GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Manu Odriozola eta Iker Otermin «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kideak

AHTrik ez, kapitalismorik ere ez!

AHTren proiektuak argi erakusten du Estatuaren klase izaera burgesa. Kapitalaren interesak gizarteko arlo guztietan gailentzen dira

EAJko, EAko, EBko, PSOEko, PPko, UPNko, UMPko, PSFko politikarien eskuetan dauden administrazioen asmoa Euskal Herrian 440 kilometro inguru AHT eraikitzeko proiektua dute datozen urteotan eta herritarren arazoak, hau da, ingurumenaren, nekazaritzaren, garraioaren, pobreziaren, etxebizitzaren... inguruko arazoak konpondu beharrean, handituko dituzte. Banku handiak, multinazionalak, energia, eraikuntza eta arloko enpresariak, ingeniaritza eta proiektu-kabineteak, herri-lanetako makinak alokatzen dituztenen interesak administratzeko eta defendatzeko politika egiten dute. AHTren alde daude kapitalisten interesak herritarren beharren gainetik jartzen dituztelako.

AHTren kalteak asko dira. Haren eragin ekologikoa izugarria izango litzateke. Besteren artean, Euskal Autonomi Erkidegoan 600 hektarea baino gehiago lur okupatuko lituzke, eta tuneletatik ateratako hondakinek 518 hektarea zabortegi bihurtuko lituzkete; barrera efektu eta zarata handia sortuko luke; energia kontsumoa biderkatuko luke; zentral termikoak edo nuklearrak eta harrobi berriak beharko lirateke... Hau guztia zertarako? AHTk garraioaren arazoak ere ez ditu-eta konponduko, modu esanguratsuan autoak eta kamioiak errepideetan ez baititu murriztuko. Baina, hori bai, hiriburuen arteko lotura azkarra ahalbidetuko luke, herriak eta eskualdeak baztertuta. Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik garestiena da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan AHT eraikitzeko 6.000 milioi euro inguru beharko lirateke, hau da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak azken 24 urteotan izan duen aurrekontuaren parekoa. AHTn egingo den inbertsio ahaleginak gizarte gastuetara bideratuko den diru kopurua gutxituko du eta, hala, gizarte desberdintasunak areagotuko. Bestalde, instituzioetatik herritarrek ez dute informaziorik jaso eta, ez dute erabakitzeko eskubiderik izan. Horregatik, AHT inposizioaren sinonimo da.

Zertaz ari gara, ordea? AHTren proiektuak, argi baino argiago erakusten du Estatuaren klase izaera burgesa. Klase kapitalistak agintzen du egungo merkatu globalizatuan. Kapitalaren interesak gizarteko arlo guztietan gailentzen dira eta gobernatzen duten politikariak haien ordezkari finak dira. Gutxiengoan dagoen klase parasito batek langile klasearen (gehiengo zabalaren) gainetik agintzen du, eta haren lanetik aberasteaz gain, bizi baldintzak, lanpostuak, etxebizitza, ikasketak, ingurugiroa... merkatuaren eta interes pribatuen menpe jartzen ditu. Beharrezkoa da borroka horrekin auzitan jartzea egungo jendarte eredua, ekonomia kapitalista eta «demokrazia».

AHTri masek erantzun sendoa ematea garrantzitsua da. Gaurko egunean, AHT bada, biharkoan beste proiektu faraoniko bat, pribatizazio gehiago edo deslokalizazioak izango dira. Ezinbestekoa da kapitalistak desjabetzea eta ekonomia nazionalizatzea, herritarren beharren arabera planifikatzeko. Guztientzat bizi-baldintza duinak bermatzea, zapalkuntza guztiekin amaitzea, ingurumenaren mugak errespetatzea... posible da produkzioa, aberastasuna, teknologia eta zientzia langile klasearen eskuetan jartzen badira, hau da, gizarte sozialista bat eraikitzen bada.

AHTren obrak Arabako Luku herrian hasita daudenean, zenbait herritan bultzatu dituzten AHTren inguruko herri-galdeketetan azpiegitura horren aurkako iritzia erakusten dute herritarrek. Garrantzi handikoa da borroka horretan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea mobilizazio, galdeketa nahiz bestelako ekitaldietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo