GARA > Idatzia > Zirikazan

Joseba EGIA

Estatistikak vs. estereotipoak

Aste Santua iritsi da. Bizilekutik ateratzeko egun gutxi batzuk izaten dira, ohiko ingurunetik ihes egiteko aukera. Ihes hori, gehienetan, kotxez egiten da. Hainbeste jendek aldi berean kotxea hartzean, errepide bertsuak erabiltzeko, ohiko segurtasun mekanismoak martxan jartzen dira -operación salida delakoa-. Aurten, dagoeneko 70 lagunek bizia galdu dute. Iaz zenbat ziren bizia galdu zutenak eta halako datu -nire iritziz- pixka bat makabroak agertzen dizkiguten estatistiken urrezko unea izaten da garai hau. Eta estatistikoi begirada bat emanez bururatzen zait zein injustoak diren gidatzearen mundu honetan ere dauden estereotipo eta ideia ergel asko.

Dudarik gabe erabiliena eta borobilena ( ez baita biko errimatu txarra) «mujer al volante, peligro constante» izango da. Gidaria emakumea dela ikuste soilarekin askok ezer onik dakarrela pentsatzen dute eta euren arreta areagotzen dute. Normalean, gizonak izan ohi dira. Gizonak izateagatik, berez edo senaz, askoz hobeto moldatuko balira bezala autoa gidatzen.

Are gehiago, edozeini ziztu bizian aurreratzen, bera aurreratu duen hori kosta ahala kosta jarraitu eta aurreratzen -ni naiz azkarrena, ni naiz trebeena, ni naiz onena eta argi gera dadila-, arduraz eta arauak jarraituz gidatzen duen edozeini mespretxu eta nagusitasun begiradak botatzen... eta emakumea izanik, gainera, «emakumea izan behar zuen» amaierako iraina jasan behar.

Zer eta eskura dauzkagun datu guztiek kontrako errealitatea agertzen digutenean: Aseguru enpresen, UNESPAren, txosten batek ezartzen du edozein egoeratan emakumeek gizonezkoek baino askoz istripu larri gutxiago eragiten dituztela. Audi-k, berriz, autoa gidatzeko orduan emakumeek inteligentzia emozional handiagoa dutela baieztatzen du, hobeto kontrolatzen baitituzte euren emozioak, eta arreta handiagoaz eta motelago gidatzen dutenez, auto istripu gutxiago jasaten dituzte. Hots, gizonezkoek daukatela kristoren arriskua kotxez doazenean. Ez baita egia gizona gizon izateagatik erraztasuna daukala gidatzeko orduan, baizik eta lehiakortasunean hezia izan dela. Azkarrena, argiena, indartsuena, onena izan beharra dauka, bizitzako arlo guztietan, hori du helmuga eta zoriontasun. Errepidea, beraz, ez da salbuespena. Areago, errepidea gizonak daukan behar hori argi eta garbi antzemateko adibide ezin hobea dela esango nuke. Bizia arriskuan jarri behar badu ere.

Emakumeak ez bezala. Eta bestela pentsa ezazue hain arrunta den egoera honetan: Zu lasai zoaz zure autoa gidatzen eta bat-batean beste batek aurreratu egiten zaitu bere bizia arriskuan jarriz eta bide batez zurea... Zu emakumea bazara, ziurrenik, «pikutara joan hadi!» edo «akatuko ahal haiz!» pentsatuko duzu eta zure bidea lehen baino arreta handiagoaz segituko duzu. Baina gizona bazara, ai ama, orduan zure eskubiko oina beheraka joango da eta «andadios» abiatuko zara atzetik. Bere bila, borrokarako grinaz.

Horixe da errealitatea, estereotipoetatik eta estatistiketatik at, eta ez da kasualitatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo