Udalbiltzak "herri gisa" joka dezatela galdegin die eragileei
Nafarroako Gor-teen Ereserkiaren eta Eusko Gudariak kantuaren doinuak eman zioten bukaera laudioko herriko plazan egindako ekitaldiari. Leporaino beteta zegoen enparantzan, Udalbiltzaren mezua ozen entzun zen: «Nazio gisa jokatzeko garaia da".
Iker BIZKARGUENAGA
Pablo Gorostiaga alkate ohiak eta Cesar Fombellida hautetsi abertzaleak irakurri zuten Euskal Herriko nazio erakundearen Aberri Egunerako agiria. Beren aurrean, Laudioko auzokideak eta hiru egunez Gazte Martxan parte hartu duten gazteak.
«Euskal Herria Estaturik gabeko nazioa da», adierazi zuten bi eledunek. Estatu espainolaren eta frantsesaren «ukazioa» salatu, eta euskal herritarren «banatzeko joera» deitoratu ondoren, Aberri Egun bateratuek duten garrantzia nabarmendu zuten. Alde horretatik, Irun eta Hendaia batu zituen manifestazioaren deitzaileak txalotu zituen Udalbiltzak, bere iritzirako, «beste urrats eder bat» egin baitzuten atzoko ekimenarekin.
Nazio erakundeak agirian esaten du: «Une berezian gaude, eta aukerak erabiltzen asmatu behar dugu». Hala, Gorostiagak eta Fombellidak aipatu zutenez, gizarteak borondate «indartsua» du «gatazka behin betiko gainditu eta esparru demokratikoetara eramango duen prozesu politikoa sustatzeko».
«Berreskuratu behar ditu»
«Gure herriari, hitza eta erakunde aldetik egituratzeko askubidea ukatu zaizkio, eta berreskuratu behar ditu», dio Udal- biltzak. Horregatik uste du ezin dela alferrik galtzen utzi urtebeteren buruan zazpi herrialdeetako euskal herritarrek euren udal ordezkariak batera hautatzeko aukera, «herritarren hurbilen dauden erakundeetan hasita, nazioaren antolaketa de- mokratikoa abiatzeko aukera delako». «Udalbiltzan izaniko zatiketak gainditu eta herritarrengandik hurbilen gauden erakundeok Euskal Herria politika eta erakunde arloan eraikitzeko aukera historikoa baliatu behar dugu», gaineratzen du agiriak.
Bi hizlariek aipatu zuten, gainera, Udalbiltzak, «Euskalduna Jauregiko printzipioak errespetatuta», bere burua egokitu behar duela, Euskal Herriak «garai berri honetan dituen behar berriei erantzuteko». Izan ere, erakunde horrek Euskal Herriari «ekarpen handia» egin diezaiokeela uste dute udal hautetsiek, eta hori lortzearren «denen artean urratsak egiteko garaia» dela irizten diote. Horregatik, «konpromiso garaia guztiei heldu zaielakoan», deia egiten die Udalbiltzak eragileei.
Euskal herritarrei, berriz, «une zail honetan», Euskal Herria erakitzen eta gatazka politikoa demokratikoki gainditzeko dinamikan sar daitezela galdegiten die. Estatu espainolari eta frantsesari, berriz, «Euskal Herria eskubide politikoak dituen subjektu gisa aitortu eta errespeta dezatela» exijitzen die.
Laugarrenik, munduko eta, batez ere, Europako gainerako nazioei eta estatuei «prozesu politikoa lagundu eta susta dezatela» eskatzen die nazio erakundeak. Eta, bukatu aurretik, Euskal Herriko alderdi politikoetako zuzendaritzei eta udal hahautagai izango diren guztiei dei egiten die «hauteskunde demokratikoak egin beharra eta herri borondatea» aldarrika dezaten, eta «udal hautetsi guztiak bilduko dituen nazio erakundea lortzeko konpromisoa adieraz dezaten».
Aurten toki gutxiagotan
Aurreko urteetan ez bezala, Irun eta Hendaia arteko ekimena dela-eta atzo ez ziren herri guztietan Aberri Eguneko ekitaldiak egin. Dena den, hainbat lekutan ekitaldiak izan ziren, hala nola Oñatin edo Erandion. Herri bakoitzean 120 lagun bildu zen.
Izaban ere, urtero gertatzen den bezala, ospakizuna egin zuten bai bertako biztanleek bai eta oporraldia Pirinio aldean ematen ari diren mendigoiza- leek. Atzokoan 85 lagunek hartu zuten parte.