GARA > Idatzia > Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko lehiaketa

Faboritoek ez dute hutsik egin, eta ligaxka fasean egongo dira gehienak

Fausto Mugertza da kanpoan geratu den bakarra, gerrian min hartu baitu

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Faboritoek ez zuten hutsik egin, eta, salbuespenen bat kenduta, espero ziren aizkolari ia guztiek Urrezko Aizkoraren ligaxka fasean lekutxo bat aurkitu dute. Azurmendik, Peñagarikanok, Arria V.ak, Rekondok eta Arrospidek txartela eskuratu dute asteburu luze honetan.

Modu horretan, A Multzoa Nazabal, Arria V.a eta Rekondok osatuko dute; B Multzoan, Olasagasti, Azurmendi eta Lopez Azpilikueta neurtuko dira; eta C Multzoan, Larretxea, Arrospide eta Peñagarikano egondo dira. Fase berri horri Zumaian ekingo diote datorren apirilaren 22an, eta hiru multzoburuek finalerdietako sailkapena lortuko dute zuzenean. Laugarren lehiakidea bigarren sailkatuen arteko kanporaketatik irtengo da.

Azurmendi eta Peñagarikano

Lehen bi kanporaketak ostiralean jokatu ziren Legorretan, eta, bertan, Iñaki Azurmendi eta Joxemiel Peñagarikanok lortu zuten hurrengo faserako txartela. Azurmendik alde handirik gabe menderatu zuen Joxe Ugarteburu denborei dagokienez, baina lau probatatik -kolpeka, erlojuaren aurka enbor bakarrera, zutikakoa zeinek lehenago moztu eta hiru enborretako lana- hirutan garaile irten zen. Ugarteburuk zutikakoa irabazi zuen.

Bigarren kanporaketan, Peñagarikanok errazegi hartu zuen mendean Jexuxmari Lasa. Apostua prestatzen dabilela-eta, ba omen zen Legorreta aldean Lasaren lana ikusteko grina, baina ostiralean oso irudi eskasa eman zuen. Peñak lau probetan menderatu zuen eta oraindik ere aizkora lanetan bere aurkaria baino dezente gehiago dela erakutsi zuen.

Ezustekoak eta lesioak

Larunbatean Arria V.ak Daniel Vicente kanporatu zuen Urrotzen asteburuko kanporaketarik berdinduenean. Kolpekako proban 32ra berdindu zuten eta azken probara 40 bat segundoko aldearekin bakarrik iritsi zen Vicente. Azken lanean, ordea, Arriak buelta eman zion egoerari, eta sailkatzea lortu zuen.

Atzo, azkenik, Fausto Mugertzak 28. kolpean gerrian min hartu zuen Uharteko proban, eta mutrikuarrak ezin izan zituen lanak amaitu. Rekondok, ezustean, sailkatzea lortu zuen. Baina arazoak ez ziren hor amaitu. Uharten bertan 23 urtez azpikoen mailan jokatu beharreko lehia bertan behera gelditu zen Gorriti III.a min hartuta dagoelako. Amillanok aurrera egingo du, beraz.

Arratsaldean, Apellanizen jokatutako lehian, Arrospidek sekulako erakustaldia eman zuen eta bide azkarrenetik kanporatu zuen Barberena. Arrospidek lau probak irabazi zituen eta lehiaketara sasoi onean iritsi dela erakutsi zuen.

Erakustaldiak

Argi geratu da Azurmendi, Peñagarikano eta Arrospide sasoi onean iritsi direla lehiaketara, eta hurrengo fasean ere lanak emango dituztela.

GAZTEAK

18 urtez azpikoen mailan Garikoitz Larretxeak eta Alejandro Mindegiak garaipen onak eskuratu zituzten Juan Rodriguez eta Erasunen aurka, hurrenez hurren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo