GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Otso zaharra ehizatzeko ordua

Duela hirurogei urte zendutako Alphonse Gabriel Capone haren aurrekariagatik ez balitz, agian ulergaitzagoa egingo litzaiguke Wolfie gaixoari gertatzen ari zaiona. Baina otso zaharren patua da nonbait: bizitza osoan metatu dituzten etsai guztiak korrika etortzen dira harrika egitera otso-zuloan erori direla jakinda.

Azkenean, huskeria bategatik erori da erori ere Paul Wolfowitz, azken hamarkadetan Estatu Batuetako politikan izan den otsorik otsoena. Huskeria baita bere neskalaguna, amorantea edo eztakit zer denari 193.000 dolar garbiko soldata oparitzea, bien arteko interes nahasmenak ekiditearren hura Mundu Bankutik AEBko Estatu Departamentura (non Condoleezza Rice idazkariak gutxiago irabazten baitu... zergak ordaindu aurretik ere) joan zedin. Huskeria potoloa, baina huskeria.

Askoz larriagoa zen, adibidez, vaudeville hau guztia sortzen duen izendapena bera. Esaten da sekulakoa izan zela Blairren haserrealdia Irakeko desastrearen antolatzaile nagusia duela bi urte Bushek izendapen honekin saritu zuenean (bera, aldiz, Downing Streeteko 10.etik nola atera beharko duen kontuak ateratzen hasita zegoelako, agian). Mundu Bankuko lehendakaria izendatzea Estatu Batuen eskumena dela deritzon usadioari, eta ez beste ezeri esker iritsi baitzen Wolfowitz egun duen postura. Hura Pentagonotik aldendu eta militarrak, Bakerren sokako errealistak eta gainerakoak pittin bat asetzeko beste modurik ez zuela aurkitu Bushek, da seguruenik arrazoirik ziurrena. Okerrago atera da Rumsfeld, geroxeago. Eta zer esanik ez Lewis Libby kuttuna arestian. Orain jada ez baita gozokirik ere geratzen Bushenean.

Baina Irakekoa bera ere, traiektoria luze baten gailurra baino ez zen Wolfowitzen kasuan. Berak jaulki zuen, 1992an, hamar urte geroago Bush II.ak bere egingo zuen unilateralismoa eta "aurrea hartzeko erasoen" dotrina. Eta are lehenago, bera izan zen enbaxadore Suharto hits ustelaren agindupeko Indonesian, diktadorearekiko lausengua besterik ez zuenean, eta haren desmasiarik latzenak zuritu ez ezik bultzatu zituenean. Eta...

Orain zuloan erori da Wolfowitz. «In gold we trust» fedea argiegi erakusteagatik, ez ia beste ezergatik. Harrikariak ez zaizkio faltako, apustu. Gainera, Mundu Bankua, bere maileguen kudeaketan zuzentasun eskariak biderkatzen ari den unean sutu da afera. Otsoen akabera, Wolfierena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo