguratu zuen faxismoaren aurkako gazte-ekimenak 1.800 lagun inguru bildu zituen ibilbidean, eta aurten ehunka lagun gehiago zeuden lehen egunetik.

Ekitaldi politiko batek hasi zuen ekimena, eta ekitaldiaren ostean, adarraren soinuak bidean jarri zituen gazteak. Horien eskuetan, ikurrinak, Nafarroako banderak, arrano beltzak, euskal preso politikoen aldeko ikurrak, errepresaliatuen argazkiak eta nazioarteko hainbat herrialdetako banderak ikus zitezkeen, eta bildutakoei basoak zeharkatzen zituen suge koloretsu baten itxura eman zieten.

Urduñan izan zuten lehenengo hitzordua Gazte Martxako kideek, eta Bizkaiko hiri horretan bazkaldu zuten, erreka eta putzuak zeharkatu ostean galdutako indarrak berreskuratzeko. Urduñako plazan bildutako auzokideek txaloz hartu zuten euskal gaztez osatutako ilara ikusgarria.

Gosea behar bezala aseta, berriz ere bideari ekin zioten gazteek; Mendeikako kanpalekua zuten helmuga. Aldapan gora, aldapan behera, ordu luzez ibili ziren, pixkanaka-pixkanaka kanpalekura heldu ziren arte. Bertan, talde bakoitzak bere zakuak hartu zituen eta kanpin-dendak zabaltzen hasi zen.

Ilundu aurretik, Irlandatik, Hegoafrikatik, Kurdistandik, Alemaniatik, Italiatik, Sardiniatik, Korsikatik, Herrialde Katalanetatik, Galiziatik, Asturiastik, Kantabriatik, Estatu frantsesetik eta Gaztelatik etorritako lagunek osatzen duten nazioarteko ordezkaritzak hitzaldia eman zuen. Euren herrialdeetako gazteen egoerari buruz mintzatu ziren, eta beren mezua, euskal gazteei zuzendua, argia izan zen: «Ez zaudete bakarrik; errepresio hau denok batera gaindituko dugu! Tiocfaidh ár lá!» -gure eguna helduko da-, laburbildu zuen Ogra Sinn Feineko ordezkariak.

Bideoz lagundutako beste hitzaldi batek Euskal Herriaren bilakaera historiko-politikoaren berri eman zien bildutakoei.

Goizean goiz abiatu zen, atzo, Gazte Martxaren bigarren eguna, eta gazteen azken helmuga Okondo bazen ere, Amurrion egin zuen lehen geldiunea. Udaletxe aurrean, ekitaldi politikoa izan zuten, eta besteren artean, azken mende laurdenean gazte mugimenduak egindako borroka aipatu zuten.

Hauteskunde demokratikoak

Mati Iturralde Arabako hautetsi abertzalea lagun zutela, Gazte Martxako kideek heldu diren maiatzean egingo diren hauteskundeak hizpide izan zituzten. Alde horretatik, hitza hartu zuen gazteak salatu zuen «prozesuaren aldeko indarra, independentziaren aldeko indarra, euren mapa demokratikotik ezabatu» nahi dutela.

«Ez diegu utziko. Prozesu demokratikoa behar dugu independentzia lortzeko, eta prozesu demokratikoa izan dadin hauteskundeek demokratikoak izan behar dute», adierazi zuen. Bere iritzirako, hauteskundeak eta prozesu demokratikoa «batera doaz» eta, ezinbestean, «ezker abertzalea den bezalakoa onartu behar dute».

«Ezker abertzalea hauteskundeetan egongo da, besteren artean, independentziaren bidean eskutik helduta goazen gazteok helburu hori lortzeko behar den guztia egingo dugulako», adierazi zuen, gainera, hizlariak, eta dei egin zien Euskal Herriko gazteei heldu diren asteetan «hauteskunde demokratikoen alde» sina dezaten. «Gatazkara kondenatu nahi gaituzten hauei beste zaplazteko bat emateko, eta independentziaren bidean atzera bueltarik gabeko urratsak egiten jarraitzeko», azaldu zuen jarraian.

Amurrio atzean utzi eta Okondorantz jo zuten gazteek, nahiz eta ekaitz ikaragarri batek bidea zaildu zien. Futbol zelaian egin beharreko herri olinpiar jokoak ere bertan behera uztera behartu zien erauntsiak.

Ekitaldi ugari gaur Laudion

Okondotik 9.30ean abiatu eta 12.00ak aldera helduko da Gazte Martxa Laudiora. Ordu erdi geroago, Aberri Eguneko ekitaldia egingo dute, eta bazkaltzeko mementoa heldu arte, kale animazioa egongo da herri guztian zehar.

17.30etik 19.00ak arte, kalean, bazkaltzeko lekuan eta herriko plazan kontzertuak izango dira, denen gozagarri. Kontzertuak bukatutakoan, kalejira aldarrikatzailea jaialdigunera abiatuko da, eta han 20.00etan ekitaldi politikoa egingo dute.

Horren ostean, milaka lagunentzat jarritako karpa erraldoian, Oliba Gorriak, KOP, Kaotiko, Los Delincuentes eta Betaga- rrik bukaera emango diote Gazte Martxa 07ko egitarauari.

aberri eguna

Gazte Martxa 12.00ak aldera helduko da Laudiora, eta 12.30ean Herriko Plazan Aberri Eguna ospatzeko ekitaldian parte hartuko du. Ostean, kale animazioak, azokak, erakusketek, kontzertuek... lekukoa hartuko dute.

nazioartea

Irlandako Ogra Sinn Fein; Sardiniako Amanca; Kataluniako Maulets; Kantabriako Regüelta; Darreu, Asturiastik; Estatu frantseseko Alternative Libertarie; DPT Youth, Kurdistandik; Galiziako AMI... denak euskal gazteriarekin.

informazio agentzia

Hitzaldiak direla, trumoiak eta tximistak direla edo Guardia Zibilaren jazarpen itogarria dela, hamaika gauza egon dira kontatzeko, eta denaren berri eman du Gaztesareko Gazte Informazio Agentziak; egun hauetan lan itzela egin du.

erauntsia

Eguraldia ez dute lagun izan Gazte Martxan parte hartu duten lagunek. Atzo ekaitz ikaragarri batek harrapatu zituen Okondora heldu bezain laster, eta gazte asko blai eginda geratu ziren. Dena den, guztiaren gainetik Laudion izango dira gaur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo