GARA > Idatzia > Euskal Herria

ETA-ri elkarrizkta

"Erasoak desagertzen badira, prest gaude biolentziarik gabeko eszenario batekin konpromiso sendoak hartzeko"

ETA-ri elkarrizketa

Asko hitz egin da, azken asteotan, ETAren ustezko asmoei buruz. Urtarrilaren 10ean argia ikusi zuen agiria izan zen hausnarketarako eta eztabaidarako azken iturria, gaur arte. GARAk eginiko elkarrizketa honetan, ETAk bere helburuei, hausnarketei eta konpromisoei buruz hitz egiten du. Euskaraz egina dago eta, duen kazetaritza-balioagatik, guk eginiko itzulpena gaineratu dugu gehigarri berezi honetan.

Josu JUARISTI

Euskal Herrian, gatazka gainditzeko aukeraz hitz egiten da aspalditxo honetan. Baina zein argazki egiten duzue egun Euskal Herriaz?

Jakina da Euskal Herri askatu eta sozialista bat helburu dugula eta hori lortzeko borrokatzen dugula. Gaur egun, Estatu independente bat, orain urte batzuk baino gertuago ikusten dugula esan dezakegu, oraindik, lan eta borroka asko egiteko baldin badago ere.

Bestela, bere etorkizuna askatasunean eraikiko duen herri bat ikusten dugu. Independentziaranzko bidea egiten ari den herri bat alegia. Bestetik ordea, Euskal Herria zatikatu zutenek eta horien oinordekoek, lan izugarria egin dute gure herriaren nortasuna deusezteko. Kapitalismoaren baloreak eguneroko jardunean puri-purian agertzen zaizkigu. Eta gure aburuz, Euskal Herri zatitu honen egungo kudeatzaileak dira egoera horren erantzule nagusiak.

Zeintzuk dira Euskal Herrian begiztatzen dituzuen arazo nagusiak?

Gaur eguneko instituzioetako kudeatzaileek eta Euskal Herrian agintzen duten jauntxoek konpondu nahi ez dituzten horiexek dira gure herriak dituen premia nagusiak.

Nolatan ez dira ohartzen arazo estruktural benetan serioak daudela Euskal Herrian? Euskararen ofizialtasuna adibidez, gure hizkuntzaren etorkizuna Sanz edota Lasserre bezalakoen eskutan egonik, euskara heriotzara kondenaturik dago.

Zazpi herrialdeetako inkesta soziolinguistikoak begitandu besterik ez dira egin behar, gure hizkuntzaren etorkizun ilunaz jabetzeko. Eta honen aurrean jendartea lasaitu edota desaktibatzeko sasi-tresnak ipintzen dituzte kasurik hoberenean. Hori ez da bidea.

Eta euskal langileria? Onartezina pairatzen ari den egoera. Lan baldintzak, erabateko prekarietatea. Esaterako, Euskal Herrian, eguneroko ogi bihurtu zaigu langileen istripu eta heriotza. Zentzu horretan botere publikoek eta euskal enpresariek ezkuta ezineko ardura dute. Patronalak langileria heriotzara kondenatzen duen bitartean, PNVko politikari jauntxoek, bere jabegoa herritarren aurrean nola ezkuta dezaketen pentsatzen dihardute. Beraien udako, neguko eta bakantzetako etxeen zerrenda luzeak zentralitate politikoan txertatuz. Bitartean, entzungor egiten diote, sindikatu guztiek egiten duten aldarrikapen eta larritasun eskariari, eta noiz arte horrela? Euskadi Ta Askatasunak, zapalkuntza honekin amaitzeko zer egingo duten galdegiten du!

Lapurdi, Zuberoa eta Baxe Nafarroako egoera larria dugu bestetik. Ipar Euskal Herriak ez du berezko egitura instituzionalik. Honela, Paris-en intereserako, 2x2 bidearen proiektua, Abiadura Handiko Trena edo antzeko proiektu erraldoiak dira marrazten diguten etorkizuna. Baina oinarrizko arazoa ez da soilik proiektu horiek gure ustetan Euskal Herriarentzat desegokiak direla, ez, hori ez da arazo nagusia, arazoa, nola burutzen ari diren ikustea da. Inongo lotsarik gabe, Euskal Herriaren geroa baldintzatzen duten proiektuak inposatzen ari zaizkio gure Herriari. Demokrazia edota parte hartzea bezalako hitzekin ahoa betetzen duten horiek, zer egin eta zergatik egin nahi duten ezkutatzen diote jendarteari.

Gaurko instituzioak herritarren arazo horiei bizkar emanez aritzen dira. Herritarrek, proiektu hauen inguruko informazioak eta nondik norakoak herri plataformei esker eskura ditzakete soilik, proiektu hauen ideologoek hori ere ezkutatzen baitute. Boroako zentrala eta Itoizko urtegiarekin egin zuten bezalaxe. Hauek ere, herritarren borondatearen aurka eginiko triskantzak dira.

Euskal Herriaren zanpaketa, ukazio eta zatiketatik eratortzen diren egoerak ditugu horiek. Gure herriak gaur gaurkoz ez ditu bere etorkizuna eraikitzeko eta antolatzeko burujabetza eta botere tresnak bere esku. Aldiz, gaur eguneko instituzioak kudeatzen dituztenek, eguneroko lanean dihardute Euskal Herriaren ukazio eta zatiketa egoera hori behin betikotzeko.

Gauza bakar bat esan nahi diegu. Utz dezatela inposaketa politika hori albo batera eta jar ditzatela mekanismo demokratiko guztiak herritarren esku, guztion artean gure herriaren geroa eraiki dezagun!

PROZESUAri buruz, blokeoaz eta gizarteari eginiko deialdiez

Asko hitz egiten da prozesuaz... baina zergatik eutsi diozue edo jarri duzue abian prozesu bat orain, zergatik diozue baldintzak badirela honi ekiteko?

Badira bi urte Espainiako Estatuan gertakizun batzuk eman zirela. Hortik abiapuntu berri bat finkatu zen.

Hasteko, Martxoaren 11n Madrilen gertaturiko eraso armatuek, Aznarren zortzi urtetako agintaldiarekin amaitu zuten eta PSOE Espainiako Gobernura iritsi zen. Honek nolabaiteko aldaketa bat eragiten du eta momentu hartan egiten genuen irakurketarekin jarraituz, aldaketa honek Euskal Herriak bizi duen gatazkari zertan eragingo zion, PSOEko agintari berrien borondatearen araberakoa izanen zela aurreikusten genuen. Hau izan zen faktoreetako bat.

Bestetik, egoera honetan PSOEren adierazpenek, bai eta Zapateroren `talanteak', aldaketarako borondatea zegoela adierazten zuten. Honela ETAk, Espainiako Estatuaren bigarren erreforma prozesua abian jartzeko intentzioa egon daitekeela ulertzen du. Erreforma honek Euskal Herria eta Espainiako Estatuaren arteko gatazkaren behin betiko gainditzea ekarriko duela delibera genezakeen.

Eta nola ez, edozein erresoluzio prozesuk behar duen moduan, bi aldeen aldetik, distentsio bat emango zenaren konpromisoa zegoelako. Ez gara zehaztasun gehiagotan sartuko baina hori adierazi dugu Espainiko Estatuak bere su-eten konpromisoak bete ez dituela esan dugunean.

Baina, komunikabideetan hainbat gauza entzun da ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketei buruz. Filtrazio franko izan da; zer duzue esateko horren inguruan?

Guk, gure borondate irmoa azaldu dugu behin eta berriro. Iraunkorki gatazkaren konponbidea elkarrizketa eta negoziazioaren bidez emango dugula hausnartu eta adierazi dugu.

Zein egoeratan dago prozesua zuen ustetan?

Martxan! Baina zer ulertzen dugu prozesuaz? Galdera honi erantzun nahiko genioke lehenik. Euskal Herrian hainbatek termino batzuk desitxuratzeko joera dute, egoerak aldatzeko borondaterik ez duten politikariek bereziki. Prozesua=bake hutsa, prozesua=ETA desagerraraztea... horrelakoak entzun edo ulertarazi nahi izan dizkigute askok. Oker dabiltza ordea.

2006ko martxoan esan genuen moduan (eta ondoren errepikatu), Euskal Herrian marko demokratiko bat eraikitzea eta euskal herritarrei beren etorkizunari buruzko hitza eta erabakia ematea da guretzat prozesua. Hau da, horretarako zer eskaintzen eta jartzen dugun eragile bakoitzak. Guk, argi dugu, gure borondate osoa eta ekimen andana jarri dugula eta jartzeko prest gaudela, prest al dira Espainiako Gobernua eta Euskal Herriko eragile politiko nagusiak bide hori jorratzeko?

Momentu honetan ez dugu baikor egoteko motiborik, baina helburu horiek berresten ditugu. Eta Euskadi Ta Askatasunaren prestutasun osoa berresten dugu, ETAren borondatea prozesu hori elikatu eta babestuko duten urratsak egiteko.

ETAren konpromisoak argiak dira, baina inor ez dadila tronpa, ETAren konpromisoa gatazkari egiazko irtenbide demokratikoa emango dion prozesu batekikoa da.

Beraz, blokeatuta al dago momentu honetan?

Bai, prozesuak ez aurrera eta ez atzerako egoeran jarraitzen du, Espainiako Gobernuak ez duelako herriaren aldarrikapena entzun! Espainiako Gobernuak ez duelako ETAren keinuaren aurrean heldutasunez jokatu.

Negoziazioan sakontzeari eta urratsak emateari uko egiten bazaio, blokeo egoera areagotu egiten da. Oso sinplea ezta? Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak erabaki beharko du gatazkaren konponketarako prozesu bati ateak ixten dizkion ala urte luzetako gatazkari irtenbide politiko bat emateko hautua egiten duen.

Uste bat indartzen ari da: orain bai, prozesua egotekotan oinarri sendoagoekin eta dinamika berri batekin izan beharko dela, orain artean Espainiako Gobernuak izandako jokabidearekin eta PSOE eta PNV bezalako eragileek izandako jarrerarekin ezin delako prozesu seriorik eraiki. Jarrera horiek aldatu behar dira.

Ardura politikoz jokatzeko garaiak dira. Ez dira inozokeriatan aritzeko garaiak.

Etengabe errepikatzen ari gara. Euskal jendarteak, gatazkaren konponbiderako benetako gakoak lurraldetasunean eta erabakitzeko eskubidean daudela argi du. Eztabaida politikoa hor kokaturik dago, beraz horri eutsi behar zaio.

Gaitzespen eskariak edota herri honen defentsa eskubideari buruzko eztabaidak momentu honetan azaleratu nahi izatea benetako eztabaida saihestea da. Ez du beste intentziorik.

Eta zein eskari egingo zeniekete gizarte eragileei, egoera hau desblokea dadin?

Lehen deialdia herritar xume orori egin nahi diogu, gure herriak jasaten dituen erasoen aurrean oldartu daitezen batetik eta alderdi politikoei dagokien arduraz joka dezaten galdegin diezaieten bestetik. Azkenean, euskal herritarrak dira gatazkaren konponketarako aktibo nagusia, eta alderdi politikoei dagokie herri borondate hori bideratzea eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea bermatua izan dadin lan egitea.

Bigarren deialdia, hedabideei egin nahi diegu. Gatazkaren sura egur gehiago bota ez dezaten, irtenbide polizialak babesteari utzi eta egiazko irtenbide demokratiko eta negoziatu bat sustatu dezaten.

Eta azkenik, gure miresmena egunero herri honen eredu aldaketa eman dadin lanean diharduten herritar guztiei, auzo elkarte, unibertsitate, ikastetxe, lantoki edota herri mugimenduetan zabiltzaten guztioi.

BARAJAS-KO atentatuari eta su-eten iraunkorraren kontzeptuari buruz

Prozesua orokorrean martxan doala diozue, baina, blokeatua dagoena negoziazio prozesua da hortaz? Horregatik egin al zenuten Barajas-ko atentatua?

Bai, Barajas-koa, Espainiako Gobernuaren etengabeko erasoei erantzuteko ekintza armatua izan zen. ETAk abuztuan adierazi zuen Euskal Herriaren aurkako erasoek jarraitzen bazuten erantzun egingo zuela, eta halaxe egin genuen abenduaren 30-ean. Ekintza horren bidez, ETAk erantzun zuzena eman zion zortzi hilabetetan zehar Espainiako Gobernuak mantendutako jokabideari. Ordura arte, eta egun, Espainiako Gobernuak ez ditu bere su-eten konpromisoak bete eta ez du asmo sendorik erakutsi ere konpromiso horiek indarrean jartzeko.

Barajas-ko ekintzarekin prozesuaren desbideratzeari aurre egin dio ETAk, Espainiako Gobernuari hausnarketarako mezu argia bidaliz: gatazkaren konponketarako prozesua garatu ahal izateko beharrezkoa dela konpromisoak betetzea, Euskal Herriaren aurka indarrean daukan makinaria errepresiboa indargabetu behar duela, eta urrats sendoak egin behar dituela Euskal Herriaren eskubideak errespetatuko dituen prozesu bat burutu aldera.

Zentzu horretan, ekintza horrekin ETAk ez du ezer eten, prozesuak oinarri sendoagoekin aurrera egin dezan eragitea izan da gure asmoa.

Askok esan dute, ETAk idatzi gabeko kode bat apurtu zuela Barajasen, su-etena apurtzera zihoala abisatu gabe egin zuelako. Etorkizunerako, su-etena kontzeptuak berak baliagarritasuna galdu omen du, sinesgarritasuna galdu duelako... Zer erantzuten diozue horri?

Ez gure ustetan. Ez dugu inongo sinesgarritasunik galdu. Jende orok badaki, negoziazio prozesuetan sinesgarritasuna ematen duena, negoziazio mahaian lortzen diren akordioak bete eta errespetatzea dela. Sinesgarritasuna ematen duena gatazkaren konponketarako prozesu batekin koherenteak izango diren urratsak egitea dela, prozesua elikatuko duten pausu sendoak egitea dela. Negoziazio mahaian hartzen diren konpromisoak betetzea eta horren araberako urratsak egitea da prozesuaren berme nagusia.

Hilabeteak igarotzearekin, Espainiako Gobernuaren sinesgarritasuna hankaz gora geratzen joan da. PSOE euskal herritarren aurrean eduki zezakeen sinesgarritasun apurra galtzen joan da. Bere praktika politikoarekin konponketa prozesu bat garatzeari begira eduki zezakeen zilegitasuna galbidean jarri du Euskal Herriaren aurrean.

ETAk baieztatu dezake bere konpromiso guztiak bete dituela hilabete hauetan zehar. Espainiako Gobernuak ezin du gauza bera esan.

Zentzu horretan, guk su-etenak aldebiko ikuspegi batetik ulertzen ditugu. Ez dago aldebakarreko su-etenik. Ezin da bake prozesu bat eraiki alde bakar baten urrats eta borondatearekin bakarrik, ezinbestekoa da konpromisoak aldebikoak izatea.

Are gehiago, edonork ulertzen duen ekuazioa errepikatuko dugu: ez dezatela Euskal Herria eraso, ez dezatela Euskal Preso Politikoen aurkako neurri kriminalik sortu, Parot doktrina kasu. Ez dezatela euskal herritarren aurkako epai eta zigorrik ezarri, Iñaki De Juana kasu, euskal gazteriaren aurkako epaia eta beste hamaika adibide jar ditzakegu gure herriak bizi duen salbuespen egoera deskribatzeko. Guzti hau desager dadila eta ETAk ez du erantzun beharrik izango.

Martxoaren 24ko konpromisoei heltzea eskatu izan zaizue eremu askotatik. Zer diozue?

ETAk martxoaren 24ko bere konpromiso guztiak berresten ditu gaur. Are gehiago, Euskal Herriaren aurkako erasoak desagertzen badira, testuinguru horretan prestutasun osoa daukagu biolentziarik gabeko eszenario batekin konpromiso sendoak hartzeko, su-eten egoeraren baitan erantzun puntualetarako aukera indargabetuz ere.

AURRERA BEGIRA, Zapateroren margena eta alderdien jarrerak

Madrilen, bereziki (baina baita Euskal Herrian ere, hainbatek), Zapateroren Gobernua margenik gabe geratu dela diote. PPren ofentsiba izugarria dela. Zer diozue honetaz?

Zapateroren Gobernuak, nahi izanez gero munduko margen guztiak ditu. Are gehiago, margena eta gaitasuna. Arazoa ordea, gatazkari irtenbide demokratikoa emateko borondate eta erabakitasun politikoa ote duen da. Ez dezatela eztabaida desbideratu.

Orain artean ordea alderantzizko bidea marraztu dute, eta horrek margenak kendu dizkio ez Espainiako Gobernuari, prozesuaren garapenari baizik. Prozesua elikatzeko urrats ausartak egiten ez badira, prozesua mami politikoz betetzen ez bada, prozesuari esparruak ixten zaizkio, eta hori da sortu den egoera, Espainiako Gobernuak egoera horretara eraman duelako. Espainiako Konstituzioa ipini dute muga gisa.

78an egoera bat inposatu zitzaion herri honi. Ezker abertzaleak inposatutako marko politikoaren aurrean borroka bidearen hautua egin zuen, eta borroka bidez lortu dugu zanpaketa egoera baten erdian gure Herria bizirik ekartzea gaur arte. Erresistentzia bidez iritsi gara horra. Orain denek onartzen dute gatazkari irtenbide politikoa eta negoziatua eman behar zaiola, eta irtenbide politiko horrek inposaturiko marko politikoaren aldaketa ekarri behar duela. Marko berri eta demokratiko bat eraiki behar dela barneratua dagoen ideia da.

Are gehiago, Euskal Herriaren eskubideak onartzeko inmobilisten erresistentziak mantentzen diren arren, alderdi politikoen artean eztabaida terreno horretan kokatua dago. Hori positiboa da, eszenatoki hori irekitzea lortu dugulako, aldaketa politikoaren eszenatokia, Euskal Herriak behar duen marko juridiko-politikoari buruzko eztabaida irekitzea.

Egoera horretara iritsita, herri sektoreek ez dute onartuko 78an arbuiatutako Konstituzioaren muga berdinak mantenduko dituen prozesurik. 30 urtetako borrokari iruzur egitea eta Euskal Herriaren etorkizunari ateak ixtea litzateke hori. Prozesua muga politiko horiek altxatzeko eta aldaketa politikoa gauzatzeko prozesua izan behar da. Egoera anti-demokratiko batetik egoera demokratiko batera doan igarobidea egiteko prozesua egin behar da.

Orain Estatu mailako gatazka bat bizi dute. Eta horri ere aurre egin beharko diote. Urte luze hauetan egin ez duten transizioa eman beharko dute. Horretarako PSOEk eta beste alderdi progresista kontsideratzen direnek Espainiako Estatuaren demokratizatzean ardura berezia dute, ez ardura soila beharra edo obligazioa baizik. Horixe da Espainiako Estatuak momentu honetan duen `asignatura pendiente' nagusia. Eta hori, Euskal Herriarekiko bizi duten gatazkari irtenbide politiko, demokratiko eta negoziatu bat ematetik pasatzen da.

Espainiako Gobernuaren esku dago.

Baina askok diote aukerak izan badirela... gatazka konpontzeko kondizioak begi bistan direla.

Bikain, eta zer diote Euskal Herriaren eta oro har herritarren aurka egiten ari diren etengabeko erasoei buruz? Espainiako Polizia Autonomikoak manifestaldietan erakutsitako basakeriaren inguruan? Atxiloketak, torturak eta abarren inguruan? Guk ez dugu inoiz ezer ezkutatu. Argi azaldu diogu, bai euskal jendarte osoari bai eta Espainiako Gobernuari gatazka konpontzeko klabeak non diren.

Norbaitek pentsa al dezake aukera politiko bat ilegaltasunean mantenduta, urratsak egin ditzakegula gatazkaren konponketan? Ez ezta? Ez horixe. Eta ETA, urtebetez ekintzen etenaldian egonik PNVk hain lotsagabeki jokatuz? Amorratutako zakurrak bailiran Ertzaintza euskal herritarren ehizara botatzea? Herri honek ez du horrelako polizia bat ez merezi ez eta behar ere. Eztabaida horri heldu beharko zaio. Errepresio basati honen arduradunei, beraien erantzukizunari eutsi diezaietela eskatzen diegu. Hau ez da prozesuari egin beharreko ekarpena.

Eta lotsa handiegirik gabe prozesuaren itzulezintasunari buruz hitz egiten digute. Exijitu ere egiten dute! Itzulezin bihurtzeko ardura handiarekin jokatu behar da, gatazkaren konponketara eramango duen prozesua elikatu egin behar da, erabaki politiko ausart eta sakonak hartu behar dira.

Eta ez al dira urrats batzuk ematen ari? Iñaki de Juanaren inguruan Espainiako Gobernuak hartutako erabakia kasu?

Iñakirekin egin dutena eta oro har Euskal Preso Politikoekin egiten ari direna hitz batean labur genezake: txantajea. Lehen aipatu moduan Espainiako Gobernuak prozesua ulertzeko modu oker bat izan du. ETA negoziaketa tekniko batera bultzatzea izan du helburu eta gauzak oker atera zaizkio. Presoak, ETArekin mantendu negoziaketan trukerako txanpon gisa erabili nahi izan ditu. Honela ulertzen ditugu, Iñakiren aurkako sententziak, Parot doktrinaren sorrera eta hainbat eta hainbat eszepzio neurri.

Baina herriaren borrokak, Iñaki Euskal Herrira ekartzea lortu du. Eta guztion borrokak presoen Kolektiboarekin daramaten politika aldatzea ekarriko du.

Gobernuaren aldetik ordea, beraiek sortutako egoera baten aurrean egin behar izan duten keinu bat izan da gure iritzian. Berandu etorri den keinua. Eta berriz diogu, egitera behartuak izan diren keinua. Ez dugu ahaztu behar (eta ezkutatzen ari dira) Iñaki bi prentsa artikulu idazteagatik kondenatu dutela, eta nolatan? Espainiako Justizia Ministroa izandakoak, ozen esan zuen, frogak eraikiko zituela Iñaki kondenatua izan zedin. Eta ongi dakigu euskal borrokalarien aurka guztiak balio duela. Frogak eraikitzen dituztela komisaria edota Espainiako Audientzia Nazionalean. Eta horrela egin dute. Kolektiboari inposatzen zaion salbuespeneko zanpaketa egoera baten baitan kokatzen dira neurri horiek. Beraz, non da keinua? Aurretiaz hartu zuten erabakiak sortutako egoeraren aurrean zerbait egin beharrari deitzen diote orain keinua.

Eta zer iritzi du ETAk Gobernu espainoleko Justizia ministro berriari buruz?

Gu ez gara pertsona bat epaitzen hasiko. Bai ordea bere ardurak eskatzen dituen jarduerak epaitzen. Eta egia esan zur eta lur utzi gaituzte azken adierazpenek. Egungo ministroa, enbor bereko ezpala dela dirudi. Ikusiko. Baina Batasunaren ilegalizazioan sakontzea, hauteskundeei begira ezker abertzalearen jazarpen politiko- judizialean tematzea ez da sintoma ona.

Bere jarduera Estatu estrategia batean kokatua da eta horrela ulertuko ditugu bere ekimen guztiak.

Anoetan bi karril edo bidezidor nabarmendu ziren: alderdi eta eragileei zegokiena bata; eta Gobernu espainolaren eta ETAren artekoa bestea. ETAk eskua sartu nahi izan al du «beste» karrilean? (ETA akordio politikoa oztopatzen aritu dela esan dute batzuek: PSOEk, PNVk...)

Ez noski. ETAk ez du berea ez den beste arduretan sartu nahi. PSOE eta PNVk aitzaki gisa erabiltzen dute akusazio hau. Finean, prozesuan argitu behar diren eduki politikoen eztabaidari ihes egiteko asmoarekin. Konponbidera eramango gaituzten gako politikoei ez erantzuteko alegia. Baina Anoetan proposatutakoa herriak bere egindako negoziazio eskema bat da, eztabaida hori gainditua dago.

ETAri esku-sartzearen akusazioak egiten zaizkionean, memoria historikoa astindu beharko genuke. Ez dugu ahantzi behar gaur eguneko marko politikoa Euskal Herriari inposaturiko trantsizio prozesuaren emaitza dela. Eta nola gainera? Espainiako armadaren esku-sartzearekin eta erreforma blokea osatu zutenek otzanki onartu eta babestuaz.

Indarrez inposatutako marko anti-demokratiko hori Guardia Zibilaren tutelajearekin eta Espainiako legalitatearen tutelajearekin mantentzen dute. Euskal Herriaren zanpaketa politiko, ekonomiko, kultural eta militarra mantentzen da egun. Hori da `tutelajea'!

Eta, nola eraman, ordea, PSOE muin politiko hori heltzera? Itxura batean, PSOEk nahiago du bake-prozesuaz hitz egitea soilik (lehenengo bakea eta gero ikusiko dugu esanez, edo antzeko zerbait).

PSOEk eta PNVk eztabaida horri ihes egin nahi izan diote orain artean, eta horretarako bere bitarteko guztiak erabili dituzte. Tresna errepresiboak erabili dituzte ezker abertzalearen posizioa ahultzeko akordio politikoari begira, negoziazio politikoa oztopatu dute eta ezker abertzaleari sasi-irtenbideak eskainiz aritu dira.

Ikuspegi eta jokabide hori da prozesua dagoen blokeo egoerara eraman duena, mami politikoa estaliz prozesuaren zentzua desitxuratuz aritu baitira. Hori da gainditu behar den ikuspegia, dinamika horrek enfrentamendua elikatu besterik ez duela egiten ikusi dugulako. Eta muin politiko horri heltzeak ahalbidetu behar du dinamika berri bat irekitzea, gatazkaren konponketarako prozesua posible izatea.

Esanguratsua adibidez, non dira euskal sozialistak?

PNVz ari zaretela, zer iritzi duzue zuen azken agirian «Imazen PNV» aipamenak PNVren baitan izan duen erreakzioaz?

Guk PNV Espainiako Gobernuaren estrategiarekin bat eginda ikusi dugu. Une batzuetan Moncloako mezuen bozeramaile funtzioa bereganatu dute Imaz eta Urkullu bezalakoek, abangoardia lanetan arituz beharrezkoa izan denean. Baina argi dugu ere PNVren baitan jarrera ezberdinak daudela. Agerian geratzen ari dira eta hori ona da Euskal Herriarentzat.

Horregatik diogu, Imazen PNV, negoziazio politikoari begira ere estrategia berdinean aritu dela Euskal Herriari iruzur berri bat egin nahian. Estrategia errepresiboari dagokionez berdin, PNVk Espainiako Polizia Autonomikoa Espainiako Gobernuak markaturiko ildoaren zerbitzura jarri du. PSOE eta PNV, bakoitza bere funtzioa jokatuz, estrategia eta posizio politiko berdinarekin aritu dira prozesuan zehar. Ferraz-en eta Sabin Etxea-ko bulegoetan estrategia berbera idazten dute, Rubalcabak batean eta Imaz-ek bestean.

Bateratasun horren atzean interes handiak daude, PSOE eta PNVren interes ekonomikoak daude, biak lotzen dituen proiektu ekonomiko erraldoiak daude. AHT bezalako proiektu inposatzaile eta txikitzaileetan akordioetara nola iristen diren ikusi besterik ez dago, edota Baskongadetako aurrekontuetan zein Espainiako Estatuko aurrekontuetan elkarri emandako babesa. Ustelkeria mordoa ere badago tartean, ongi ezagutzen dugu hori. Atzean, Espainiako Estatu ereduari begira mantentzen dituzten antzekotasunak daude.

Bo, lotsagarria benetan, Gipuzkoako Batzar Nagusirako lehian PNVren barnean duten liskarra. Baina arazoa benetan ez dago hor. Nork ez du galdetu nola den posible horrelako dirutza eta ondasunik izatea? Nondik? Nola? Galdera ugari eta erantzun gutxi. Benetan ustel usaina dario PNVri. Urte askotako kudeaketaren emaitzak bildu dituzte, batez ere poltsikoak ederki betetzeko. Korrupzioz betetako politikagintza egiten dihardute, Euskal Herriaren premiei eta herriaren interesei bizkar emanez, inolako herri politikarik garatu gabe.

AKORDIO POLITIKOA eta ezker abertzalearen batzorde negoziatzailearen proposamena

Baina lortu nahi den akordio politiko horretan ETAk izango du zer esana?

Ez, elkarrizketa politiko hori baldintza demokratikoetan ematen bada. Ez, inongo aukera politikori mugarik jartzen ez bazaio. Ez, herritar guztiok gure proiektu politikoaren defentsa eta borroka, aukera berdintasunean gatatzeko baldintzak badaude. Baina egun ez da horrela.

Guk ikusten duguna da elkarrizketa politiko horietan parte hartzeko mugak Batasunari jartzen zaizkiola, ezker abertzaleari ukatu egiten zaiola negoziazio politikoetan aukera berdintasunean aritzea. Ilegalizazio egoeran mantentzen dute, prozesuan zehar etengabeak izan dira bere jardueraren aurkako erasoak, oraintxe ikusi dugu bere negoziazio taldearen aurkako espioitza politikoa. Ze baldintza dira horiek negoziazio politikoa burutzeko ?

Egoera hori PSOEk sustatzen du eta PNVk onartzen du. PSOEk eta PNVk elkarrizketari aurre-baldintzak jartzen dizkiote batetik (kondenak eta halakoak eskatuz), eta eskari horiek ilegalizazioaren erasoekin osatzen dituzte bestetik.

Argi esaten dugu gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikatuen artean adostu behar dutela Euskal Herriaren etorkizuneko marko juridiko-politikoa. Horretarako akordio politiko bat eraiki behar dela uste dugu. Horretara animatzen ditugu. Ez dugu ulertzen zergatik ez duten oraindik eraiki akordio politiko hori hainbeste hilabeteren ostean. Hain zuzen hori denean prozesuaren desblokeoa eragin dezakeen faktore nagusietako bat.

Argi esan behar dugu: gaur egun prozesua blokeatuta dago batez ere alderdi politikoen artean akordio politiko bat egin ez dutelako, PSOEk eta PNVk akordio horri oztopoak jartzen dizkiotelako.

Ezker Abertzalearen Batzorde Negoziatzaileak aurkeztutako proposamena nola baloratu duzue? Aska al litzake horrek gaurko korapiloak? Ibilbiderik ikusten al diozue?

Bai, desblokeorako urrats bat izango litzateke. Guk proposamen hori negoziazio politikorako eta gatazkaren konponbidea ahalbidetu behar duen akordio politikorako proposamen bezala ulertzen dugu. Ez da Euskal Herriarentzako guk nahi dugun proiektua, baina bai gatazka gainditzeko proposamen bat. Ikuspegi horretatik, uste dugu positiboa dela, minimoa baina akordio politiko horrek behar duen edukiari buruzko eztabaida irekitzen du.

Batasunak egindako proposamenak konkrezioa ekartzen duela iruditzen zaigu, eta gainontzeko alderdiek maila bereko ahalegina egin beharko luketela uste dugu, negoziazioaren bidez akordio politiko hori posible izan dadin.

Batasunak, Euskal Herriaren osotasunari, Herriari alternatiba bat eskaini dio. Frantziako Estatuari argiki autonomia bat galdeginez, eta Espainiako Estatuari, Nafarroa eta Baskongadak zatiketa gainditu eta marko bakar bat eraikitzeko bitartekoak jar ditzala eskatuz. Hauxe da gure ustez gatazka gainditzeko elementu garrantzitsu bat. Bai, horrexegatik ikusten dugu begi onez proposamena.

Baina etengabean salatzen ari da Batasuna, ez PSOE, ez PNVk, ez dutela proposamenaren inguruan inongo erantzunik ez eta posiziorik markatzen.

Hori da errealitatea. Esan dugu, blokeoa mantentzen dela PSOE eta PNVk ezezko jarrera mantentzen dutelako akordio politikorako aukeraren aurrean. Akordio politikoaren aurrean ezezko jarrera mantentzeak, azkenean Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoari eta marko demokratiko bat sortzeko beharrari ukazioarekin erantzutea da. Eta ukaziotik ezin da eraiki gatazkaren konponketarako prozesu bat.

Estatu frantsesaren jarrera eta autonomiaren aldeko proposamena

Prozesua deiturikoan, zein da zehazki Frantziako Estatuari galdegiten zaiona?

Euskal Herria gaur, inolako errekonozimendu politikorik gabe, tresna eta botere instituzionalik gabe eta etengabe erasoz, herio geldo batera kondenatua dago. Egoera horren aurrean Euskal Herriarentzat autonomia marko baten aldarrikapena, Herri egiten gaituzten zutoinetan Euskal Herriaren biziraupena ziurtatzeko oinarrizko marko baten eskaria dela ulertzen dugu, herria bizi dadin beharrezkoak ditugun botere tresnak eskutan izateko. Hauxe da herriak Frantziako Estatuari galdegiten diona.

Euskal Herriaren onarpena eta errespetua eskatzen dugu. Gure herriaren aurkako eraso bortitzak amaitu daitezela eskatzen dugu. Gure herriaren kolonizazioarekin bukatu dezatela eskatzen dugu.

Eta hori nola lortuko dugu? Euskal Herriaren aldeko sektoreak eskakizun horren inguruan indarrak bilduz, mobilizatu eta borrokan aktibatuz. Honela lortuko dugu, Frantziako Estatua, Euskal Herriaren eskubideak errespetatzera eramatea.

Jendarteratu den proposamen berri horrek ziklo berri bat irekitzea ahalbidetu behar du. Irakurketa honek, fase berri baten irekitzea markatzen du Euskal Herriaren eskubideen aitorpenaren aldeko bidean. Borroka fase bezala ulertzen dugu ireki behar dena, Frantziako Estatuaren aurrean euskal herritarren aldarrikapenak ozen agertzeko borroka fase bat, hain zuzen ere.

Baina autonomia proposamen hori, ez da berria.

Ez, ez da, ez. Beno, badirudi egun alternatiba hori plazaratzeko beharra sortu dela. Zazpi lurraldeetako egoeratik abiatu eta Euskal Herri osorako proposamen bat mahai gaineratu dela ulertzen dugu. Hori da gure ustez ezker abertzaleak herriari aurkeztu berri diona. Eta umiltasun osoz diogu, benetan pozten garela. Herri honen bizi nahia eta beharra, proposamen hauetan ere demostratzen baita.

Aldarrikapen historikoa da Euskal Herrian. Garrantzitsuena, munduko 5. potentziaren aurrean Euskal Herriak bizi behar duela ikustaraztea da. Antzinako liskarrak gainditu eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren garapena ahalbideratuko duen alternatiba bat eskaini zaie Euskal Herriko hiru herrialdetako herritarrei. Hori da benetan inportantea. Eta hori Estatu Frantziarrari galdegitea eta lortzea lan itzela da, borrokatu beharra dago eta guztion artean lortu beharko dugu.

Baina zergatik orain? Orain urte mordoxka bat IK-k ere autonomiaren aldeko proposamen bat mahai gaineratu zuen. Orduan, ordea, ez zen abertzaleen arteko adostasunik izan eta aldarrikapen horrek ez zuen arrakastarik izan.

Lehen esan bezala, egokitzat jotzen dugu Estatu frantsesari galdegiten zaion proposamen hori. Orain urte batzuetatik ona aurrerapen izugarriak egin dira, baina Euskal Herriko zazpi herrialdeek, Euskal Herriak finean, sufritzen duen ukazio errealitatea argia da.

Bi Estaturen menpe eta bi errealitate irudikatzen dira gure herrian. Baina hau horrela izanik ere, ezker abertzaleak jakin du Euskal Herri osorako proposamen bakar bat egiten, bi errealitatetik abiatuko dena, erantzun konkretuak eskaintzen dituena, baina denboran eta lorpenetan helburu bakar bat duena. Hori da gure iritzian urte hauetatik hona aldatu dena.

Egun Ipar Euskal Herrian, sektore abertzale eta ezkertiar guztiek bultzatuko duten aldarrikapena dela duda izpirik ez dugu. Herri osorako onurak ekarriko dituen estatus aldaketa bat izango dela ziur baikaude.

Frantziako Estatuak Euskal Herriarekiko mantentzen duen jarrera aldatzeko aukerarik ikusten al duzue?

Zalantzarik gabe. Frantziako agintariek «euskal gatazka» ez da gurean existitzen adierazten duten bakoitzean, Euskal Herriaganako mespretxua adierazten dute. Eta horrek min egiten du. Baina zentzugabekeri hauek jada ez dute ez euskal jendartea ez eta frantziar populua tronpatzen.

Baina haratago goaz. Euskal jendarteak eztabaida hori gainditu du. Alternatiba bat galdegiten zaio Frantziako Estatuari. Eta hori geldiezina da. Hiru herrialdeak barnebilduz, erabaki eta kudeaketa gune edo marko autonomiko baten beharraren determinazioa, argia da. Euskal Herria badoa, guztiok bagoaz!

Argi dugu guztion borrokaz, aldaketaren beharra sentitzera eramango dugula. Argi daukagu Frantziako Estatuak ezingo duela luzaz mantendu gatazkaren existentziaren ukapena, bere itxikeria jarrera ere aldatu beharko duela Euskal Herriaren errekonozimenduari begira, euskal herritarren artean marko politiko propio baten eskakizuna geroz eta zabalago delako. Eskakizun honi ezingo diote ihes egin Frantziako agintariek.

ILEGALIZAZIOA, alderdien legea eta Abertzale sozialisten batasuna

Alderdien legea; ilegalizazioaren aferak konpondu gabe jarraitzen du.

Ilegalizazioak? Ez gara ilegal sentitzen, onartzen ez dugun legalitate arrotz batek hori sinistarazi nahi badigu ere. Ezin da uka, hori bai, Espainiako botereak sakondutako ilegalizazioak zaildu eta gogortu duela hainbat herritarren bizia, baita bizi dugun egoera ez demokratikoaren aurpegia oraindik garbiago erakutsi ere.

Bestalde jende esparru zabalen ilegalizazioak Estatuen porrota ere erakusten du, saiatu dira frankotan Euskal Herri askearen aldeko nahia beraien legalitatean azukre koxkorra esne beroan bezala disolbatzen eta barneratzen. Euskaldunok ez dugu lekurik topatu beharrik espainiar legalitatean. Beraiek erabaki beharko dute nola nahi duten euskal jendartea, bere eskubide guztien berreskuratzeko bidea egiten duen marko batean edo iraun ahal izateko borrokan, hau da, espainiar eta frantziar errealitateekiko erabateko enfrentamendu bortitzean.

Beraz, aferak bide argia du. Egungo errealitatetik bidea egin dezagun, egoera demokratizatzeko urratsak egin beharko dituzte. Urrats horietako bat, alderdien legea derogatzea izanen litzateke.

Azken egunetako berri nagusia Abertzale Sozialisten Batasuna-ren aurkezpena izan da. Zein irakurketa egiten duzue urrats horretaz eta sortutako egoeraz?

Ezker abertzaleak erakusten du, bide erdian agertzen diren oztopoen gainetik, urrats konkretuak egiteko gaitasuna duela eta egoera honek eskatzen dituen neurriko ausardia, indar eta ardurarekin jokatzen duela.

Ezker abertzaleak azken hilabeteetan gatazkaren gainditzea ekarri behar duen akordio politiko baterako proposamen politikoa aurkeztu du. Orain urrats gehiago eginez, alderdi politiko berri bat aurkeztu du. Ezker abertzalearen urrats horien aurrean, Espainiako Gobernuak ezezkoarekin eta ukazioarekin erantzuten du, PSOE eta PNVk baldintza berriak jarriz erantzuten dute. Azken egunetan ikusi ditugu PSOEko bozeramaleak, are Urkullu bezalakoak ere, ezker abertzaleari eskari berriak eginez. Zer urrats egingo dute beraiek?

Aldi berean, alderdi horren aurkezpenak, ezker abertzaleak defendatzen duen proiektu politikoaren sendotasuna, bizitasuna eta freskotasuna agerian uzten digu.

Eta ilegalizazioa gertatzen bada eta ezker abertzaleari hauteskundeetan parte hartzea ukatzen bazaio?

Hori horrela suertatu ezkero, berriz ere egoera anti-demokratiko baten aurrean gaudela eta Espainiako Gobernuaren aldetik eskuin faxista izan ezik beste eragile guztien aldetik alderdien legea bertan behera uzteko egiten zaion aldarri ozenari entzungor egin diola agerian geratuko litzateke.

Espainiako Gobernuak ezker abertzalearen urratsaren aurka ekiteko asmoa bururaino eraman ezkero, gatazkaren konponbiderako bere borondate eza modu horretan adierazten badu, ETAk oso kontutan hartuko luke.

Euskadi Ta Askatasunak ezin du ezker abertzalerik gabeko hauteskunderik irudikatu. Hauteskunde ez demokratiko batzuk ospatzea gatazka luzatzeko apustua egitea litzateke. Eszenatoki hori eman ez dadin espero dugu. Hitz batez, honek, prozesuaren porrota adieraziko bailuke, Espainiako Gobernuak prozesuaren aurka hartutako erabakia izango litzateke.

Zein zilegitasun izango lukete hauteskunde horiek? Eta zein ardura izango lukete beste alderdi politiko guztiek? Erraza baita Alderdien Legearen aurka aritzea baina egoera horretaz profitatzea. Horixe egiten ari direla uste dugu. Hori da PNVren jokaldia. Gatazkaren muinaz ez aritzeagatik eta bozka apur bat lortzeagatik, Batasuna hauteskundeetan ez egotea eskatzen ari da, Azkuna eta bere akolitoen eskutik. Baina zergatik? Xinpleki, orain arteko kudeaketa-korrupzioarekin lasai segitzeko.

BORROKA ARMATUA, horren inguruko hausnarketak eta eztabaidak

2006ko Gudari Egunean «Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortu arte armak eskutan borrokan tinko jarraitzeko konpromisoa berresten dugu» esan zenuten, eta hautsak harrotu zenituzten.

Bai, hautsa erraz harrotzen da Euskal Herrian, gauzak diren bezala esaten direnean.

Hasteko, gudari guztiei gure omenik beroena eskaini nahi izan genien eta beraien bide eredugarria jarraituz Herri askea lortuko dugula ozen adierazi nahi izan genuen. Baina beste gauza garrantzitsu bat ere aldarrikatu nahi izan genuen. Borroka egunerokoa dela. Borroka iraganean edo orainean egiten bada ere, borroka etorkizuna dela esan nahi izan genuen. Etorkizuna eraikitzen ari garelako borrokaz.

Eta horixe adierazi genuen, ETAk bere sorrerako helburuak lortu artean borrokan jarraituko duela. Ez dugu inongo eztabaidarik ireki nahi. Egun eta gure herriak bizi dituen baldintzetan, borroka armatua erabiltzeko arrazoiek jarraitzen dutela hausnartzen dugu eta horrela den bitartean horretan jarraituko dugu. Gauza bat da, ekintzen etenaldi bat eskaintzea, guk gure borroka tresna gisa ulertzen baitugu hau ere. Etsaiak edo beste aldea ere «su-eten» edo distentsio egoera batean sartzen dela ulertzen dugulako.

Baina beste gauza bat da, borroka armatua praktikatzea beharrezkoa ez dela hausnartzea. Egoera hori egungo baldintzetan urrun ikusten dugu. Hori Euskal Herrian baldintza demokratiko askiak eta horretan mantentzeko berme askiak daudela gogoetatzen dugunean etorriko litzateke.

Orduan ETAk beldurrik gabe adieraziko lioke Euskal Herriari. Zoritxarrez begi-bistakoa da Euskal Herrian ez dugula egoera hori bizi, gure herriak jasaten duen zatiketa, jazarpen kultural eta errepresiboa itzela baita.

Azkenaldian aipatu izan da ezker abertzalean borroka armatuaren inguruan kontraesanak agertu direla. Nola eragiten du horrek ETAren hausnarketan?

Ez da berria egoera hori, ezker abertzalean borroka armatuaren tresnaren erabilpenarekin ados ez dauden pertsonak badaude, eta hori errespetagarria izateaz gain aberasgarria ere bada. Inolaz ere ez delako borroka armatuaren zilegitasuna kontraesanak sortzen dituena. Ez da zalantzan jartzen ere gure helburuak lortzeko borroka armatua tresna politikoa dela. Horregatik, ildo orokorrarekiko atxikimendua eta helburu politikoekiko adostasuna baldin badago, ez dugu arazorik ikusten barne mailan ezker abertzalean gai horiei buruz aritzeko, hau da, borroka armatuaren bidez buruturiko ekintza politikoak baloratzeko eta hausnartzeko, tresna politiko horrek sortzen dituen ondorioen inguruan aritzeko.

ETA desagertu behar dela eskatzen duenik ere bada, edota borroka armatuak gaur egun zentzurik ez duela esaten duenik...

ETAren desagerpenaren eskariaren atzean, herri honen historia hurbilari eta bizi nahiari begiratu ezkero zentzugabekeri handia gordetzen da. Euskal Herrian egon dira borroka armatua egin duten beste erakunde batzuk, eta ETA desagertuko balitz ere, gure herriaren zapalkuntza egoera mantentzen den artean borroka armatua egiteko arrazoiak ez dira desagertuko, eta beti egongo dira armak hartzeko prest egongo diren herritar antolatuak, Euskal Herriaren biziraupena ziurtatzeko eta herri aske izateko beste aukerarik ez dagoela ulertuko dutenak.

instituzioak

«Gaur eguneko instituzioak kudeatzen dituztenek, eguneroko lanean dihardute Euskal Herriaren ukazio eta zatiketa egoera behin betikotzeko»

konpromisoa

«Eta, nola ez, edozein erresoluzio prozesuk behar duen moduan, bi aldeen aldetik, distentsio bat emango zenaren konpromisoa zegoen»

blokeoa

«Prozesuak ez aurrera eta ez atzerako egoeran jarraitzen du, Gobernuak ez duelako ETAren keinuaren aurrean heldutasunez jokatu»

ardura

«Ardura politikoz jokatzeko garaiak dira. Ez dira inozokerietan aritzeko garaiak. Gakoak lurraldetasunean eta erabakitzeko eskubidean daude»

PNV ETA psoe

«PNV Gobernuaren estrategiarekin bat eginda ikusi dugu. Une batzuetan Moncloako mezuen bozeramaile funtzioa bereganatu dute Imaz edo Urkullu bezalakoek»

oztopoak

«Gaur egun prozesua blokeatua dago batez ere alderdien artean akordio politiko bat egin ez dutelako, PSOEk eta PNVk akordio horri oztopoak jartzen dizkiotelako»

proposamena

«Ezker Abertzalearen Batzorde Negoziatzaileak aurkeztutako proposamena prozesua desblokeatzeko urrats bezala ulertzen dugu»

estatu frantsesa

«Euskal Herriaren aldeko sektoreak bilduz, mobilizatu eta borrokan aktibatuz, Euskal Herriaren eskubideak errespetatzera eramango dugu Frantziako Estatua»

gaitasuna

«Ezker abertzaleak erakusten du urrats konkretuak egiteko gaitasuna duela eta egoera honek eskatzen dituen neurriko ausardia, indar eta ardurarekin jokatzen duela»

hauteskundeak

«Zein zilegitasun izango lukete ezker abertzalerik gabeko hauteskunde horiek? Erraza da Alderdien Legearen aurka aritzea baina egoera horretaz profitatzea»

PSOE eta pnv

«Ezker abertzalearen urrats horien aurrean, Espainiako Gobernuak ezezkoarekin eta ukazioarekin erantzuten du, PSOEk eta PNVk baldintza berriak jarriz erantzuten dute»

borroka armatua

«Zoritxarrez begi-bistakoa da Euskal Herrian ez ditugula baldintza demokratiko eta berme askiak, borroka armatua praktikatzea beharrezkoa ez dela hausnartzeko»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo