GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA HIRU SARETAREN MANIFESTAZIOA

Pertsonak trumilka bildu ziren atzo Baionan euskarazko hezkuntza babesteko

Datu ofizialen arabera, pertsonak trumilka elkartu ziren Hiru Saretak deitu manifestazioan. Hainbeste haur, heldu eta gazte Baionako karriketan euskararen alde borrokatzen ikusteak Hiru Saretako ordezkariak poztu zituen. Ez dago datu ofizialik, baina euskal hezkuntza babesten jende anitz izan zela ezin uka, berdin «trumilka" ere izanen ziren.

Idoia ERASO

Datu zehatzagoen maitaleei esan behar zaie 2.000 pertsona inguru elkartu zirela atzo arratsaldeko hiruretatik aurrera Baionako Lauga kiroldegian. Baionako erdialdeari itzulia eman eta gero, han bildutakoek Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinean protesta ekitaldi bat egin zuten.

Eguzkipean eta giro onean, Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek Baionako karrikak bete zituzten. Ibilbidea irekitzen zihoazen hogei bat joaldunen atzetik, pertsonak eta pankartak ugariak ziren. Familia giroko manifestazioan, protesta oihuak laguntzeko musikak ere tokia izan zuen, jendearen artean musikariak nahasi baitziren. Tartekatuak ere zeuden jendeak eskuartean zeramatzan afixak, eta hango mezuak askotarikoak ziren, baina beti hezkuntza euskaldunaren alde: «Kasu ikastola kexu» edo « Prest zara gela ixteak onartzeko?», zioten horietarik batzuek. Azken galdera horren erantzuna ezezkoa zen han bildutakoen artean. Donibane Garazitik heldutako atatxi batek argi adierazi zuen: «Politikariek hitz polit anitz erraten dituzte, baina benetan gure eskuara atxiki nahi badugu, kalera irten behar dugu protesta egitera, bestela ez digute adituko».

Irakaskuntzako hiru ereduk osatzen duten Hiru Sareta plataformaren deialdiari jarraiki, Hezkuntza Ministerioari hurrengo ikasturterako irakasleen kopurua eskasegia delako mezua helarazi zioten Baionara joandako milaka manifestariek. Seaska, Euskal Haziak eta Biga Bai-k deituriko manifestazioari erantzuteko, euskal hezkuntzako eta hezkuntza elebiduneko ikasle, irakasle eta gurasoak elkarrekin borrokatu ziren euskararen eskubideen alde.

Elkarrekin

«Elkarrekin» izan zen manifestazioaren lelo nagusia, «Elkarrekin euskararentzat» zegoen idatzia aitzinean zihoan Hiru Saretaren pankartan. Estatuak irakaskuntza ereduak banatzeko egiten duen saiora denak «elkarrekin» joan ziren protesta ekitaldira. Irakaskuntza publikoko ikasle elebidunen gurasoen elkarte Biga Bai-ko Josiane Libierek Gobernuaren estrategia salatu zuen: «'Zatitu hobekiago menperatzeko' da Estatuaren logika». Baina atzoko ekimena erantzun azkarra izan zela adierazi zuten Hiru Saretako ordezkariek. Hezkuntza giristinoko ikasle elebidunen elkarte Euskal Hazietako presidenteorde Pascal Bourgoinek manifestazioan nabarmendu zuen: «Inportantea da elkarrekin egitea hau, denak elkarrekin. Guk normalean ez ditugu protestak egiten, jende askok pentsatzen duelako hezkuntza katolikoan ez direla protestak egin behar, baina denek batera egiten ditugu orain, eta gero eta gehiago».

Hezkuntza Nazionalak gurasoak eta irakasleak elkarren aurrean ezartzeko eta borrokarazteko nahiari aurre egiteko «elkarrekin» manifestatu ziren atzo Baionan, eta askotan pankartaren beraren atzean. Heldu den urterako irakasleen lanpostuak orokorrean eskas direla salatzeaz gain, eskola eta ikastola batzuek beraien egoera propioa salatzeko ere baliatu zuten atzoko protesta. Eskola eta ikastoletako guraso eta irakasleak elkarrekin abiatu ziren Lapurdiko hiriburuko karriketan zehar, betiere alde guztietan ziren haurren laguntzarekin.

Besteren artean, han zen Azkaineko Sainte Marie eskola «haur gero eta gehiago eta lanpostu gutxiago» dituztela salatzeko. Hazparneko Santa Terexa eta Sarako Olhan ikastolako ordezkariak ere Baionan izan ziren. Ziburuko San Mixel eskola giristinoa lanpostu erdi bat gehiago eskatzen aritu zen heldu den ikasturterako. Ziburuko eskolako irakasleak horrela azaldu zuen egoera: «Ikasgela elebidunekin jarraitu ahal izateko postu erdi bat gehiago behar dugu. Badakigu beste eskola batzuetan okerrago daudela, baina guk postu erdi hori ere behar dugu». San Mixel eskolako egoera deskribatu zuen irakasleak: «Gela batean 47 haur eta sei maila daude nahastuak, eta ez dute postu erdi bat gehiago eman nahi. Euskarazko klaseetan 30 haur dira, baina frantseseko ikasleekin elkartzean, hau da denboraren erdian, 47 haur dira».

«Elkarrekin» izan ziren ere bai Estatu frantsesean ofizialak ez diren hizkuntzetako hezkuntza elkarte eta erakundeak. Hiru Saretako kideak laguntzen, Okzitaniatik eta Bretainiatik heldutako ordezkariak ibili ziren Baionako karriketan zehar euskarazko hezkuntzaren alde borrokatzen. Bretainian hezkuntza bretoiera elebakarra eskaintzen duen Skoliou Diwan-ek ordezkaritza txikia izan zuen. Hurrengo ikasturterako Diwanek irakasle lanpostu falta ere baduela salatu zuten Diwaneko ordezkariek, eta Euskal Herrian bezala, joan den astean berek ere manifestazioa antolatu zutela adierazi zuten. 4.000 pertsona elkartu ziren aurreko larunbatean Lorienten.

«Elkarrekin» ziren ere abertzale eta ez abertzaleak. Protestaren aurreko egunetan elkarte, alderdi politiko eta hainbat sindikatuk Hiru Saretaren deialdiarekin bat egiten zuten komunikatuak ugaldu ziren. «Abertzale guztiek egin dute manifestaziorako deialdia, baita ez abertzaleek ere. Berdeek deialdia zabaldu dute eta Alderdi Sozialistako hautetsi batzuek ere gure eskaerekin bat egin dute», adierazi zuen Ikastolen Federazioko presidente Ixabel Xarritonek. Manifestazioaren bukaeran izan zen hitzaldian hiru ereduetako ordezkariek talde eta erakunde guztiek eman laguntza eskertu zuten.

Hiru Saretaren mezua

Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzaren aitzinera ailegatzean, Hiru Saretako ordezkariek irakurri zuten manifestuaren izenburuak «Berdintasuna, berdintasuna, berdintasuna!» esaten zuen. Estatu frantsesak iraultza garaian eta Konstituzioan onartua duen berdintasunari dei egin zion Ixabel Xarritonek: «Herritarren arteko berdintasunaren izenean jokatzea aitzakiatzat hartuta, Hezkuntza Ministerioak euskararen aldeko irakaskuntza ahalak murrizten ditu».

Estrategia horren ondorioz gaur egun dagoen egoera larria dela nabarmendu nahi izan zuen Seaskako presidenteak: «Hezkunza Ministerioaren `akats gabeko engaiamendua' edo `pedagogi berezitasun baten kontuan hartze egiaztatua' aipaturik ere, 2007-2008ko Eskola Kartak egoera larri bat erakusten du, eta euskarak egunero bizi duen galtzearen ikuspegia adierazten du».

Hiru Saretak egindako adierazpen horiek Paueko Ikuskaritza Akademikoko inspektore Jean-Michel Eplek publiko eginiko gutunen erantzuna dira. Izan ere, Ikas-Bik otsailaren hastapenean egin protestaren ondoren eta atzoko manifestazioaren aurretik, Paueko inspektoreak komunikabideetara igorritako gutunetan euskarazko hezkuntzaren berezitasuna nabarmentzen zuen. Horrez gainera, irakaskuntza elebakar frantsesaren aldean baliabide gehiago jasotzen duela ezagutarazi zuen.

Horiek hala, Paueko Ikuskaritza Akademikotik heldu erasoei erantzun zuzena eman zien Biga Baiko Josiane Libierrek: «Hezkuntza Ministerioko ordezkariek adierazi nahi dute zenbakietan oinarrituta, faboredunak garela eta ez dugula urrikaltzerik. Baina ahazten dute zehaztea elebakar, elebidun edo murgiltze eredu bakoitzarentzat irakasleko izan behar den haur kopurua zenbatzeko moldea desberdina dela».

Zenbatzeko era ezberdinek sortzen dituzten egoera zailen adibidea ezarri zuen Josiane Libierrek: «Hezkuntza Ministerioko zerbitzu teknikoen logika aritmetikoaren arabera, elebidun ereduko ikasleak erditzat kontatzen dira; frantseseko irakasleek, alta, ikasleak osotzat dituzte parean klaseetan». Bi urte baino gutxiago dituzten haurrak ez dituztela zenbatzen eta bigarren mailako ikaskuntzako ikasgela publikoak administratiboki zenbatuak ez direla nabarmendu zuen Biga Bai-ko ordezkariak.

Hauteskunde presidentzialak heltzear diren memento honetan, hurrengo presidenteari dei azkarra egin zion Hiru Saretak: «Onartuko ote du euskara berpizteko beharrezkoak diren euskararen irakaskuntzarako baliabideak eskaintzea Estatuaren betebeharretan dela? Euskararen geroa bermatzeko euskararen ofizialtasuna bermatuko ote du?».

Hitzaldian zehar Hezkuntza Ministerioaren lanaren gaineko kritikak nagusi izan baziren ere, protestaren bukaeraren kokaguneak esanahi nabarmena izan zuen. Baionako erdialdea inguratu eta gero, Baiona Ttipian zehar sartu baitzen manifestazioa, eta ordu eta erdiren buruan Euskararen Erakunde Publikoaren atearen aitzinean bukatu zen ibilbidea. Hiru Saretaren ordezkarien eta Hezkuntza Ministerioko buruzagien artean bitartekaritza lana egin beharko lukeen EEPren egoitzaren aurrean eskaera zuzena egin zuen Euskal Haziak taldeko Pascal Bourgoinek: «Euskararen irakaskuntzari zor zaion tokia segurtatuko duen hizkuntza politika eraginkorra bideratu behar da, euskarazko irakaskuntzak baliabide berezi eta egokiak lortzeko».

Hurrengo ikasturterako negoziazioan lorpen handiak egin ez dituen EEPko ordezkariei eta haren presidente Max Brissoni hezkuntza giristinoko ordezkariak esan zien euskarazko irakaskuntzari begira dituen jarrerak baietsi behar dituela.

Egungo egoeraren irudi gogorra irudikatu eta gero, plataformak etorkizun beltza aurrez ikusi zuen euskararentzat. Gaur egun, ikasleen %9k bakarrik jarraitzen dituzte ikasketak euskaraz behin kolegiora ailegatzean, eta lizeora sartzen diren ikasleen artean kopuru hori %3ra jaisten da. Horiek hala: «Euskararen irakaskuntzak ondoko hamarkadan bizi lezakeen arrisku nagusia liteke irakasle euskaldun eskas izatea».

Baionan atzo elkartutako jendearen ispiritua esaldi bakar batean bildu zuen Pascal Bourgoinek manifestazioaren bukaeran: «Behar diren neurriak ez badira orain hartzen, euskararen geroa azkarki zalantzan izanen da Iparraldean. Gaur elkarrekin gara, elkarrekin euskararentzat!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo