GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Edonor esatari edo teknikari, Info7ko «podcast" erakustaldian

«Podcast" edo sareko soinu artxiboak hedatzen ari diren honetan, Info7 irratiak horiek euskaraz osatzea bultzatzeko ekimena jarri du abian. Soinu teknikaria izan beharrik gabe, argibide erraz batzuekin edonoren esku jarri du irratsaio bat egitea.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Podcast hitza -teknologia berriez ezer gutxi dakitenentzat, behintzat- zailtasunaren sinonimotzat har daitekeen arren, sareko irratsaioak edonork eraikitzeko modukoak direla erakutsi nahi du Info7 irratiak. Horixe baita, izan ere, podcast-a: sarean zintzilikatu daitekeen soinu edo irudi artxiboa. Eta, hori frogatzeko, «Podkaraz» izendatu duen Podcast-en I.go Erakustaldia antolatu berri du irratiak.

Ekimenaren xedea oinarrizko jakituriatik eta jatorrizko ideia batetik abiatuta sarean soinu teknikari edota esatari izatea edonoren eskura egon daitekeela erakustea da. Horretarako, bi ordutan «podcast» bat egiteko «SOS gida» agertzen du webgunean (www.info7.com); beharrezko baliabide teknologikoak zehaztu -egun ia edonoren esku daudenak- eta pauso bakoitzaren argibideak ematen ditu. Ekimenaren sustatzaileen esanetan, duela hiruzpalau urtetik hona podcastgintzak zabalkunde itzela izan du eta, eurek euskarazko saioek hedapen berbera izan dezaten bideratu nahi dute, eskaintzen dituen aukerak direla medio. Funtsean, MP3 irakurgailuan abestiak pilatzen diren gisara, podcast sortak hautatu eta norberak gustuko duen irratia osatzeko bidea -hainbat eduki lantzen dituzten soinu artxiboen bidezkoa, alegia- zabaltzen du eredu horrek.

Ekimena lehiaketa gisa izendatu nahi izan ez duten arren, -saritik harago podcastgintza bultzatzea baitute xede- epaimahai batek euskarazko lan bikainena sarituko du eta, aintzat hartuko dituen puntuen artean kalitatea badago ere, irizpide nagusiak originaltasuna eta audioaren lanketa izango dira.

Eskatzen dena soinuaren bidez errealitateko edozer gauza erretratatzea da eta, horretarako, norberaren ahotsa, elkarrizketak edota audio efektuak (argibideetan horiek eskuratzeko modua zehazten da) erabiltzea proposatzen du, 3-5 minutuko luzapenean. Parte hartzeko epea maiatzaren 15ean amaituko da, eta nahikoa da podcast-aren izenburua, fitxategia zintzilikatuta dagoen gunea eta datu pertsonalak <podkaraz@info7.com> helbidera bidaltzea. Zalantzak onartzen dituzte eta, beraz, ez dago aitzakia teknikorik podcastlari ez bilakatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo