GARA > Idatzia > Mundua

Uranioa aberasteari era industrialean ekin diola iragarri du Iranek

Uranioa aberasteari era industrialean ekiteko ahalmena lortu duela iragarri zuen atzo Irango Gobernuak. Maiatzerako 3.000 zentrifugagailu martxan izango dituela aurreratu eta inork ez duela geldiaraziko ohartarazi du bere burua indartsu ikusten duen Ahmedinejad presidenteak. Atzemandako soldaduen krisialdia amaitu arren, egoera ez da baretu Britainia Handian. Beren «istorioak" kontatzeagaitik kobratzeko baimena eman die marineei Gobernuak.

GARA |

«Iranek era industrialean uranioa aberasteari ekin diola ospatzeko bildu gara hemen», iragarri zuen Indar Atomikoaren Erakundeko zuzendariak, Gholam Reza Aghazadeh-k, atzo Natanzeko planta nuklearrean.

Indar Atomikoaren eguna ospatu zuten atzo irandarrek. Iazko apirilaren 9an erregai nuklearra produzitu ahal izateko (%3,5a arte) uranioa aberastea lortu zuela iragarri zuen Teherango Gobernuak.

Atzo, berriz, pausu berri bat iragarri zuen Aghazadeh-k, Mahmud Ahmedinejad Irango presidentea alboan zuela. Bide batez, zentrifugagailuak era masiboan produzitzeari ekingo diotela iragarri zuen zuzendariak. Otsailaren erdian bi zentrifugagailu talde martxan zituela iragarri zuen Gobernuak, eta beste bi ia osatuta zituela nabarmendu zuen. Orain, berriz, bi hilabeteren bueltan, maiatzerako, 3.000 zentrifugagailu Natanzen martxan jartzea espero du erregai nuklearra era industrialean produzitzen hasteko.

Bonba atomiko baten lehen osagaiak lortzeko, esaten dute behin eta berriz arsenal nuklear izugarriak dituzten Mendebaldeko potentziek. Ameriketako Estatu Batuek bultzatuta, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak hiru ebazpen onartu ditu azken hilabeteetan Irani uranioa aberasteari utz diezaion eskatzen.

«Gure herriak azkenera arte defendatuko ditu bere eskubideak», ohartarazi zuen atzo Natanzen Ahmedinejad presidenteak. «Iraganean zientzia arloan aitzindari izan da gure aberria eta ez du inolaz ere potentzia handi bezain basatiek bere garapenari oztopoak jartzea, nazioarte komunitatean duten eraginaz baliaturik», azaldu zuen Ahmedinejadek eta irandarrek beren historia luzea dela eta duten harrotasuna ikutu zuen.

Duela egun batzuk aurreratu zuen presidenteak programa nuklearraren inguruan «berri on bat» laster iragarriko zuela. Eta horrela egin zuen atzo, bere etorkizun politikorako borobila izan den astearen bukaeran. Izan ere, indarberrituta atera da Ahmedinejad espioi-lanak egiten ari ziren britainiar marineak atzeman eta ondorioz sortu den krisialdia nola konpondu duen ikusita.

Britainia Handian hikamika

Britainia Handian, ordea, ez da giro. 11 egunez Iranen esku izan ziren soldaduek prentsari elkarrizketak ematen hasi dira, hori bai, ondo baino hobeto kobratuta. Lehena Faye Turney emakume bakarra izan da eta Irango Poliziaren eskutik tratu txarra salatzeagaitik 150.000 euro sartuko ditu patrikan.

Oposizioak eta Armadako hainbat agintarik beren «istorioak» saltzeko baimena eman izana salatu dute. Tony Blairren Exekutiboa, ostera, Iranek maisuki erabili duen propaganda-gerrari aurre egin beharrean ikusi omen du bere burua. Neurri arriskutsua da, ordea. Ze motako istorioen aurrean geundeke Iraken eta Afganistanen dauden soldaduak elkarrizketak emateari hasiko balira?

AHULTASUNA

NBEren aurrean AEBetako enbaxadore ohi John Boltonen iritziz, Iranek Britainia Handiko ahultasuna begi-bistan utzi du atzemandako soldaduen krisialdia dela-eta. Washingtonek irtenbide militar bat proposatu zion Londresi Irani presioa egiteko.

ezintasuna

Irango telebistak jakitera eman duenez, Guardia Iraultzailearen general batek ez du inolako arazorik izan Errusiara bidaiatzeko. NBEren Segurtasun Kontseiluko ebazpena dela-eta, Mohamed Baqer Zolqadr generala ezin da atzerrira irten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo