GARA > Idatzia > Lagun Aro

Gran Canaria oraindik aurkari «madarikatua" da

Jokalari bilbotarrek ongi hasi zuten norgehiagoka, baina bigarren zati negargarria jokatu zuten; izan ere, Vidorretaren mutilek irabazteko aukera guztiak galdu zituzten hirugarren partzialan

GRAN CANARIA 71
BILBAO BASKET 55

Arnaitz GORRITI | BILBO

Gran Canaria Grupo Dunas talde «madarikatua» da Lagun Aro Bilbao Basketentzat. ACB Ligan daramatzan hiru denboraldietan ez da sekula ere gai izan Kanaria uharteetako taldeari irabazteko; ez etxean, eta are gutxiago etxetik kanpo.

Lastima da, baina atzo baino eskurago nekez izango du kanariarren aurka garaipena eskuratzea. Ordea, bilbotarrek bigarren zati negargarria jokatu zuten eta Salva Maldonadoren mutilek egurra eman zieten.

Bigarren laurdenetik okertzen

Hala ere, nahiko ongi ekin zioten neurketari Txus Vidorretarenek. Hasierako 5-0etik 7-14ra pasatu zen Javi Salgadoren lan onari esker. Hala, lehenengo laurdena 14-16 amaitu zen.

Bigarren laurdenean hasi zen partida okertzen. Etxekoak aurretik jarri ziren, baina jaurtiketa ehuneko eskasei eta Anteloren sei punturi esker, atsedenaldira 34-28 iritsi ziren. Oraindik aukerarik bazegoen Bizkaiko taldearentzat.

Kanariarren jaurtiketa txarra zenez, 2-3 zonako defentsa ezarri zuen Vidorretak. Ordea, oso bigun defenditu zuten bilbotarrek, eta erasoan ere ganorarik gabe jokatu zuten. Baloiak bata bestearen atzetik galtzen zituzten bizkaitarrek, eta kontraerasoen bidez apurtu zuten neurketa kanariarrek. Laugarren laurdena hasterako dena erabakita zegoen: 52-36. Hirugarren laurden osoan zortzi puntu baino ez zituzten saskiratu Vidorretaren mutilek.

Oraindik beste laurden bat falta zen partida amaitzeko. Bilbotarrek defentsan presionatu beharra zuten, baina ez zen halako ezertxo ere izan. Kanariarrek nahi bezala jokatu zuten, azken hiru minutuetan erlaxatu ziren arte. Azkenean, markagailua zerbait itxuratu arren, jipoituta amaitu zuten bizkaitarrek.

Nacho Azofrak ACB Ligan 700. neurketa jokatu du

Atzoko neurketak gutxi izan zuen ospatzeko, bilbotarrek etxean ematen duten mailatik oso behetik jokatu zutelako. Dena den, ezer nabarmentzekotan Nacho Azofrak ACB Ligan jokatu zuen 700. partida hartu behar da kontuan. Zoritxarrez, bere neurketa taldearen mailakoa izan zen. Zortzi minutu pasatxo jokatu zuen, eta ez zuen punturik saskiratu. Azken buruan, 2ko balorazio txarra izan zuen.

Hemeretzi urteko ibilbide luzean, partida gehien jokatu dutenen artean dago antolatzaile madrildarra, Rafa Jofresaren eta Nacho Rodriguezen atzetik. Kirol bizitza Estudiantesen oinarritu badu ere, hamasei urte egin baitzituen bertan, Caja San Fernandon ere bi denboraldi eman zituen.

A.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo