GARA > Idatzia > Pilota

PILOTA Buruz Buruko Txapelketa

Juantxo Kokak bikain baliatu ditu Zearraren gabeziak

Pilota asko luzatu zuen eta atzelari bizkaitarrak ikaragarri sufritu zuen airez partidari eusteko

KOKA 22
ZEARRA 12

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Juantxo Kokak bere bigarren garaipena lortu zuen Oier Zearraren aurka Bergarako Udal Pilotalekuan eta final-zortzirenetan Patxi Ruizen aurka jokatzeko txartela eskuratu zuen. Modu horretan, Altzako aurrelariak lehiaketa oso ona osatuko duela ziurtatu du eta hurrengo urterako izena berriz ere mahai gainean ipinita utziko du.

Gipuzkoarra, ordea, ez zen batere ongi sartu partidan eta lehen hamar tantoetan oso irudi kaxkarra eman zuen. Oier Zearrak egin zituen lehen zortzi tantoetatik sei, sakez sartu zizkion Juantxo Kokari. Eta ez, preseski, atzelari bizkaitarrak gehiegi behartu zuelako. «Ez dakit urduritasunagatik izan ote den, baina ez zitzaidan pilota eskuan sartzen eta oso gaizki hasi naiz. Entrenamenduetan oso ongi errestatzen ibili naiz, baina gaur ez dut batere asmatu. Pilota ez zitzaidan eskuan sartzen», adierazi zuen Kokak neurketaren amaieran.

Lehen jokaldiak ezusteko fruitua eman zion Zearrari eta, konturatzerako, 2 eta 8 aurreratu zen markagailuan. Baina ikusten zen emaitza nahiko engainagarria zela hura, Koka oso oker ibili zelako lehen zati horretan, eta partida aurrera joan ahala indarrak parekatzen hasi ziren Bergarako kantxan. «Aurreratu naiz bai, baina ez nire merituagatik, Kokaren hutsei esker baizik», deskribatu zuen Bizkaiko pilotariak.

Airez, hutsunea

Baina Kokaren jokoak arrisku bikoitza du. Artista da tantoa aurrean amaitzen eta, beraz, aurkariak oso aurrera joan behar izaten du balizko dejada zaintzera. Eta hori eginez gero, atzera jotako pilotakadak eramatea oraindik eta zailagoa bihurtzen da. Are gehiago, Zearrari geratzen zaion moduan, airez jokatzeko gaitasun handirik ez duen pilotarien kasuan.

Sakea berreskuratzearekin batera, Koka goitik behera agintzen hasi zen. Eskubiz pilota dezente luzatzen zuen eta Zearrak airez ezin izan zituen pilota horiek frontisera eraman. Horrela, eta sakea gehixeago baliaturik, lortu zuen gipuzkoarrak partida berdintzea (11-11).

Partidako bizpahiru tanto piloteatuenak orduan iritsi ziren, eta baita neurketako tantorik ikusgarrienak ere. Koka 12-11 aurreratu zen oso urrutitik egindako dejada ikusgarri bati esker, eta Zearrak 12na berdindu zuen beste dejada polit batekin. Bazirudien norgehiagokak amaiera parekatua eta emozionantea izango zuela.

Kokaren erakustaldia

Oier Zearra nabarmen behera etorri zen neurketaren bigarren zatian eta Juantxo Koka zuzen-zuzenean 22ra joan zen hamar tanto segidan egin eta gero. Harmailetara begira, gainera, hain bereak dituen hiruzpalau tanto egin zituen: bi pareta ederra 16-12koan, bi paretaren ostean pilota moztuta 18-12koa, beste dejada eder batekin 21-12koa edota Zearrari pilota buruz gain pasata 22-12koa, azkena.

«Uste dut Oierrek beldurra ziola nire dejadari eta oso aurrera etorri da. Atzean min egin diot, pilotari altuera handia ematen nion eta bigarren zatian ongi ibili naiz. Patxi Ruiz... orain hiru bat aste eskuko minarekin zebilela badakit baina ez dakit orain nola egongo den. Edonola ere, manomanista natoa da eta zaila izango da niretzat irabaztea. Baina bi partida irabazita lasai irtengo naiz kantxara eta saiatuko naiz ezustekoa ematen», amaitu zuen Kokak.

 

AZKENA

Gaur jokatuko dute Agirrek eta Olaizola I.ak final-hamaseirenetako azken partida Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jaialdia 16.30ean hasiko da eta kanporaketa gainditzen duenak Patxi Eugiren aurka jokatuko du final-zortzirenetan.

FRONTIS

Fernando Arretxek irabazi zuen Frontisek antolatzen duen Buruz Buruko Irekia. Amurrion jokatutako final handian bi jokotan (10-8 eta 10-5) hartu zuen mendean Jorge Nagore. Lehiak 325 pilotakada izan zituen 45 minutuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo