GARA > Idatzia > Tau

Zurbaok harrera beroa egingo dio taldeari

Lauko Finaleko etsaia, ACBko lidergoari sendo eusteko

Serkan Erdoganek zuntz haustura txiki bat du eta ez du jokatuko Bartzelonaren aurka; Ivanovicenek gasteiztarren kontrako azken zortzi partidak galdu dituzte

 

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Ostegunean Atenasen lortutako balentria alde batera utzi, etaBartzelonaren aurkako partidan ACB Ligako lidergoa indartu nahi du Baskoniak gaur arratsaldean. Hain zuzen, gasteiztarrekin batera Lauko Finalean egoteko ostegunean partida erabakigarria izango du talde horrek. Taldeari merezi duen ongietorria -sarrera guztiak salduak daude- egingo dio Zurbaoko zaleak, eta gaur egun joko sasoirik onenean dauden bi taldeak ikusteko aukera izango du, nahiz eta ikusteke dagoen Dusko Ivanovicen gizonek burua Unicajaren aurkako partidan izango ez ote duten.

Bi bolada izugarrik talka egingo dute gaur arratsean; izan ere, gasteiztarrek culeen aurka jokatutako azken zortzi partidak irabazi dituzte erreskadan. Hau da, Dusko Ivanovicek ez dio oraindik sekula irabazi bere talde ohiari, baina ezin da ahaztu kataluniarrak, Kopa irabazi zutenez gerotzik, sekulako joko maila ematen ari direla eta jokatutako azken hamahiru partidetatik hamabi irabazi dituztela.

Kirol alorrari dagokionez, atzo Bozidar Maljkovic entrenatzaileak adierazi zuenez, oso litekeena da Serkan Erdoganek gaurko partidan ez jokatzea, ezker belaunean zuntz haustura txiki bat duelako. «Jokalariak jokatu nahi du, baina nik nahiago du etorkizunean izango ditugun partida erabakigarrietarako gorde, beraz, ia ziurra da ez duela minuturik jokatuko».

Kataluniarrek ostegunean denboraldiko partidarik garrantzitsuena jokatu beharko duten arren, Maljkovicek ez du uste Bartzelonak indar alerik gordeko duenik gaurko partidan. «Ondo ezagutzen dut Bartzelonako jokalarien eta entrenatzailearen profesionaltasuana, beraz, mailarik onena ematen saiatuko direla uste dut, are gehiago Tau Baskonia aurrean izanda».

Bere jokalariengan ere ez du inolako eralaxaziorik nahi, urteko helburuetako bat lortu duten arren. «Euroligan eta ACBn azkenaldian oso ondo aritu eta gero, gure lana zaindu behar dugu, horregatik ez nuke galdu nahi, hala gertatuz gero, ostegunekoak distira galduko lukeelako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo