GARA > Idatzia > Editoriala

Zalaparta nagusi antxoaren kanpainan

Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza ministroek iaz hartu zuten erabakiari jarraituta, gaurdanik zientzialariak eta arrantzaleak itsasora aterako dira antxoa harrapatzeko. Izan ere, abenduaren 21ean harturiko neurriak gauzatzea ez dela batere erraza izango aurreikusi daiteke. Berez, itsasontziek antxoa harrapatuko dute zientzialariek espezie horren egoera zein den hobeto aztertu ahal izateko. Ordea, arrantzaldi esperimentala nola egin behar den ez dago batere argi. Bruselak antxoaren kanpaina ixtearen ordez, debekua altxatu eta baldintza batzuetan arrantza onartu zuen. Hala ere, Europako Batasunak ez zuen muga zehatzik jarri kuota zein arrantza moduei buruz. Are gehiago, arrantzaleek antxoa saldu dezakete!

Bruselako jarrerak zalaparta ugari eragin du, eta horretaz mintzatzeko Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek batzarrak egin dituzte asteburuan. Bileren ostean, kofradietako arduradunek, arrantzaldi esperimentala hasi aurretik, «Frantzia iparraldeko itsasontzi bi» antxoa harrapatzera atera direla salatu zuten. Era berean, Bruselako agintariek finkaturiko arauari jarraituz, euskal itsasontziek zientzialariek ezarritako irizpideei lerrotuko direla iragarri dute.

2004ean antxoaren egoera ezin latzago zela jakinarazi zutenetik, euskal arrantzaleak debekua bere baitan gordetzeko azaldu dira. Hala ere, Brusela ez dator bat Kantauriko arrantzaleen jarrera horrekin. Alde batetik, Euskal Herrian erabiltzen den arrantza moldea gutxiengoa da Europan eta oso eragin eskasa du arrantza industrialarekin konparatuta. Bestetik, bi estatuen negoziatzaileek interes propioak dituzte. Brusela nolabait truke politiko zabal horren epailea da, eta kasu horretan argi utzi du frantziarrei eta espainierrei dagokiela antxoaren auzia konpontzea.

Kofradiek haserrea agertu dute espainiar gobernuak erakutsi duen axolagabekeria dela-eta. Hala ere, arazoa ez dago Madrilen edo Parisen; arazoa hurbilago dago. Euskal herritarrek ez dute tresnarik bere interesak Europan buruz buru defendatzeko. Hor dago benetako koska.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo