GARA > Idatzia > Pilota

Jokatu dira lehen bi kanporaketak

Agirrek utzi du aurten ere arrastoa Buruz Buruko Txapelketan

Abel Barriolak ere aurrera egin du Zarautzen Galartza kanporatu eta irudi bikaina emanda

AGIRRE 22

PASCUAL 12

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Imanol Agirrek berriz erakutsi du Buruz Buruko Txapelketan oraindik lekutxo bat merezi duela. Bizkaitarrak, beti bezain seguru eta serio jokatuta, Iñigo Pascual -kaskar aritu zen- kanporatu zuen Zornotzako Amorebieta IV.a pilotalekuan, eta Asier Olaizolaren aurka jokatuko du hurrengo kanporaketan.

Pascualek oso ongi ekin zion neurketari, oso fresko, eta 0-3 aurreratu zen konturatzerako. Bere kolpearekin Agirre asko behartzen zuen eta bazirudien partidaren erritmoa berak ezarriko zuela. Baina apurka-apurka Arteako aurrelaria markagailuan hurbiltzen hasi zen airean oinarritutako defentsa lan onari esker, eta bere aurkaria nekea nabaritzen hastearekin batera, pazientzia galtzen.

Horren adibide argia izan zen 4-5ekoa, 23 pilotakadarekin ordura arteko tantorik luzeena. Imanol Agirrek bikain eusten zien Pascualen zartakoei; dozena bat eraman zituen gehiegi nekatu gabe, eta azkenean atzelariak berak huts egin zuen.

Neurketa oso berdinduta egon zen orduan, eta tantoak trukatuz joan ziren bi pilotariak 9-8kora arte. Baina une horretan neurketa erabat apurtu zen. Pascualek nekearen ondorioz nabarmen egin zuen behera. Agirrek fisikoki bikain prestatzen dela erakutsi, eta askoz lasaiago jokatzeko aukera izan zuen.

Zazpi tantoko partzial bati esker 17 eta 9 aurreratu zen Agirre, eta sakearekin ere min handixeago eginez -ordura arte ez batak eta ez besteak ez zuten gehiegi asmatu lehen pilotakadarekin- neurketa erabakita utzi zuen aurrelari bizkaitarrak.

Partida amaieran, Iñigo Pascual oso haserre azaldu zen bere enpresak, Aspek, jarritako materialarekin eta «pilotak erosi eta etxetik ekartzen» hasi beharko duela adierazi zuen, «Cipriko pilotek ez dutelako batere balio».

Barriola, aise

Bestetik, ostiral arratsaldean, Abel Barriolak aise menderatu zuen Enrike Galartza Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, 22 eta 7ko emaitzarekin. Leitzako atzelariak Buruz Burukoa oso ongi prestatu duela erakutsi zuen eta eskuek ongi erantzuten badiote, berriz ere txapela janzteko faboritoetako bat izango dela.

Norgehiagokak ordu erdi pasatxo baino ez zuen iraun eta Barriolak hasiera-hasieratik hartu zuen aurrea (8-0). Sakearekin bikain asmatuz -bost tanto egin zituen jokaldi horrekin-, Galartza V.ari ez zion batere aukerarik eman, eta aurrean ere oso ongi amaitu zuen tantoa. Bi paretarekin hiru tanto egin zituen guztira, dejadaz beste hiru eta airez bi tanto amaitu zituen.

Baraibarko aurrelaria neurketari eusten saiatu zen arren -lehen partzialaren ostean 8 eta 5ekora hurbiltzea lortu zuen-, ezin izan zuen ezertxo ere egin Barriolak emandako erakustaldiaren aurrean. Segidan egindako zortzi eta sei tantoko beste bi txandatan 22ra joan zen Abel. Enrike Galartzak tanto bat egin zuen sakez eta beste bi hormabikoarekin.

Modu honetan, hurrengo kanporaketan Abel Barriolak Yves Salaberri Xala-ren kontra jokatu beharko du. Lekuindarrak sekulako maila eman du Binakako Txapelketan eta, Buruz Burukora nola moldatzen den ikusi beharko den arren, argi dago bi espezialista handi neurtuko direla oraindik lehiaketa hasi baino egin ez denean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo