GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Kirolez blai

Ines INTXAUSTI
Telebista kritikaria

Kaixo Ines: Ez naiz feminista sutsua, baina batzuetan sutu egiten nau sistema honek ezarritako arau ezkutuekin jokatu beharra izateak. Kirolaz ari naiz. Zenbat kontu mugituko ote dira kirolaren inguruan, bere baitan, bere atzean eta bere «gainean»?

Erregearekin hasiko naiz; futbola, nola ez. Modan dago futbola gorrotagarria dela esatea, baina niri gustatu egiten zait. Batez ere, gizonezkoena. Askoz arinagoa da, azkarragoa, teknikoagoa, ikusgarriagoa... Eta hala behar du, kobratzen duten guztiaren erdiaren erdia nahikoa eta sobrea dutelako ikusgarritasun horren alderdi guztiak lantzeko etengabe, egun osoz beharrezkoa baldin bada ere.

Eta ez badute hori lortzen... krisiaz (ze krisi, letxe!) hitz egin behar al da? Edo beste zerbaiti buruz? Psikologoaren laguntza izaten dute. Baita botilleroarena ere. Baloiak jasotzen dituztenena ere bai, noski. Baita kazetariena ere. Familiarena ere izango dutelakoan nago. Eta, gainera, ikusleena ere eskatu egiten dute. Gehiegi eskatzea ote den, horixe da nere susmoa. Ikusleen babesik gabe ez omen dira ezertxo ere ez. Kaka zaharra! Ixil-ixilik egon behar emakumezkoak! Eguneroko lana amaitu eta zelaira joaten direlako entrenatzera, batek daki gaueko zein ordura arte, eta masajea nahi baldin badute larunbatean izan beharko, edo igandean.

Eta emakumezkoen futbola hain arina ez bada ere, eta ezta hain azkarra ere, ikusgarria gertatzen da, jokaldi ederrak burutzen dituztelako. Eta hori poltsikoak betetzeko motibaziorik izan gabe, kazetarien laguntza eskasa izanik, ordutegiaren kontrako norabidean derrigor ibili beharra izanik... Feminista sutsu, neurekoi eta aldarrikatzaile bihurtzen ari naiz. Ni ere sistema naizelako. Eta sistema aldatzeko gai ez naizelako, indarrik gabe nagoela sentitzen dudalako, kirol guztietan aritzen diren emakume guztiak bezala. Salbuespena, Estitxu Fernandezek ematen dion indarra etxeko telebistari. Eta, noski, beti hor, itzalpean garaipenak lortzen dituen Akaba Bera-Bera taldea. Nonbaitetik hasiko al gara indartzen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo