GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentziarekiko konpromisoa berretsi dute Laudion milaka gaztek

Independentziaren aldeko indarrak biltzeko xedea zuen Gazte Martxak, iragan ostiralean Untzagan lehen urratsak egin zituenean. Atzo, Laudion, milaka eta milaka gaztek herri hau askatzeko aldarrikapenean aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten. Goizean heldu ziren Aiarako herri horretara mendi martxan parte hartu duten bi mila lagunak, eta haiekin batera beste askok eta askok parte hartu zuten arratsaldeko ekitaldian.

Iker BIZKARGUENAGA |

Borrokarako prest baino areago, «borrokatzeko irrikan» daudela adierazi zuten atzo Laudion bildutako milaka gazteek. «Euskal Herria askatzeko bidean urrats geldiezinak egiten jarraitzeko» gogoz daudela, alegia. Izan ere, Gazte Martxako ekitaldi politiko nagusian hitza hartu zuten lagunek nabarmendu zutenez, «garaipena hor daukagu, begien aurrean». «Bidean erori diren gudari guztiek argitu digute bidea, eta zor diegu, maite ditugulako, independentziara martxan gaudelako, izarra begi-bistan dugulako, eta herri hau independentziara eta sozialismora gazteria honek eramango duelako», adierazi zuten.

Arratsalde-partean izan zen hori. Goiz-partean, iragan ostiralean Untzagatik abiatutako bi mila gazteak Laudiora iritsi ziren, zanpantzarren doinuak eta adarraren hotsak irekitako bidean. Lokatzez beteta eta nekatuta, baina pozik iritsi ziren Herriko Plazara, eta txalo artean hartu zituzten bertan zain zeuden ehunka lagunek.

Udalbiltzak deituta, Aberri Eguneko ekitaldia egin behar zuten leku horretan, eta gazteek ez zioten hitzorduari hutsik egin. Plazan sartu eta beherala independentziaren aldeko oihuak nagusitu ziren. Euskal preso politikoak eta Justizia espainolak legez kanpo utzi dituen gazte erakundeak gogoan izan zituzten bildutakoek. Gazteek eta helduek.

«Mendi martxie, zoragarrie!»

Askok lurrean esertzeko hautua egin zuten, hiru egunez zigortutako oinei atseden emateko. Umorea eta giro ona, dena den, goian mantendu zuten uneoro.

«Mendi martxie, zoragarrie!». Azken hamarkada luzean milaka eta milaka euskal gaztek oihukatu duten esaldi jator eta ezaguna Laudion ere errepikatu zuten Aiarako parajeak goitik behera korritu dituzten gazteek.

Eusko Gudariak abestuz bukatu zen Aberri Eguneko ekitaldia, eta jarraian, herrian barreiatu ziren denak. Asko zorroaren bila joan ziren lehen-lehenik; beste zenbaitzuk, aldiz, nahiago izan zuten eztarria freskatu, Laudiok dituen hamaika tabernatako batean.

Ekitaldi politikoa 20.00etan zen, baina ordura arte, kale animazioak herriko kaleak hartu zituen. Gazte azokak, erakusketek, eta musikak ere lekua izan zuten. Eta, gosea asetzeko, herri bazkarian bildu ziren guztiak.

Kalejira batek ekitadirako bidea markatu zien, eta behin karpa erraldoira heldu zirenean, txalapartaz, adarraz eta bideo emanaldiz girotutako solasaldia arretaz entzun zuten bertara heldutako milaka lagunek.

Hitza hartu zuten eledunek, eta mezu bana igorri zieten «euskal gazteok terroristak garela esaten duten guzti horiei».

Miguel Sanz eta berak zuzentzen duen UPN alderdia izan ziren gazteen berben lehen helburua. Horiei leporatu zieten «inoiz bozkatu ez duten amejoramendua blindatzeko Madrildik milaka fatxa eta bandera espainol» ekarri izana, eta adierazi zuten badela garaia «Nafarroak hitz eta erabakiaren bidezko ariketa demokratikotik bere izaera propioa berreskuratzeko».

«Bukatu zaizue garaia»

«Espainia kautibatu» nahi omen duen EAJri eta Josu Jon Imazi gogora ekarri zieten azken hamarkadetan alderdi horrek hartutako hainbat erabaki, eta Txiberta, Lemoiz edo Leitzaran izenak entzun ziren karpan. EAJri galdetu zioten, gainera, gaur egun ««mahai gainean dauden aukeretatik» zein izan den bere hautua.

Euskarak eta euskal hezkuntzak bizi duten egoera; Jon Jauregi, EAJren Gipuzkoako hautagai ohiaren afera; torturatuak; preso dauden gazteak; azken urteotan hildako euskal militanteak... gai asko jorratu zituzten segidan hizlariek.

«Zuei, EAJri, Euskal Herriaren eskubideen aldeko defentsa negozioaren ateraino bakarrik iristen zaizuen horiei, boterean jarraitzeko garaia bukatu zaizue», aipatu zuten ondoren, Jacques Chirac eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gainean aritu baino lehenago.

Presidente frantsesari esan zioten «Frantzia ere leporaino sartuta» dagoela gatazkan. Are gehiago, «Frantzia da gatazka». Alde horretatik, Estatu frantsesak gatibu dituen euskal presoak edo bertako poliziakideek atxilotzen dituzten euskal herritarrak gogora ekarri zituzten.

«Mahai gainean duzue konponbiderako proposamena», aipatu zuten jarraian, ezker abertzaleak Uztaritzen aurkeztutako proposamenaz.

Segidan, berriz ere Chiraci eta Zapaterori zuzendu, eta adierazi zuten ez dutela onartuko «gure proiektu politikoaren garapenari etengabe mugak eta trabak jartzea». Izan ere, beren iritziz, proiketu hori ukatzea dago gatazkaren oinarrian, eta «gazteok oso argi dugu gatazka horri hitzaren eta erabakiaren bitartez eman behar zaiola soluzioa».

Eta bide horretan, ezker abertzaleak proposamen bat egin duela nabarmendu zuten. Proposamen «gauzagarria, demokratikoa eta nazionala», gainera.

Horiek hala, EAJk ez duela «ez estrategiarik ez proiektu politikorik» gaitzetsi zuten, eta bere «estrategia bakarra» «bere poltroietan mantentzea» dela. PSOEri buruz, aldiz, alderdi horrek baduela estrategia bat adierazi zuten, «estatu estrategia». «Ez daude prest Euskal Herria aitortzeko eta errespetatzeko, horregatik ez dute hitz egin nahi proposamen politikoez», salatu zuten.

Bukatu aurretik, galdetu zuten ea inork uste duen «herri honetan badaudela aukerak bake bidean aurrera egiteko ezker abertzalearen ordezkaritza errespetatu gabe». «Ez dezala uste», erantzun zioten galderari.

jendetza

Gazte Martxan parte hartu duten bi mila gazteekin batera, Laudioko azken ekitaldian eta kontzertuan milaka eta milaka lagun bildu zen; ekimenari amaiera ezin hobea eman zioten.

«Bagatoz Euskal Herri berria eraikitzera"

Larunbatean Amurrion egindako ekitaldi politikoan, hauteskunde demokratikoen alde sinatzeko deia egin zuten Gazte Martxan parte hartu duten milaka gazteek, eta atzo ere, Laudioko karpa erraldoian, heldu den maiatzean izango diren hauteskundeak izan zituzten hizpide. «Gu hauteskundeetan egongo gara; indarrak askatuko ditugu herrietan, eta prozesu demokratikoaren alde egongo gara», jakinarazi zuten hitza hartu zuten gazteek.

Alde horretatik, «zinegotzi lapurrei, alkate etsaiei, lau urte hauetan nahi izan duzuena egin duzuenoi, gaztetxeak bota dituzuenoi, gure kontura aberastu zarenoi» zuzendu, eta hau adierazi zuten: «Bagatoz, bagatoz berriz zuek poltroietatik botatzera, bagatoz Euskal Herri berria eraikitzera».

«Gaur hemen bildutako beroa, indarra eta grina askatu behar dugu. Poltronero, kunetero faxista horiek guztiak boteretik bota, hauteskundeetan muturreko galanta eman, eta Euskal Herriaren askapen bidean urrats geldiezinak egiten jarraitzeko», adierazi zuten hizketaldia bukatu aurretik. I.B.

«izar gorri asko"

Ekitaldian esan zuten: «Euskal Herria uharte bat da estatu zapaltzaileen artean, izar gorri bat, herri aske bat. Baina ez gara bakarrak, uharte asko, izar gorri asko daude munduan». Eta horietako batzuk Laudion izan ziren.

egun guztian

Gazte Martxa eguerdian heldu zen helmugara, baina egun guztian kale animazioa, azoka, erakusketak, musika eta hainbat ekimen egon ziren herriko txoko guztietan.

kalejirA

Ekitaldia baino lehen, Laudioko kaleak gaztez bete ziren, kalejira koloretsu eta ikusgarri batek bidea ireki baitzien bildutakoei. Herensugeak ere hurbildu omen ziren Aiarako herri horretara.

Irati Mujika: «Lortu dugu indarrak biltzea independentziaren bidean aurrera jarraitzeko"

Gazte Martxa 07ko antolatzaile lanetan aritu da Irati Mujika. Ez zaizkio oztopoak falta izan gazte-ekimen jendetsu horri hasiera-hasieratik, baina azken egunean GARAri egindako adierazpenetan, lortutako emaitzarekin pozik agertu da gaztea.

«Ostiralean abiatu eta gaur -atzo- arte, bi mila gazte inguruk parte hartu du Gazte Martxan», nabarmendu du Irati Mujikak, eta helburua «independentziaren bidean jarraitzeko indarrak biltzea» zela adierazi ostean, xede hori lortu dutela esan du.

Bildutako gazte kopuruagatik eta aurrera eramandako egitarauagatik, gustura zegoen, eta azaldu du aurten apustu handia egin duela gazte mugimenduak ekimen horren alde. Irabazitako apustua, edonola ere.

Ostiralean bertan, gainera, Guardia Zibilak hainbat kontrol ezarri zituen Untzagarako bidean, eta bertara zihoazen ehunka gazte atxiki eta miatu zituen. Horren gainean galdetuta, Mujikak aipatu du badakitela «herri honetan ez direla denak gure aldekoak», baina oztopoak oztopo, zalantzarik gabe esan zuen «aurrera egiten jarraituko» dutela.

Euskal Herriko gazte mordoa bildu da azken egunotan Aiara aldean, baina beste herrialdeetatik ere bertaratu dira gazteak. Alde horretatik, Mujikak gogorarazi du aurreko hilabetean Europako hainbat herrialdetan egon zirela euskal gazteak, bertako gazte mugimenduekin harremanak sendotzeko, eta bira hori aprobetxatu zutela Gazte Martxarako gonbita egiteko.

Etorkizunera begira, Euskal Herriko gazte mugimenduak «independentzia aldarrikatzen» jarraituko duela ziurtatu zuen Mujikak, eta salatu zuen aukera politiko hori, independentziarena, alegia, «gaur egun ukatuta dagoen aukera» dela, eta horrek sortzen duela, hain zuzen, herri honek pairatzen duen gatazka politikoa.

«Guk dioguna da beharrezko urratsak egin behar direla gatazka hau konpontzeko, eta horretarako proposamen bat badago mahai gainean», azaldu zuzen. Alde horretatik, ezker abertzalearen proposamen horrek Euskal Herrirako esparru demokratiko bat planteatzen duela nabarmendu zuen, eta euskal gazteriak horrekin bat egiten duela adierazi zuen. I.B.

Nazioarteko ordezkaritzak ere hitza hartu du Laudioko ekitaldian

Sardiniatik, Irlandatik, Kantabriatik, Alemaniatik, Kataluniatik, Galiziatik, Asturiastik, Gaztelatik, Estatu frantsesetik, Kurdistandik... munduko hainbat txokotatik heldutako ordezkaritza batek euskal gazteekin eman ditu egun hauek Aiaran.

Lehen egunean, beren herrialdeetan bizi duten egoeraren berri eman zuten Mendeikan egindako hitzaldi batean, eta atzo Laudion egindako ekitaldian ere oholtzara igo ziren.

Denek ezin izan zuten egon, ordea; Palestinako gazteei ez baitiete utzi Euskal Herrira etortzea.

I.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo