GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Euskal Herria hautatu dut

Gaur helduak gara, gezurrak erran eta erraten dizkigutela ulertu dugu, eta horri aurre egiteko nahikeria badugula sentitzen dugu garena izateko beldurra edo lotsa galdu baitugu

Euskal Herrian sortu eta frantsesez hezi gintuzten. Familiako helduak euskaraz ari ziren baina euskara ez zen ona guretzat. Eskolan gure burasoak baztertu zituzten euskaraz baizik ez baitzekiten. Sufrimendu horretatik frantsesa bakarrik ikasi behar genuela ondorioztatu zuten. Baina guk, haur guziek bezala, gure inozentzia guziarekin, helduen mundu hori oso interesgarria atzematen genuen, helduek elkarrekin oso ongi pasatzen zutela ikusten genuen, irri frango egiten zutela eta besta guziak euskaraz eramaten zituztela. Aldiz, kontu serios guziak frantsesez eramaten zituztela ohartzen ginen, beraz finki aritu ginen eskolan eta oso onak bihurtu ginen hizkuntza horretan, gurea egin genuen askok.

Urteak horrela joan ziren, denborarekin konturatu ginen biziak oinarri desberdin asko zituela, eskolan ikasten ziren kontuez soilik ez zela osatzen, gurea askoz eta aberatsagoa zela eta antzinako helduen munduak ere garrantzia zuela. Aldarrikatzen hasi ginen, naturaltasunez. Baina euskarazko klaseak eskatu genituelarik etsaitzat hartu gintuzten, hemen Frantzian ginela eta gure aberria hautatu zigutela jakin genuen, gure armada zein zen eta gure bandera ere. Eta azalpen gehiago eskatu eta gure geroa finkatu zigutela jabetu ginen. Gure gurasoei horretaz galdetu eta kezkatuak sentitzen genituen, bide okerretik joaten ginela zioten, baina ez zekiten esplikatzen zergatik haien burasoak espainolak ziren eta haiek frantsesak edo alderantziz, denak euskaraz ari zirelarik, zergatik ez zizkiguten haien haurtzaroko kantuak erakutsi, haien garaiko jokoak eta zergatik hori dena lurperatu behar zen.

Antzinakoek ez ziguten kontatu, baina, zeharkako bideetatik lehenago zerbait gozo, atsegin eta jostagarri izan zela, sekulako lana kostatu zitzaigun berreskuratzen eta horren ezagutza aldarrikatzen hasi ginen. Eskatzen genuena ematen ez zigutelako, protestatzen hasi ginen, baina erantzun gisa haien aberriaz hitz egiten ziguten. Orduan, gure geroa, gure herria, gure... hautatuko genituela erabaki genuen, eta horiek defendituko genituela. Gureak zirelako. Soilik. Aski genuen. Erraza zen, gure benetako mundua baitzen. Haatik, ezagutu genuen mundua handizki ezabatu zen. Mapa honetatik ezabatzen gintuzten! Alegia deus ez! Sinetsarazi nahi ziguten hemengoek horrela nahiago zutela, hemengoen hautua izan zela frantses zintzoa bihurtzea, ez zela deus egiten jendea horrela pentsatzen eramateko. Alegia, gure herria zein den erabaki zuten horiek, agintariek, oso zintzoki eta gure onerako ari zirela.

Gaur helduak gara, gezurrak erran eta erraten dizkigutela ulertu dugu, eta horri aurre egiteko nahikeria badugula sentitzen dugu garena izateko beldurra edo lotsa galdu baitugu.

Gure hautua egin dugu, Euskal Herria hautatu dugu. Ororen gainetik, maite dugulako. Hautuen garai honetan Paris eta Madrilgo izarrak erakargarriak egiten dituzte, elkartuz Euskal Herrikoa dirdira handiagokoa izanen da. Hautatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo