Emakumezkoen futbola Euskal Herriko jokalariek beren maila erakutsi dute Hego Ameriketan
Argentina berriro gailendu zaio euskal selekzioari
Defentsan egindako hutsek eta Itziarrek ikusitako txartel gorriak apurtu dute partidaren oreka
GARA | BUENOS AIRES
Joan den urteko irailean bi selekzioek Irunen jokatutako emaitza errepikatu zen Buenos Airesen ostiral arratsaldean izandako partidan (4-2), eta Argentina berriro gailendu zitzaion euskal selekzioari.
Norgehiagoka oso parekatua izan zen arren, atzealdean egindako akatsek bi goleko abantaila eman zioten etxeko selekzioari neurketaren lehen herena jokatzerako, eta atsedenaldira emaitza horrekin joan ziren.
Euskal Herriko jokalariek bigarren zatian egin zuten jokorik onena, eta itxura hobea eman zuten. Baina Florencia Romano epaileak, Argentinak duen FIFA epaile bakarrak, Itziar Gurrutxaga kanporatzea erabaki zuen lehen minutuetan, nahiz eta egindako falta ez zen horrenbeste- rakoa izan.
Hamar jokalarirekin geratu bezain azkar, Coronel argentinarren izarra agertu zen gauzak are eta gehiago estutzeko. Coronelek bere selekzioari hiru goleko errenta eman ondoren esnatu zen euskal selekzioa.
Vanessak 35 metro ingurutik sartutako falta bati eta Ebak penaltiz egindako beste gol bati esker urduritasuna sortu zuten Argentinarengan. Azken minutuetan berdintzeko aukera paregabeak izan zituzten Ebak eta Gurutzek, baina Fabiana argentinarra izan zen gola sartu eta partida erabaki zuena.
Neurketa galdu arren, pozik agertu zen Sebas Martija. «Irunen baino hobeto jokatu dugu. Bigarren zatian baloiaren jabe izan gara, eta aurkariak baino aukera gehiago izan ditugu. Hamar jokalarirekin oso ondo jokatu dugu. Gutxienez berdinketa merezi izan dugu», esan zuen hautatzaileak.
Gizonezkoak Venezuelara
Emakumezkoen selekzioa izan da Ameriketara jokatzera joaten lehenengoa, baina ekainean gizonezkoek aukera izango dutela dirudi. Euskadiko Futbol Federazioko lehendakari Iñaki Dobaranek adierazi zuenez, azken orduko ezustekorik ez bada gertatzen, euskal selekzioak Venezuelaren aurka jokatuko du datorren ekainaren 20an, liga bukatu ondoren.
Eguna oraindik baieztatu gabe dago. Hala ere, Amerikako Kopa jokatuko dute aurten herrialde horretan, eta beren selekzioarentzat txapelketa prestatzeko partida izango dela esan zuten Venezuelako futbol federazioko agintariek joan den astean. Gainera, futbol zelai bat inauguratzeko balioko luke norgehiagokak.
El conjunto blaugrana venció ayer en la final del Torneo Bizkerre a la Real (3-2). El club organizador fue tercero por delante del Athletic, cuarto, mientras Lagunak y Atlético de Madrid fueron quintos y sextos, respectivamente.