GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Al Qaedaren Al Andalus

Elezaharrek esaten dute musulmanak penintsulan sartu zirenean Euskal Herrian zegoela orduko errege bisigotoa, baskoiekin borrokan. Egia esan, garai hartan gertatutakoa erabat mitifikatuta ikusten da oraingoz, nazionalismo espainolak historia birtuala idatzi baitu Espainia betidanik esistitu dela aldarrikatzeko. Oraingoan ere, Al Qaeda izena hartzen duen fenomeno korapilatsuaz informazio kontrajarriak jasotzen ditugu, eta ez dakigu oso ongi zeren aitzin gauden. Badakigu, berriz, musulmanen artean zabaltzen dela inperialismoak sortutako egoneza, eta tokian tokiko klase politiko ustelaren aurkako mugimenduak indartzen direla nonahi. Laguntza humanitarioaren aitzakiaren azpian egiten diren operazio militarrak gero eta gaitzetsiagoak dira munduan zehar, bereziki musulmanen artean. Estatu espainolean nahasi da esku-sartze horietako batzuetan, eta Iraketik atera den arren, tropak ditu Afganistanen eta Libanon. Gauzak horrela, duela hiru urte Madrilen ikusi genuen bezala, estatu espainola eraso armatuen helburu izan da eta, ziurrenik, orain ere bada. Horrelakorik esan dute Mahgreben egindako atentatuak beren gain hartu dituztenek, eta ez dirudi aipamen horiek txantxa gisa hartu behar direnik. Bestalde, oso esanguratsua da Al Andalus aipatu izana. Konkista-birkonkista ideia horietara itzuli nahi ala ez, erreferentziak (behin baino gehiagotan agertua) pista bat ematen digu. Pentsatzekoa da bide horretatik etor daitezkeela eraso berriak, honenbestez.

Egoera honetan, agintari espainolaren batek gaurkotu beharko luke mehatxuen azterketa. Aljer eta Casablanca ez daude urrun, eta ergelenak ere ikus dezake oraingoa ez dela Euskal Herriarekiko jarrera gehiago ozpintzeko unea. Estatuak ez dauka B planik, besterik sinestarazi nahi digun arren: errepresioa ez da aukera bat. Oso harro dabil gobernu espainola prozesua hausteko asmoa aldarrikatzen, atxiloketak egiten, bide legalak ixten, eta abar. Finean, gure herriari bide legal guziak ixtea beste bideak hautatzeko dei bilakatzen da eta, esan bezala, oraingoa ez da gatazkak pizteko une aproposena. Aurkamendu espirala elikatzea ez da auzia konpontzeko formula emankorra izan iraganean, eta ez da izanen etorkizunean.

Inoiz izan den bakerako aukerarik onena dauka Rodriguez Zapaterok, noiz eta konponketa askoz ere zailagoa duen erronka berria berragertzen delarik!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo