GARA > Idatzia > Futbola

CFA Maila Saint Jean

Lestagek erabaki du Angeluko derbi aspergarria

Genetsen oinetan izan zen baloia ia norgehiagoka osoan, baina baionarrek, kontraerasora jokatu eta ederki aprobetxatu zuten izandako aukera bat puntuak Lapurdiko hiriburura eramateko

GENETS 0
AVIRON 1

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek bereganatu zuen atzo Angelun jokatu zen euskal derbia, eta zuri-urdinek Ligako bi neurketak irabazi egin dizkie Genetsekoei. Ezuste handi samarrak eman zituen atzo Pochat entrenatzaileak, jende gazteari eman baitzien jokatzeko parada. Horien artean, Giron, Junqua eta Boucay nabarmendu behar dira, hirurak 18 urtekoak. Lehenengoa hastapenetik aritu zen, eta besteak bigarren zatian.

Norgehiagoka ez zen ikusgarria izan, eta lehen zatia oso txarra eta aspergarria izan zen. Lehen 45 minutuetan aukera bakar bat izan zen eta bere lehen minutuan izan zen, baina Hecklyren jaurtiketa kanpora joan zen.

Hortik aurrera, Genetsek izan zuen baloia oinetan, baina ezin zuten aukerarik egin, Avironen are ingurura heltzen zirenean amaitzen baitziren etxekoen indarrak. Aviron, aldiz, kontraerasora jokatu nahi zuen, baina horiek ere ezer gutxi egin zuten. Aipagarriena, Giron gaztearen jokaldia izan zen. Angeluko hiru jokalarrii ihes egin eta gero, bere erdiraketa ezerezean geratu zen.

Bigarren zatian, neurketa ez zen askoz hobea izan, baina partida irabazteko gogo gehiago ikusten zitzaien bi taldeei. Berriro ere, Genets izan zen nagusi berdegunean, edo haien oinetan izan zen baloia denborarik gehienean.

Hori-berdeen aukerarik garbiena laugarren minutuan heldu zen. Hekclyk falta bortitz bat atera zuen, eta baloia Boueten atearen zutoinean jo zuen, baina aldaratzearen zain inor ez zegoen, eta Pochaten taldeko jokalariek baloia urruntzea lortu zuten.

Lau minutu geroago, Lestageren erantzuna etorri zen, baina jokalari zuri-urdinaren jaurtiketa kanpora joan zen. Genetsek apurka-apurka goruntz egin zuen, eta Elouarik aukera ederra izan zuen etxeko taldea aurretik jartzeko, baina bere burukada kanpora joan zen.

Genetsek nahi zuen, baina ezin zuen baionarren atzealdea gainditu. Hiriburukoak, kontraerasora jokaturik ezusteren bat eman nahi zuten, eta gola heldu aurretik bi aukera on izan zituzten. Lehenengoan, Sautien errematea kanpora joan zen gutxigatik, eta bi minutu beranduago, Lestagek gauza bera egin zuen.

Derbia amaitzeko bost minutu geratzen zirenan, Lestagek area kanpotik jaurti, eta baloia Cherreauren ate barruan utzi zuen. Hortik aurerra ez zen ezer gehiago izan, eta puntuak Baionara joan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo