GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Laranja garratzak jan behar orain

Landare bikaina, urte osoan hostaje berde itxia duena da laranjondo garratza. Haren itzala betidanik estimatua izan da berezkoak dituen lurralde eguzkitsuetan. Eta horretarakoxe, kaleak eta bazterrak itzalpean goxatzeko ekarri zutela lehenik arabiarrek Asia Ekialdetik Mediterraneora esan ohi da. Bere loreen usain paregabea gehitzen badiogu... Ez dira horretan amaitzen, ordea, haren bikaintasunak: fruituen sendagai tasuna miretsia da farmakopea tradizional askotan, eta gozokigintzan, lurringintzan, edari alkoholdunei zaporea emateko e.a. erabiltzen dira erruz. Ia edozertarako erabil daitezke laranja garratzak... hartu eta jateko ez bada.

Iraultza Laranja deitu zioten 2004ko urri-azaroan Ukrainan, L. Kuxma post-sobietarra ordezkatzeko egindako lehendakaritza-hauteskundeen inguruan sutu zen iskanbilari, matxinatuek ikurtzat hartu zuten koloreagatik. Zehatzago: Justxenko hautagaiaren kanpaina-kolorea zelako. Gogoan izango dugu nola amaitu zuen hark guztiak: nazioarteko, eta batik bat Europa Mendebaldearen presioen ondorioz, pozoitu ere egin bide zuten hautagaiaren iruzur salaketak aintzakotzat hartu eta hauteskundeak errepikatu egin ziren, eta Justxenkok irabazi zuen: 52-44.

Laranja haiek garratzak ziren irudipena geratu zitzaigun askori. Herrialdea erdibituta agertzen zen; Hego-Ekialdea errusiar zalea, Ipar-Mendebaldea, nazionalista europar zalea. Potentzia politiko-ekonomiko ezberdinen eragina ezin nabariagoa zen alde banatara: Putinen Errusiak Janukovitxen alde egiten zuen, Europa eta Estatu Batuen alde lerratzen ziren bitartean. Irabazleen multzoan, bestalde, interes ezberdinak (eta zikinak, Ukraina independentean ohiko bihurtu den moduan) bistakoak ziren. Herrialdearen premia latzak ere bai. Geroak arrazoia eman digulakoan nago.

Iraultza izeneko putch haren gozotasuna berehalaxe eraman zuen haizeak. Duela urtebeteko legebiltzar hauteskundeetan, Janukovitxen oposizioa nagusitu zen (%32), J. Timoxenko (%22) eta Justxenkoren (%14) taldeen gainetik. Geroztik, beste taldeetako iheslariekin, gehiengo osoa eta lehendakariaren aurkako beto ahalmena lortzeko bidean ipini da Janukovitx lehen ministroa. Berriro hauteskundeetara deituz egin dio arrapostu Justxenkok. Hori estatu kolpea dela salatu eta jarraitzaileak mobilizatuz erantzun diote aurkariek. Garratzena, etorkizuna izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo